2011-12-20

Politikariek, krisirik bai?

Espainiako presidente ohia den R. Zapaterok erretiroa hartu du, 51 urte dituela eta hilarteko soldata bermatua. Adibide bikaina espainiar estatuko biztanle guztientzat, besteak beste, erretiroa 67 urterekin hartu behar izatea inposatu duen agintariak eman duena.

Goi-mailako politikariak herritar xumeak bezalakoak direna esaten digutenean… zer sinistu behar dugu geuk?

Datorren legealdirako Espainiako presidente izendatu dute Mariano Raxoi politikari galiziarra eta, agintean hasi baino lehen, amaigabeak izan ziren jakinarazi zituen egiteke dituen aldaketak. Krisia aitzakiatzat hartuta, egin beharreko aldaketa edo lege berri horiek ikasle eta langileei zuzenduta daude. Ez aldiz, politikariei zuzenduak.

Italian oraintsu egin duten tankeran, zergatik ez dituzte geure politikari salbatzaileek euren soldatak jaitsi eta biziarteko neurri bako soldata aberatsak deuseztatzen?

Politikari maiteok, izan zaitezte herritarron eredu, zuen sinesgarritasun tamalgarria hutsaren hurrenera kondenatzen baitzaudete…

2011-12-19

Olentzero eta Erregeak, ETB-1en!


Aurten ere "Olentzeroren Etorrera 2011" eta "Erregeen Kabalgata 2012" aurkezteko ohorea izango dut bigarren urtez!

Olentzero ostiral honetan, hilaren 23an, iritsiko da Bilbora eta egun berean eskainiko dugu bere etorrera, arratsaldeko 19:00etatik aurrera ETB-1en!

Aurtengoan aldiz, krisi garaietara egokituko diren aldaketa batzuk izango ditugu ostiraleko saioan eta Maite Eskarmendik eta neuk emango dizuegu jaialdiaren berri baina jendartean murgildurik, 'set' edo platorik gabe.

Iazko argazki hau ez dugu Olentzerorekin errepikatuko, beraz.
Bai aldiz, "Erregeen Kabalgatan". Urte berriko bosgarren egunean, iazko saioarekin aldaketa handirik izan gabe, bertan izango gaituzue Izaro Iraeta eta bioi, zuzen-zuzenean ETBko lehenengo katean!

Gabon hauetan beraz, utzidazue zeuen etxeko berotasunera sartzen! =)

2011-12-15

Zer egin funtzionarioekin?

Bart gauean, CEOEko* presidente den Juan Rosell irakurri eta entzuteko aukera izan nuen hainbat hedabidetan, besteak beste, krisia aitzakia hartuta funtzionarioen inguruan solasean.


Rosell jaunak sektore publikoan enpresa pribatuan bezala kaleratu ahal izateko neurriak hartzeko eskatu zuen. Gainera, administratzaile publikoei ardura pertsonalak exijitzeko aukera izatea ere eskatu zuen Rosellek, gastuaren kontrola bermatze aldera. Bere hitzetan, funtzionarioen parte batek ez baitu bere eginkizunarekin betetzen edo, beste barik, ez duelako inongo lan ezta betebeharrik ere. Horregatik dago, hain justu, sektore publikoa neurriz kanpo.
Kaleratzeak azken aukera beharko lukeela onartuz, eskainitako prentsaurrekoan arlo publiko eta pribatuaren artean desberdintasun gutxiago egotera ohitu behar garena baieztatu zuen atzo CEOEko presidenteak.

Beste hainbat daturen artean, esanguratsuak iruditu zitzaizkidan eman zituen ehunekoak:
2002 eta 2009 urteen artean, soldatek %5,9 egin zuten gora sektore publikoan, pribatuan %2,8 bakarrik igo zirelarik.


Ekonomiaren inguruko neure oinarrizko ezagutza azpimarratuta eta patronalaz hitz egiten ari garena ahantzi gabe, datuak datu, gaurkoan arrazoi eman behar diot Juan Rosell CEOEko presidente jaunari. Honaxe azaleko hausnarketa pertsonala.

Titular bat eman eta gogor hastearren, hauxe esango nuke: Funtzionarioak desagertu beharko luke. Ez luke desagertu beharko funtzionarioak egiten duen lana. Inondik inora ere. Baina bai langilearen baldintzak. Harira:

Galbahe funtzioa izan dezan, bat nator oposizioak gainditu behar izatearekin, baina ez dut uste azterketa gainditzeak biziarteko lanpostu eta soldata bati lotuta egon behar duenik.

Horrek, behinik behin, lan egiteko grinak estali, norberaren burua eroso kokatu eta buruari gero eta gutxiago exijitzeko arriskua dakar. Eta, utzidazue ausardiaz esaten, asko direla egoera horretan jauzi diren funtzionario bizizaleak. Labur esanda: zertarako saiatu, lanpostutik inork kaleratuko ez badu eta herritar guztien diruarekin hilabete guztietan poltsikoa bete eta primeran biziko bada? Ez du merezi!

Sektore publikoan, lansari publikoarekin dauden langile gehiegi baditugu ere, grinatsuki bakan batzuek egiten dute arretaz lan.

Aldiz, hori ez da dena.
Egiten duten lan-administratiboa beharrezkoa da geure izapideak aurrera eraman ahal izateko eta horrexegatik hain zuzen, gizartearen zerbitzura daudelako, exijituko nieke enpresa pribatu bateko langileei exijitzen zaien neurri berean. Edo gehiago. Denon diruarekin bizi baitira ederki. Alde batera utzita, noski, nominako zenbaki luzeak, lan ordutegiak eta horietariko batzuek postu horretara iristeko baliatu dituzten bide zalantzagarriak… badakizue lagunok, konfiantzazko karguak, ildo politiko bereko kideak, mesedeak, nahierara ezarritako aulkiak…

Horregatik, orokorrean aritu naizela onartuz, oraingo honetan bat nator patronalarekin eta funtzionarioek ere langile profesionalak izan behar dutela bermatu beharra dago. Hala ez izatekotan, kale gorrira.

Bidegabeko pribilejioak alde batera utzi eta gizarte lehiakor baten alde egin dezagun lan, alferrek ez baitute erakunde publikoetan lekurik!

Sen on pixka bat, arren.


2011-12-07

Biharamunaren ostean...

Hementxe duzue aurreko ostiralean ospatutako euskararen aldeko Pilota Jaialdiko saio osoa ikusgai, ETB-1ek Donostiako Atano III.etik zuzenean eskainia.

Eskas entzuten bada ere, 08:40. minututik aurrera duzue neuk egindako aurkezpena eta jarraian Abel Barriolak irakurritako manifestua.
Pilotalekuak gainezka egin zuen eta giroa ederra bezain beroa izan zen. Primeran pasatu genuen eta horren adibide duzue tarteka pantailan agertzen garen galdakoztarrak! =)


Norgehiagoken emaitzak bigarren plano batera pasata, euskararen aldeko aldarria izan genuen presente eta Euskararen Eguna egunero dugula gogoratuz, eskerrik asko Atano III.era bertaratutako euskaltzale guztiei
!