2010-04-29

Euskarak egiten gaitu euskaldun

Etxetik kanpora, baina etxean, pasa ditugun egun hauetan konturatu naiz zer-nolako eragina duen hizkuntza batek mundu zabalean. Bai behintzat euskararen Herri txiki honetan:

Beste hainbat musika talde legez eta bigarren urtez, aurten ere Baigorrin, "Nafarroaren Egunean" izan gara herri eder honetako bazterrak doinuz alaitu gurean.

Inposatutako muga politikoaz bestaldeko herri honen eragina, zoritxarrez, frantsesa da (geurean eragina guztiz espainola den legez). Hori dela eta, pertsona bat frantsesez entzunda, lehen sentipena pertsona frantsesa dela pentsatzen duzu. Neuk behintzat hala egiten dut.
Eta, orduantxe konturatzen zara hizkuntza bat erabiltzeak zertan bilakatzen zaituen. Baliteke geu Hegoaldean horretaz ez konturatzea edota arrotz ez egitea modan dagoen espainola etengabe erabiltzen dutenenei entzutea hizkuntza hori menperatzen dugulako baina, ez al da euskara euskaldun egiten gaituena?

Bide batez, gogoeta honetaz baliatu nahi dut Patxi, Joana, Ramuntxo eta geure inguruan egoten diren guztiei eskerrak emateko. Esker mila, ez bakarrik ondo hartzen gaituzuelako, baita zuen lanak Baigorritik haratago ere balio duelako. Oraindik lan handia dago Iparralden egiteke eta zeuek izan zaitezkete Euskal Herriaren eredu, bederen. Geure aberriaren, Nafarroaren, aldarrikapen-jaialdi hau kontzientziatzeko erreminta erabilgarria izan daitela.

Bihotz-bihotzez, aunitz esker.

Amaitzeko, arestian aipatutakoari eutsi gura diot berriz ere eta, gogorarazi, badagoela ezaguna dugun esapide bat. Berba soiletan gelditu behar ez den esaldiarekin amaituko dut, beraz:

"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik"
Has gaitezen gugandik eta gero euskaldun egiten gaituen hizkuntza ikastera gainontzekoak animatu ditzagun.

Aunitz urtez!


Jon Gomez Garai
2010eko apirilaren 26an

Absoluzioak agerian utzi du bidegabekeria

Baina berriro diot: Egunkariak itxita jarraitzen du. 7 urteko min neurgabe eta bidegabea eginda dago. Adierazpen askatasunik gabe jarraitzen dugu eta, hemen inork ez ditu ordainezinak diren kalte-ordainak ordainduko; ez Del Olmok, ez Guardia Zibilak, ez AVTk ezta Dignidad y Justiciak ere.


Berria osorik ikusteko, klikatu hemen.

2010-04-28

Askatasunaren Eguna 2009, Orreaga

Orreaga,
oroimenaren euskarri, etorkizunaren oinarri

Euskaldunok ez daukagu zertan Estatu baten izena eta izana asmatu beharrik, daukagun Estatua inperialismotik askatzea izan behar baita geure helburua. Geure arbasoen 1000 urteko askatasunerako borrokari ezin diogu uko egin ezta mespretxatu ere. Indarrez irabazitako maila da geurea, mundu zabalean euskaldunak nafar bezala ezagutuak izan garelako mendeetan zehar.

Gure analisi politikoa bizi dugun egoera politikotik ez abiatzea akats handia litzateke, inbaditurik bizi garela eta nafarroi geure eskubideak biolentzia armatuaren bidez ukatzen dizkigutela ez ohartzea eta ez onartzea ere akatsak diren bezala. Nafarren erreinu independentearen historia geure egia historikoa da eta baita geure gaurko errealitatea ere, era berean, herri honen askatasun-bide horretan, Nafar estatu hori edozein arma konbentzionalek baino potentzia handiagoa duen “indar-idea” bateratzailea izan daiteke.

Halaber, gizakiak inoiz sortutako arma politiko indartsuenaren jabe izan izanak, hau da, estatuaren jabe izan izanak bakarrik azaldu dezake geure herriaren bizirautea eta bai, beharrezkoa da argi edukitzea, gaur hemen, Orreagan gaudela, momentua heldu zenean geure Estatua sortzeko gai izan ginelako, geure herriaren indar guztia Estatu horretan batu eta bertan (zainpean) jarri genuelako.

