2011-03-27

Elkarrizketa Berrian

JON GOMEZ GARAI. ETB1eko 'Ibil2d' saioko aurkezlea

«Jendea errealitate areagotuarekin kuxkuxean dabilela ikusi dugu»

Larunbatero 'Ibil2d' saioa aurkezten du Gomezek, 21:30 aldera. Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen du programak, eta garapen berezia du Interneten eta sakelakoetan.

Urtzi Urkizu Donostia

ETBko aurkezleen artean gazteena da Jon Gomez (Galdakao, Bizkaia, 1990). Berriketan.info-n idazten du tarteka.

Nondik izan duzu Ibil2d saioa aurkezteko aukera?

Ibilaldiko komunikazio arduradun lanean hasi nintzen. Handik Betizuko ikuskizunak aurkeztera pasatu nintzen. Hamaika Telebistan saio bat aurkeztu nuen. Gero ETBrako Euskal Herriko Pintxo Lehiaketa, Olentzeroren etorrera eta Errege kabalgata aurkeztu nituen. Handik deitu ninduten saio hau aurkezteko.

Telebistan jende gazteari aukerak ematea zilegi izango da, ezta?

Bai, nire ustez aurpegiak aldatu beharra dago. Niri aukera hau eman izana ikaragarria da. Gainera, proiektua asko gustatzen zait. Espero dut nik ondo egitea neure lana.

Zein da Ibil2d saioan duzuen filosofia?

Izenak berak esaten duen bezala, Euskal Herriko ibilbide bat aurkezten dugu astero. 10-12 kilometroko ibilbide errazak dira. Askotan harrotasunez esaten dugu oporretan atzerria ezagutzera goazela, baina gero ez dugu geure herria ezagutzen. Saioa hortik sortzen da, gure herria ezagutarazteko ibilbideak proposatzetik. Interes puntu batzuk azaltzen dira bidean. Eta horien artean pertsona ezagunak ere ager daitezke, ingurua ondo ezagutzen dutenak.

Telebista saioaz harago, proiektuak garapen zabala du Interneten eta sakelako telefonoetan. Errealitate areagotua ere landu duzue. Zertan datza errealitate areagotua?

Sarean presentzia handia du, eta EITBk inoiz egin ez duen apustua dago. Sare sozialen bitartez ikus daiteke saioa. Errealitate areagotua orain arte ez da Euskal Herrian garatu. Interneteko konexioa duten sakelako telefonoen bitartez, doako geruza bat deskargatzen da lehendabizi. Adibidez, telefonoa mendilerro baten aurrean jartzen duzu, eta kamerak detektatu egiten du aurrean duena. Geruzak esaten dizu aurrean dauden mendiak zeintzuk diren. Puntuak geografikoak izan daitezke, baina baita dendak edo jatetxeak ere. Puntu bakoitzaren inguruko informazio gehigarria ere ematen du geruzak.

Errealitate areagotuaren kontu horrek arrakasta izango duela iruditzen zaizu?

Baietz uste dut. Sarean ikusten ari gara jendea kuxkuxean dabilela. Harrera ona izaten ari da. Jendeak esker mezu dezente helarazi dizkigu. Telebista saioak ez digu hainbeste beldur ematen, edonork ikus baitezake. Nahiz eta batzuk gauza arrotz moduan ikusi, hemendik bost urtera, errealitate areagotua jende askok erabiliko du.

Etorkizunean ibilbide horiek hiru dimentsiotan ikusiko dira agian?

Nork daki. Ez dugu hori kontuan hartu, baina posible da. Modan dago hiru dimentsioen kontua.

Gazte hasi duzu telebistako ibilbidea. Madrilen lana eskainiko balizute joango al zinateke hara?

Nire ama hizkuntza euskara da, eta gustura egiten dut lana euskaraz. Gaztelaniaz lana egitea oso arrotza egingo litzaidake. Gaztelaniaz ez naiz ondo moldatzen. Lehenengo euskaraz bizi nahi dut, pentsatzen dudalako konpromiso bat dudala herri honekin eta euskararekin.


Berria egunkarian, 2011ko martxoaren 26an argitaratua.

