2013-05-28

Mikel Zarate saria

Askori txikitatik ikusten zaizkigu manerak: "Horretarako asko balio du horrek", "urrun iritsiko da beste hori horretan"... Bada, horietariko bat aurkeztu nahi dizuet: Irati Bediaga Rementeria galdakoztarra.

Elkarrekin aritu gara haurtzaindegi eta ikastolan, hiru urtetik 18 urtera arte. Iratiri ikusten zitzaion idazteko zuen etorria. Orain, bere lehen lana argitaratu duen honetan, Mikel Zarate saria irabazi du aspaldiko ikaskideak. Ez da izango, ez, irabaziko duzun azken saria, Irati! Bejondeizula!

Argazkia: Elkar
 

2013-05-16

Konbentzitzeko estrategiak

Komunikatzeko eta Konbentzitzeko estrategia batzuk bildu ditut ondorengo bideo honetan. Zer da pertsuasioa? Nola komunikatu, eta nola konbentzitu? Ea baliagarri zaizuen!

2013-05-15

'Musikaste' aurkezten

Errenterian eskaintzen ari garen ikuskizunak direla eta, elkarrizketa egin dio Diario Vasco egunkariak saioetako gidoilari eta zuzendari den Mikel Cañadari, eta hemen klik eginda aurrerapen-bideoa duzue, non saioetako aurkezle zintzoa ere aipatzen duen. =)

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko gidoilari eta Musika Gelako arduraduna ere bada Mikel. Berarekin EOSen lan egitetik ezagutzen dugu elkar eta berak eraman nau Euskal Musikaren 'Musikaste' Jaialdia aurkeztera. Eskerrik asko!
 

2013-05-09

Santurtzin lanean

Santurtzi Turismok bultzatuta, herriko historia, merkataritza eta giroa sustatzeko hainbat ekimen antolatzen ari gara. Gaur, ekimenetariko bat prestatzen ari ginela, ETB-2ko Euskadi Directo saiokoak etorri zaizkigu. Ondorengo bideoan duzue ikusgai, 12:45. minututik aurrera.



Organizado por Santurtzi Turismo, estamos organizando diversas actividades para divulgar la historia y fomentar el comercio y buen ambiente del pueblo. Hoy, mientras preparábamos una de las actividades, nos han visitado los del programa Euskadi Directo de ETB-2. En este vídeo se puede ver nuestra intervención, a partir del minuto 12:45.


2013-05-07

Elkarrizketa Oxabirekin

Itturri Kulturgintza Zerbitzuen Elkarteak elkarrizketa egin zidan Oxabi erromeria taldearen izenean, eta hauxe duzue solasaldi bitxi horren emaitza. On egin!

Oxabi, erromeriaz erromeria
 
Taularen gainean eskoziar taldea badirudi ere, euskaldunak eta parrandazale koadrila ederra esango nuke nik... Zazpi musikari, Zazpiak bat eginez, OXABI bezala aurkezten dira. Eta oraingoan Jon Gomez Garairekin, taldeko abotsa dena, gaur bozeramalea, solasaldi polit bat izan dugu elkarrekin. Jonek, OXABI erromeria taldearen izenean honako pintzelada eman digu. 

 
Oxabi?

Anbotoko Mariren kobazuloa zaintzen zuen suzko zezena zen Oxabi. Sarritan kobazulotik alde egiten zuen zaindari bitxi honek, eta Marik, non zegoen jakiteko zintzarri bat jarri zion lepotik zintzilik. Imajinatu sortarazten zuen zarata! Bada, gu ere nahiko “zaratatsuak” gara eta… (irribarre)

Dantzetan ala kantetan.

Musikarik gabe ez dago dantzarik, eta musika askok kantua du protagonista. Guri dena nahastea gustatzen zaigu. Baina pertsonalki ari bazara, neuk kantatzea nahiago.

Berbetan sarritan ere egiten duzu.

Ez da egia izango! (barre)
Bai. Gustuko dut hitz egitea (zentzuz posible bada), baina hitz egiteko entzun ere egin behar da. Biak uztartzea dut gustuko. Gainera neure lana hori da. Beraz, hitz egiteagatik ordaintzen badidate… egin kontu!

Taldeko partaideen musika estilo gogokoenak...

Buf! Leku onean sartu zara! Denetarik dugu taldean. Zazpi musikari gara eta bakoitzak bere gustuak ere baditu, noski. Folk irlandarra, reggae-a, rock eta folk euskalduna… baina baditugu punk-rock eta metal beltzenaren zaleak! Kuriosoa da. Heterogeneotasun horrek ekarpen handiak egiten dizkio taldeko musikaren kalitateari. Denetik ikasten dugu!

Egungo erromeriak plazetan gehiago, gutxiago...?

Krisiaren aitzakiak gogor jo du herriko plazetan ere, baina zorionez geuk gero eta kontzertu gehiago eskaintzen ditugu Euskal Herri osotik. Ez dago erromeria bako jairik.

DJ-ak etorkizuneko berbenak izango dira?

Ezetz espero. Geuk erromeria + diskofesta formatua eskaintzen dugu. Bateragarriak dira, baina ez ordezkagarriak.

Oxabi erromeria nora eramango zenuke.

Gogotik dantzatu eta kantatuz, bikain pasa nahi duen Euskal Herriko edozein txokotara. Plazan daudenen adin tarteak geuri ez digu axola, giro sano eta euskalduna badago, gainontzekoa geure esku!

Elkarrizketa honentzako kanta bat?
 
Nire erantzunak idazten egiten ari zaren lanagatik… “Hik lan eta nik jai!”.



Elkarrizketa jatorrizko webgunean ikusteko, klik hemen.
Elkarrizketa gehiago irakurtzeko, klik egin.