Gaur aldiz, XXI. mendeko Europa honetan, nafarrak, euskaldun askeak hemen gaude, eta geure izaera mantentzen jarraitzen dugu, ez geure mendietan edota lautadetan galduak bizi izan garelako historian zehar, baizik eta Europan Estatuak hedatu zirenean gure indarrak batu genituelako geurea defendatzeko: Nabarrako Estatua, baskoi edo euskaldun herria defendatzeko. Horregatik ezin dezakegu ezer eraiki errealitate horri bizkarra emanez, hari esker baikara gaur.

Aurretik aipatutakoari garrantzirik kendu barik, Antonio Tobarrek eta Koldo Mitxelenak 1968. urtean ozenki esan zuten: “La lengua vasca se conservó probablemente porque los vascos como los cántabros se rebelaron contra los invasores y no llegaron a ser incorporados a los reinos francos y visigodos”. Gaur ere gure inbaditzaileen aurka jaiki behar dugu, geure herriaren etorkizunagatik, geure bizirautea ziurtatzearren.

“Nafarroako Erresuma nafar guztiona da”, horrela zihoen Arturo Kanpionek, baita Menendez Pidal espainiarrak ere. Azken honek orobat, Nafarroako Erresuma homogeneoki euskalduna zela esan zuen.
Are gehiago, Anacleto Ortueta bizkaitarrak, XIX. mendearen hasieran, beste hau esan zuen: “Sancho III el Mayor eligió sabiamente las fronteras del Estado Vasco, pues los límites que dio a Navarra fueron los geográficos naturales. Es el genio tutelar de la nacionalidad vasca. Gracias a él vivimos como pueblo”.


Hortaz, argi dagoena zera da: NABARRA dela geure Estatua. Eta horren lekuko izan dira mendeetan zehar geure estatuko gobernu-buru eta erregeak; eurek izan direlarik gure benetako gobernu bakarra. Nabarra inbaditua duten inperialismoek inposatutako estruktura politikoak ezin dira geureak sekulan izan, ez baititugu geuk sortu, ez aitortu, ezta onartuko ere.
Argi dago horrenbestez, aldez aurretik gu menderatzeko jarriak diren eta benetako indar erlazioekin bat ez datozen jokoaren baldintzak, ez ditugula onartuko.

Bestalde, gizakiaren historia bezain zaharra da militarki inbaditua dagoen Estatu batean, Gobernu ofizial bakarra egon daitekeela, inperialismoak inposaturiko gobernu ofiziala, alegia. Gobernu horrek administratzaile inperialisten adostasunarekin bakarrik gobernatu dezake; epaile, lege, hauteskunde eta ejertzito inperialistetan oinarritzen baita. Horregatik, Gobernu ofizial horren inperialismoarenganako atxikimendua (zaletasuna edo lotura) erabatekoa da.

Inbaditutako Estatuan, bertako Gobernua erbesteratzera, klandestinitatean bizitzera edo desagertzera behartua dago eta azken hori da, bete-betean, 1620. urteaz geroztik Nafarron errealitatea, tamalez askatasuna berreskuratzeko egoerarik latzena.

Inperialistek inposaturiko “Euskal edo Nafar Gobernua” ez da benetakoa, izen soila baizik; hutsaren hurrena da ez baitu geure herria ordezkatzen. Inperialisten edo totalitarismoaren interesei erantzuten die soilik, ZERGATIK?! ez dagoelako geure herriak sortua, ezta geure herriaren nahian eta indarrean oinarritua ere, beraz, jaun-andreok, ez ditu demokrazia batek bete beharreko printzipioak inola ere betetzen.

Amaitzen joateko, XXI. mende honek berriro NABARRAren mendea behar du izan. Nafartarroi Orreagako gatazka bien balentria errepikatzea dagokigu, frankoen inperialismoaren aurka geure Estatua eta gobernu propioa sortzera eraman gintuena, betirako autodeterminatuz: ASKATASUNEAN BIZI NAHI DUGULAKO!

Beste barik eta ondorioztatuz, hurrengo hau esan gabe ez nuke amaitu nahi: garaipena ez dela itxaroten daudenentzat, prestatzen direnentzat baino eta gazteoi dagokigula geure herria prestatzea, gugandik hasita hain zuzen, GEURE HERRIAREN INDARRAK ORREAGAN EGIN ZUEN BEZALA, GEURE ESTATUA ASKA DEZAGUN.

