2012-11-28

Azken ordukoa!


Deustuko Unibertsitatean iskanbila izugarria sortu da. Pertsona talde batek unibertsitateko WiFi-a "hackeatu" omen du eta sarera konektatuta izan diren gailu guztietako argazkiak hedatu egin dituzte sarean izan diren gainontzeko mugikor gehienetara. Irudi konprometituak omen dira asko.

Unibertsitatearen Twitterreko profiletik adierazi dute (dena gaztelania hutsez) ezbeharra ikertzen ari direla. "Bien bitartean, mesedez, pertsonak mindu ditzakeen informaziorik hedatzen ez laguntzeko" deia egin dute. Sare sozialeko kontuaren kudeatzaileek gertaerak gaitzetsi dituzte, neurriak hartu eta arduradunak bilatuko dituztela ohartaraziz.

Twitterren, espainiar estatu mailan TT gaia da "Deusto" eta, erabiltzaileen arabera, Deustuko Unibertsitatera bertara Ertzaintza gerturatu da. Sei atxilotu omen daude. Irakasle bat tarteko. Guzti hau, noski, bertatik txiokatzen ari diren Twitterreko erabiltzaileen arabera. Aldiz, unibertsitateko kontu ofizialetik aitortu dute atxiloturik ez dagoela, oraingoz.

Dena dela, zurrunbiloa Espainiako komunikabideetara ere iritsi da. Kamera eta mikrofonoak eskutan, gertatutakoaren berri emateko, bertako eta kanpoko kazetariak gerturatu dira Bilboko itsasadar ingurura. EiTB eta 'El Mundo' izan dira berria islatzen lehen komunikabideak. Telebistako hainbat albistegik emango du berria.

Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak prentsaurrekoa eskainiko du eta laster ohar-digital bat argitaratuko du campuseko zuzendaritzak.

(15:00etan eguneratua)