2013-11-26

Hurrengo aurkezpen datak

Gaurkoa transmisio eguna da niretzat. Halaxe deitzen diet egin behar ditudan aurkezpenetako antolatzaileekin gelditu behar naizenean... Gustuko eta beharrezko dudalako ekitaldi bat aurkeztu behar dudanean antolatzaileak bere izaera eta helburuak aurkezleari transmititzea. Hala, gaur hiru batzar (izan) ditut: asteon aurkeztu beharreko jardunaldi eta galen antolatzaileekin. Berebizikoa da eurek ezagutzea. Horren arabera, aurkezpenak zentzu bat edo beste izango duelako, eduki, hizkera eta itxura aldetik.


Aurkezleak erakusleiho-apaintzailearen antzera dihardu: denda bateko erakusleihoan, bertako arduradunak erabakiko du zeintzuk jantzi jarri nahi dituen ikusgai. Baina erakusleiho-apaintzaileak, behin edukia eta dendaren izaera ezagututa, egingo du “eskaparate” hori erakargarri. Horixe da, neure ustez, aurkezle baten lana. Nekez egingo du aurkezpen bat egoki, ekitaldiko antolatzaileak bertatik zer “atera” nahi duen jakin barik.    
     
Aste honetan aurkeztu behar ditudan ekitaldiak, beraz, hauexek dira:



AZAROAK 28, osteguna, Donostiako Zientzia Museoan

Koldo Saratxaga enpresari eta ekintzaile ospetsuak hainbat enpresetan Harreman Estilo Berriak jarri ditu martxan eta ostegunean Made by NER  jardunaldiko bigarren edizioa aurkezteko ohorea izango dut non, egitura tradizional eta piramidaletatik alde eginez, besteak beste, enpresen arrakastaren gakoez hitz egingo dugun. Lehenengo edizioa África Baeta kideak aurkeztu zuen.



AZAROAK 29, ostirala, Basauriko Basozelai aretoan 

Soinu Talka 2013ko Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ideia berritzaileen lehiaketako proiektu irabazlea da. Ekimen berritzaile hau Arkaitz Olea musikariak sortu zuen eta gazteek sorkuntza, musika eta kulturan alternatiba bilatzea du xede. Alor hauek nahasteko DJ tailerrak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan, eta ostiraleko amaiera-ekitaldia izango da.

Aurreko egunekoaren antzera, mundu bitxi eta ezezaguna izango da neuretzat hau ere. Sekula ez naiz DJ baten doinupean inprobisatzen aritu…



AZAROAK 30, larunbata, Galdakaoko Torrezabal aretoan 

Galdakao Boleibol Taldeak 40 urte bete ditu eta urteurren berezia ospatzeko gala hunkigarria antolatu du Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. Berrogei urte hauetako ibilbide luzea, historian zehar (eta taldeak iraun dezan) gogor lan egin duten hainbat pertsonari egingo zaizkion oroigarriak eta sorpresaz beteriko ekitaldia antolatu dute. Aretoko berotasunak elkartuko ditu atzoko, gaurko eta biharko kirolari, guraso eta lagunak. 

Aurkezle bat behar zuten, eta antza denez ez zuten besterik aurkitu… ;-)

Zoragarria da zeure lana maitatu eta honen bitartez hainbeste ikastea: zenbat aurkezpen, pertsona, elkarrizketa, gidoi, egoera desberdin...


2013-11-19

Hitzaldiak


INTERES BADUZUE: Jakin dezazuela (urte bete ikerketa egiten ibiltzearen emaitza) Sare Sozialen garrantzi eta arriskuen inguruko hitzaldiak eskaintzen ditudala, bereziki, gazteei zuzenduta. Bada, hitzaldi horien aurrerapen labur legez hartu dezakezue ETB-1eko EH Zuzenean saioan Iker Zabala aspaldiko lankideak egin zidan elkarrizketa.

Hementxe ikusgai, 09:00. minututik aurrera.


2013-11-15

Euskal amuma

Ameriketako euskal amuma ospetsuena ezagutzeko ohorea izan nuen 2011n: Boiseko Lidia Sillonis Jausoro andrea. Amerikarra jaiotzez, baina bizkaitarra hitz eta bihotzez; zenbat maitasun helarazten zuen! Hil egin da 93 urte ezin biziagorekin. Goian bego, amuma.


2013-11-11

2011ko Musika Topaketa

Hara zer topatu dudan YouTuben!!! Duela bi urte Zallako antzokian Maria Rivero, Eriz Perez eta Iñaki Etxezarraga EtxE musikari handiei egindako elkarrizketa saioa!

Solasaldi atsegin hurak emandakoaren laburpena, erreprodukzio-zerrenda honetan duzue. Gorantziak, hirukote!