GORA NABARRA OSO ETA ASKEA!!!!


Eskerrik asko.


Beste ikuspuntu bat

Azken hileko berririk entzutetsuena izan dugu zalantza izpirik gabe.

Komunikabideek islatutako morbo edota erakargarritasuna zirko bilakatu dute Alakranako bahiketa amaigabea eta, antza denez, agintarien arduragabekerien eta herritarren jakin minaren artetik argi izpi itxaropentsu bat igorri dute komunikabideek gaur eguerdian, 2009ko azaroaren 17an gaudela: Arratsaldean atunontziaren askapena suertatu daiteke eta, 47 eguneko amesgaizto baten ondoren geure arrantzaleak ostegunerako, bertan egon daitezke. Familiaren berotasunean. Babesean.

Ondo etorri euskal arrantzaleei eta piraten eskuartean egon diren gainontzeko herrialdeetako arrantzaleei. Ondo etorri eta besarkada bat zuei. Zuei bakarrik, agintarientzat ez dudalako esker onik gorde. Ezta gordeko ere.

Ados. Arrantzaleei eta dagozkien familiei eskeinitako besarkada derrigorrezkoa ikusten nuen baina, ez gaitezen azalekoan gelditu eta utzidazue galdera bat egiten, alegia, ondo ikusi duzue Alakrana itsasontziaren bahiketa?

Askok eta askok jarraian ezetz esango duzue. Nola da posible bahiketa baten alde egotea? Ba noski egon daitekeela. Ez diot arrantzaleen kontra egiteagatik, ezta pentsatu ere, baina bai somaliarren alde egiteagatik.

Espainia eta Frantzia beti izan dira herri inperialistak, bai politikoki, ideologikoki, kulturalki, hizkuntza-hezkuntza aldetik... eta baita arrantza arloan ere. Edozein herrialdeko arrantzale talde bati ez zaio inoiz ere herri "garatu" bateko itsasoetara arrantza masifikatua praktikatzera joatea bururatuko, eta are gutxiago Somalia moduko herrialde azpigaratu bateko arrantzaleei. Ez zaie bururatuko bitartekorik EZ dutelako, baizik eta portualdeko zaindariek harrapatuz gero, isun ikaragarria eta nolabaiteko zigorra ezarriko zizkietelako.
Aldiz, Espainiak egin dezake. Lurralde txiro batzuetako itsasoetara jo dezake bertakoei beraien diru-iturri bakarra erauztera, euren bizirautea kolokan jarriz.

Hala jazo da behintzat espainiar bandera inposatua Indikora eraman duten itsasontzi guztiekin 1984. urteaz geroztik, hain zuzen.
Urte honetako bagila edo ekainaren 1ean, Seychelles-eko eta orduko Felipe Gonzalezen gobernuek akordio bat sinatu zuten itsas arrantzaren inguruan. Hitzarmen horrek, ahalmena ematen zion aipatutako azken gobernuari Somaliako uretan arrantza egiteko.

1991. urtean berriz, akordio horrek indarra galdu zuen bertan behera geldituz eta atunontziek bertara joaten jarraitu zuten. 2009an oraindik bertara joaten jarraitzen dute.

Beraz, ikusita geuk ez dugula janari faltarik izanen eta bertakoek bizirautea dutela helburu, zergatik joan behar dugu euren lurraldeetara beraiena neurri gabe xahutzera?

Piratek dagokien kosta defendatu nahi dute, bertako herritarrek euren elikadura-iturria kudeatuko dutelarik.

Amaitzeko, esan beharra dago ebasle hauek martxan daudenetik Somaliako herrialdea asko aberastu dela eta, egunean 6€ irabaztetik 180€ irabaztera pasa direla arrantzale afrikar hauek.

Bestelakorik gabe, izan gaitezen arretatsuak gai polemikoekin eta saiatu gaitezen txanponaren alde biak ikusten eta ulertzen.

Komunikabideetan agertzen ez den ikuspuntu hau gertuagotik ezagutzeko, klikatu hemen.


Eskerrik asko,

Jon Gomez Garai

Soy vasco y luego español?

