2012-10-10

Lehendakarigaiak, euskaraz?

Urriaren 21ean, hurrengo legealdirako (gutxienez) Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria aukeratuko dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrok. Ohituta gaituzten legez, hilabete lehenago hauteskunde kanpainarekin hasten dira alderdiak, bakoitzak bere lehendakarigaia turko-buru duela, boterearen xedean.

Hauteskunde hauek, halere, bereziak dira dagoeneko. Besteak beste, teknologia berriek eskatzen duten behar izanetara egokitu behar izan direlako, nahitaez, alderdi guztietako hautagaiak.
Errepara ditzagun bestela alerdi politiko guztietako buruzagiak: denek dute bloga. Nork kudeatzen dituen blog horiek beste galdera bat izanen da, baina den-denek dute eurena.

Blogak izateaz gain, euren propaganda eta berritsukeria hedatzeko ezinbesteko erreminta bihurtu dira Facebook eta, batez ere, Twitter sare sozialak. Herritar arruntarengana iristeko iturri zuzen eta azkarra da Twitter. Asko zaintzen dute euren irudia horrelako erakuslehioetan gainera, eta asko diote sareko profilek haien egileez!


Gai honekin ezin lotuago, DeustoSareLab Deustuko Unibertsitateko ekimenak, lehendakarigaiek sare sozialetan zenbat euskara erabiltzen ari diren jakiteko ikerketa jarri zuen abian. Oraintsu argitaratu dituzte azterketaren emaitzak eta ZuZeu albistariak eman du horien berri "Zenbat txiokatzen dute euskaraz lehendakarigaiek?" izenburupeko idatzian. Baita Berria egunkariak ere, ondorio garbiarekin titulutzat: "Hautagai gehienek ia ez dute euskara erabiltzen Twitterren".

Laburpen gisa, sentsazio hauek jaso ditut datuotatik:

Lehendakarigaien artean, Laura Mintegi da euskaraz gehien txiokatzen duena (%59,20). Alde handia bigarrenaren ondoan: Iñigo Urkulluren txioen %21,60 dira euskaraz. Gainontzeko denek ez dute aipamenik ere merezi. Tira, segidako bi hauek bai.
 

Hauteskundeetara aurkeztu diren guztiak hartuta, nik dakidala, Antonio Basagoiti da euskaraz ez dakien bakarra. Ustez, Patxi Lopezek ere badaki (edo jakin beharko luke), baina batek ere ez du sekula euskaraz txiokatu (%0). Ez Basagoitik, ezta egungo lehendakaria den Lopezek ere (azken honen datuak ematen du zer pentsatu: zer egin du euskarako klaseak ordaintzeko xahutu duen diru publiko guztiarekin?).

Hautagaien gehiengoak euskaraz dakiela ikusita (eta honekin ez dut inoren aldeko ez kontrako kanpainarik egin nahi), penagarria iruditzen zait geure politikariek Herri honetako hizkuntza nola eta zenbat darabilten ikustea. Txiokatzen duen hizkuntzan bizi da zibernauta. Beraz, "geure lehendakari" izan daitezkeen denak (bat izan ezik) espainolez bizi dira.

Etorriko zaizkigu gero euskararen aldeko kontutxoekin edota euskaraz bizi nahi dutenaren betiko lemarekin; euskararen aldeko jaietan ere agertuko dira irribarretsu... baina gaztelania darabilte bolo-bolo. Eta sarean ere, euskararen aldeko jarrera eskasa edo hutsaren hurrenekoa da gehienentzat.  

Gobernatu nahi duten Herritik oso urrun daude gure agintariak.