2010-06-16

"La Roja"

Azken aldian ez dago berririk. Azken aldian mundua geldiarazita dago milaka pertsona, egunero, Afrikan hiltzen diren bitartean. Azken aldian berri bakarra dago hedabideetan: Hegoafrikako Munduko Kopa.

Gainera, inguruko gizarte “plural” honetan solas bakarra erantsi da: ‘La Roja’. Ez dago beste gairik geure ahotan, aldekoak (batez ere) eta kontrakoak, baina Espainiako Futbol Selekzioa beti hizpide.

Eta, neure galdera hurrengoa da: zer egin dezake futbolaz, mundial batek xahutzen duen diru guztiaz, estereotipo horietaz aldendu nahi duen batek eta, zergatik ez, Espainiako selekzioaz ezer jakin nahi ez duen batek? Telebista itzali? Irratia gainezka datorren errekara bota? Ala norberaren logelan giltzapean isolatu ‘mundiala’ amaitu artean, alegia?

Hori gutxi balitz, auzoko herrialdeko selekzioa norgehiagokako faboritoa da eta gaurko taldearen estreinaldi sonatuan (nork ez du jakin?),… GALDU EGIN DU espainiar zaleen gehiengoaren harridurarako, 0-1 Suitzaren aurka.

Zintzotasunez aitortuko dizkizuet, halaber, kontu bi:

Batetik, neu, bai Espainiako baita Frantziako selekzioen kontra nagoela. Herrialde hauen armarrien atzean gordetzen den iragan eta oraina krudelak ezin duelako, niretzat, baloi inozo baten atzetik doan hamaikako batek ezkutatu. Ez horixe.

Ostera, talde onak direla onartzen dut. Argi daukat.
[ Talde bezain estatu onak izango balira… ]

Bestetik, kontraesana dirudien arren, puntu inbidiagarri bat ere badute niretzat espainiar selekzioak eta dagozkion jarraitzaileek, gainontzekoek legez. Eurek, beraien Herriaren izenean mundu zabalean, nazioarteko lehiaketetan har dezakete parte. Mundu mailan onartuak izango dira eta herritar guztiek izango dute bat egingo duten zerbait komunean, bederen; beraien selekzioak irabazteko grina.

Neuk berriz, biharko egunean Eurokopa, Munduko Kopa,… edo antzeko batean jolastu nahi izanez gero, inposatu didaten Espainiarekin izan beharko du. Izatekotan.
Euskalduna izateagatik selekzio ofizialik ez izatera nago kondenatua eta, mundu zabalean ordezkaririk ez izatera. Hori futbolean, eta bizitzako alor guztietan.

Horregatik, eta Munduan milaka pertsona egunero hiltzen direla ahaztu barik, euskaldunok geure selekzioen alde lanean jarraitu behar dugu, etsi gabe!

NAZIO BAT, SELEKZIO BAT

Euskal selekzioak aurrera!

Jon Gomez Garai
2010eko ekainaren 16an

2010-06-10

Betizu Jaia 2010


Kaixo aitatxu, amatxu eta lagun!

Iritsi da ume euskaldunen egun handiena. Hementxe dago Betizu Jaia 2010!!! Urtero bezala, aurten ere gure festa handia ospatuko dugu eta azkeneko urteetan egin dugun bezala, Bilboko Casilda Iturrizar parkean izango da. Hitzordua igandean, ekainaren 13an, izango da eta betiko legez, ondo pasatzeko egitarau zabala eta anitza prestatu dugu.

Pailazoak, txotxongiloak, magoak, ipuin-kontalariak, puzgarriak, gynkhana, abenturazaleentzako rokodromoa, tirolina... Milaka ekintza prestatu ditugu zuek ondo pasatzeko asmoarekin!

Hori gutxi balitz, telebistako behirik ospetsuenak: Betizu, Betissuise eta Eme-u ere Casilda Iturrizar parkean egongo dira eta eurekin argazki dotore bat atera, dantzatu eta kantatu nahi baduzu, besteak beste, goizeko 11:00etatik aurrera "Doña Casildan" itxaroten zaituztegu.

Aurten gainera, Betizuk bere lagun handi bat gonbidatu du jaira, Doraemon!!! Aurten, Doraemonek 40 urte betetzen ditu, eta zuokin guztiokin ospatuko du aipatutako parkean.

Eta nola ez, Betizuk urteko ikuskizunaren estreinaldi magikoa egingo du: BETIZU DISKOFESTA. Betizu, Betissuise eta Eme-u kantuan eta dantzan arituko dira jo eta ke, gerria mugitu eta mugitu, primeran pasaz! Igande honetako jai erraldoira gonbidatuta zaude zeure seme-alabekin etortzera. Opariak eta irribarreak denontzat izango ditugu present, eta zeuek, beharrezkoak zarete Betizu Jaia 2010 ikuskizun entretenigarri eta alai honetan. Zuen seme-alabak dira protagonista!

Gogoratu lagun, EKAINAREN 13AN, igandea, BETIZU JAIA Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Galduko duzu?

DUBI, DUBI, DUBA
BETIZU KLUBA!

www.eitb.com/betizu/

eitb.com-eko portada

2010-06-06

"Euskal Jaia": noren jaia?

Atzokoaren inguruko hausnarketa txikitxo bat. Espero dut esaldi hauek inor ez mintzea

Atzo, 2010eko ekainaren 5ean, Galdakon euskal janzkeraz ikusi nituen denak euskaldunak eta euskaltzaleak izan edo bilakatu baziren; Orobat, txapel, gerriko, gona eta burukoekin harro-harro ikusi nituen denak euskaraz aritu baziren (egun batez bada ere!), orduan esan dezaket “Euskal” Jaiak bere xede BAKARRA bete zuela.

Bai, helburu bakarra, ez tabernari batek 3000€ko kutxa egin izana… negozio ederra denori bihotza ukitzen gaituen gai baten kontura!

(eta ixilduko naiz... luzaroan jarraituko nukeelako... baina ez, ez da ez unea ezta lekua ere, parkatuko nauzue)

Hori bai, onartu beharra dago bestalde, jendetza bildu zela geure herrian eta giro festazalea bermatua egon zela. Gaitz erdi!

Baina...