2011-03-20

Euskaraz aritu nahi duenarentzako webgunea

aritu.eu web orri honetan hainbat esparrutan eta egoeratan euskara maizago erabiltzeko tresna lagungarri batzuk eskainiko zaizkizu. Sarri askotan, euskaldunok euskara ez den beste hizkuntza bat aukeratzen dugu, gure hizkuntzari uko eginez eta norberarengan frustrazioa sortuz. Errealitatea, hala ere, erabat desberdina izan daiteke, eta norberarengan dago errealitate hori hein handi batean aldatzeko giltza. Zuk duzu giltza!

Hizkuntza baten edo beste baten alde egiteko orduan, erabakigarriak dira askotan solaskidearen itxura edota solaskide horrekin topo egin duzun ingurunea eta egoera. Tamalez, aukeraketa hori euskararen kaltetan izan ohi da gehienetan. aritu.eu -k, gure jarrera aldatu eta gure hizkuntzaren erabilera modu naturalean garatzen lagunduko digu, egoera edozein dela ere.

Gure hizkuntzaren erabilera areagotzea du helburu gune honek, eta horretarako trebatzen gaitu, esaterako, komunikazio-estrategiak eta trebetasun sozialak landuz. Egunero bizi ditugun egoerak dira gogoetagai: nola jokatu euskaldunen arteko bilera batean euskara hitz egiten ez duen norbait dagoenean; nola jo ezagutzen ez duzun pertsona batengana; nola saihestu aurreiritziak, etab. Era berean, egoera horien guztien aurrean ditugun portaerak ere islatzen ditu, hala badagokio, oker daudenak zuzentzeko eta erantzun egokiak indartzeko. Hau guztia lantzeko zenbait test eta ariketa eginda, aritu.eu webguneak, lehenengo eta behin, euskararen aurrean egoera desberdinetan dugun jokabide eta jarrerak ezagutu eta horien inguruan hausnartzen lagunduko digu. Ostean, egin ditzakegun test, galdera eta ariketei esker, gure konpromiso-maila aukeratu ahal izango dugu, hau da, noraino iritsi nahi dugun lekua eta egoera edozein izanda ere. Eta aritu.eu –k emango dizkigu hartu ditugun helburuak erdiesteko zenbait baliabide.

Artez Euskara Zerbitzuak garatu du aritu.eu webgunea. Urtebeteko lanaren emaitza da, eta lantalde zabalak jardun du berau garatzen; besteak beste, psikologoak, euskara teknikariak, diseinatzaileak eta informatikariak.


[ Artez Euskara Zerbitzuak Sustatu.com atarian argitaratutako berria ]

2011-03-08

Hurren arte lagunok!

Bizitza honetako bapateko nondik-norakoak eraginda Hamaika Telebista alde batera utzi eta, horrekin batera, neure web atari honek telebista berri honi eskainitako atala ere ezabatu behar izan dut.

Orain, 'Gaztero' saioak Hamaikako web gunean bakarrik izango dituzue ikusgai. Aipatutako atala, Euskal Telebistan aurkezten hasiberri naizen saioari eskaini behar baitzaio, noski!

Hemendik aurrera beraz, ETB-1eko IBIL2D programa ezagutu eta honen berri jaso ahal izango duzue gertu-gertutik, hemen. =)

Eta Hamaika Telebistari, zorterik onena opa diot.

Hamaikak eman zidan esperientzia (bertan denbora gutxi eman banuen ere) itzela izan da eta, asko ikasteaz gain, ikaragarri gozatu dut lanean. Igandero saiotxo bat gidatzearekin hedabide gaztea lagundu nezakeela uste nuen (hori izan nuen helburu behintzat), baina zeharka bada ere, euskaldunak, euskaltzaleak eta, orobat, euskara laguntzen nuenaren sentsazioa nuen. Euskaldunei eta geure hizkuntzan bizi nahi dutenei, euren apeta komunikatiboak asetzeko aukera berriaren parte nintzela uste nuen.

Horixe baita Hamaika Telebista, komunikabide arrunt batek dituen eginkizunetan oinarritzeaz haraindi, euskararen normalizazioaren bidean gogor lan egiten duen talde gaztea. Xumetasunez eta bere txikitasunetik, etorkizun oparoa duen telebista.

Telebista txikia baina proiektu handia.

Esaldi hauetan aipatutakoagatik eta egiteke duzuen lan guztiagatik:
Zorionak eta eskerrik asko Hamaika Telebista!