Zergatik dabiltza, temati, gure identitateaz galdetzen ea euskaldunago sentitzen garen espainiar baino ala alderantziz jakin nahian? Akaso pertsona batek bi, hiru... identitate izan ditzake? Ala agiri eta formularioetan nazionalitatea eskatzen duen laukitxoan derrigorrez jartzen dena eta sentimendu librea nahastu nahi dituzte? Pertsona batek nazionalitate bikoitza izan dezake: Kubakoa eta Espainiakoa izan daiteke; Frantziakoa eta Argeliakoa edota; Portugalekoa, Espainiakoa, Frantziakoa... edota nazionalitate denak batera ere izan ditzake. Guztia, paperezko agiri administratiboak lortzeko interesaren arabera izango baita. Ejertzitoan praktikak eginez, bertako batekin ezkonduz, futbolean jokatuz, bertan lan legala eginez..., modu askotan lor daiteke nazionalitate bikoitz hori.

Behin agiri horiek lortuta, Estatu horien legeak gutxi gorabehera bete eta kitto. Hori da dena.

Identitatea, ordea, beste gauza bat da.
Norberaren identitatea ez da administrazioko paper soilen bidez lortzen. Identitatea jatorriarekin dago lotua, kulturarekin eta, batez ere, norberaren bizi-proiektuarekin. Horregatik, identitate bikoitza edo hirukoitza izatea ez da gauza naturala, natural ez den bezala pertsonak bi, hiru edo lau bizi-proiektu izatea. Esaterako, Euskal Herrian jaio eta bizi dena euskaldun (nafarra) sentitzea da normalena. Euskaldun bati Argentinan edo frantses bati Australian ez dio aparteko eragozpenik sortuko Argentinan bizi den euskalduna dela, ala bestela, arbaso euskaldunak zituela bai, baina bera argentinarra dela esatea, bizitza non eman nahi duenaren arabera. Gauza bera Australiako frantsesaren kasuan. Horietan argi dago NANaren arabera aipatzen den nazionalitatea eta identitatea ez dela gauza bera.

Hortaz, zergatik tematzen dira batzuk ea gu euskaldunak soilik, nafarrak soilik, frantses-euskaldun, espainiar eta nafar edota bestela, nafarragoak espainiarrak baino,... edo alderantziz sentitzen garen jakin nahian? Galdera, zalantzarik gabe, maltzurra da. Berriro diot, alegia, pertsona berak identitate bi, hiru edo gehiago izan ditzake ala? Normalean ez, identitate bakarrekoa edo bizi-proiektu jakin batekoak gara gizakiak. Burua bere lekuan dugunok behintzat, halaxe da.

Mundu globalizatuan alde batetik bestera bidaiatzen bizi diren nomada modernoek ere kultura bati, herri bati, familia bati lotuak sentitzen dira, non eta ez diren herri batean errotzen eta bertako kulturan integratzen; baina kasu horretan, geu, gehiengoaren antzera, ez ginateke nomadak izango.

Espainian, guadalajardar bati galdetuz gero espainiar baino guadalajar edo guadalajardar soilik sentitzen den, antzarrak perratzera bidaliko zaitu. Bera, Guadalajaran bizi den espainiarra dela esango dizu. Gainerakoak atzerritarrak dira eta kitto. Argi ditu gauzak, berea baita naturala. Hizkuntzez euskaldunak eta hiritartasunez nafarrak garenok ere garbi ditugu gauzak. Antza, Euskal Herrian bizi diren espainiarrek eta frantsesek, ordea, ez. Guadalajaran bezalaxe, Euskal Herrian bizi diren espainiar-frantsesak direla onartuz gero, hemen atzerritarrak liratekeela onartu beharko lukete eta. Horregatik, nahastu egiten dute identitatea eta nazionalitatea. Nazionalitatea eska daiteke, eman daiteke, inposa daiteke..., baina identitatea sekula ez.

Azter dezagun orain, zertan den ezberdina guadalajardarren eta nafarren egoera. Hizkuntzaz, kulturaz, identitatez... ezberdinak izanik, guadalajardarrari Estatuak bermatu eta babestu egiten dio bere identitatearen garapena, nafarroi, aitzitik, ez. Lehen bagenuen horretarako nafar estatu propioa, orain, ordea, ez. Hain erabakigarria al da, bada, estatu propioa izatea? Ezin al du estatu berak bi, hiru identitate bermatu? Munduko beste lekuetan ez dakit, baina, guri NANa (plastifikatutako paper zatitxo bat) inposatzen diguten estatu hauek, bederen, ez.


Gora Herria!


Beñat Agirre
Moldaketak: Jon Gomez
Iturria: Nabarralde.com