2013-12-13

Asteburuko (p)lana

Gaurko arratsaldea Bilboko Bizkaia pilotalekuan emango dut, Miribillan, Artxandako La Inmaculada ikastetxeko Gabon Kanten Jaialdia aurkezten. Bertan, besteak beste, Iker Muniain Athletic Clubeko jokalaria ezagutu eta elkarrizketatzeko aukera izango dut. Gabean berriz, Galdakaon irekiko duten Elikagaien Bankuaren aldeko afari solidariora gonbidatu naute, aurkezle aritzeko. Bakarrizketak, musikariak, enkantea... mereziko du.

Bihar, larunbata, bigarren urtez Txorierriko Izarren Distira talentu lehiaketako finala aurkezteko ohorea izango dut Sondikako antzokian. Etorkizuneko musikari, dantzari eta sortzaileekin gozatu eta epaile lanetan arituko diren Ylenia Baglietto, Karmele Larrinaga eta Ugaitz Alegria aktoreekin izateko aukera izango dugu.

Asteburua ez dugu edonola amaituko: igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko Final Handian izango garelako hamar lagun (beste 14.000 bertsozalerekin batera) Barakaldoko BECen. Egunpasa ederra. Geure hitzen indar, edertasun eta magiaz gozatu ahal izateko. Asteburu on!

2013-12-10

Bai Euskarari Ziurtagiria Galdakaon

Iragan asteartean banatu genituen Galdakaon Bai Euskarari Ziurtagiriak herriko denda, taberna eta, oro har, enpresen artean.

Enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du ziurtagiri honek. Geure hizkuntzaren aldeko konpromezua erakusteko beste bide bat da. Beraz, kontuan hartu itzazue izen hauek eta segi bizkor euskaraz!


Ziurtagiria dagoeneko jaso zuten:
- VUSA eraikuntzak
- EROSKI bidaiak
- KIRAM armairuak
Ziurtagiria aurten jaso dute:
- ALAI taberna
- BELAGORRI belardendak
- BONILLA argazkiak
- DE DIEGO eraikuntzak
- GALARZA ehorztetxea
- GALDAKAO optika
- GUZUR ARETXA taberna

- KILIKA arropa-denda

- MUGUET floristak

- PEÑA egunkariak

- ZULUAGA bitxitegiak


Zorionak eta eskerrik asko denoi! Denok dugu irabazteko!



2013-12-02

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, bihar eta ostegunean Galdakaon egingo diren ekitaldiak aurkeztuko ditut. Baina gainera, bihar ere eta ospakizun bera aitzaki, Zallako antzokian Gose taldeko Ines Osinaga eta Hil Aiari taldeko kideak elkarrizketatuko ditut, gaztetxoen artean euskara sustatzeko asmoz.