2010-07-29

Adierazpen askatasuna?



Martxelo Otamendiri AEBetan sartzea DEBEKATU diote "soslai (perfil) berezia" duela argudiatuta. Nora helduko gara euskararen Herriak, euskalgintzak eta, orobat, Euskal Herriaren aldeko edozein mugimenduk hainbeste eraso jasanda? Injustizia honen oihartzuna Ipar Ameriketako hedabideetara ere iritsi da eta horren berri eman dute Idahoko KTVB telebista katean.

Baina, nork agindu du mugimendu hau? Zergatik? Zertarako? Beste behin, Euskal Herria (Herrialde legez) albiste da gure zoritxarrerako. Oraingoan, "munduko demokraziarik handienak" eta "estatu guztien eredu" denak agerian utzi du bidegabekeria.

GORA ADIERAZPEN ASKATASUNA!!!


Berria osorik irakurtzeko, egin klik hemen.

2010-07-12

Amesgaiztoaren hasiera...

Tristezia, negar egiteko nahia, etsipena, ezintasuna... Lagunok, bai, aitortu beharrean nago. Hitz guzti horiek dira momentu honetan eta gaur, Espainiako selekzioak 2010eko Munduko Kopa irabazi duen honetan, sentitzen ditudan zirrara guztiak. Horiek, eta gehiago, baina denak txarrak. Nork esango zidan niri 22 jokalari aberats, larruzko baloi ziztrin baten atzetik ikusteak hainbeste penatuko ninduenik... Baina bai, ukitu egin nau, eta asko.

Hasiera batean, gogoan dut berdin zitzaidala ondoko herrialdeetako selekzioek zer egiten zuten, baina denbora aurrera joan ahala iritziz aldatu nuen eta, jarrera axolagabe batetik, kontrako jarrera izatera igaro nintzen. Beti ere geure selekzioaren aldeko ideiak sustatuz, aldarrikatuz, oihukatuz,… ikus eta entzun gaitzaten: NAZIO BAT, SELEKZIO BAT!

Nola egon naiteke, bada, selekzio espainiarraren alde? Selekzio horrek berdegunean ordezkatzen duen herrialde faxista, torturatzaile, manipulatzaile eta antieuskaldun (besteak beste) baten alde, nola demontre egon naiteke ba? Neuri behintzat, ezinezkoa egiten zait.
Aldiz, azken iruzkin honen harira, sarri entzun izan dut ez dagoela futbola politikarekin nahastu beharrik… baina zoritxarrez, lagunok, jadanik nahastua ematen digute hedabide, politikari eta gizarte desberdinek.

Eta bai, neurri batean Espainia hunkitua eta geldiarazita egotea ulertu dezaket (hala egongo nintzateke ni neure selekzioak berdina lortuko balu), baina Euskal Herriko txoko guztietatik klaxon-hotsak, turutak eta “¡Campeones!” antzeko oihuak entzuteak edo euren etxean legez maite dituzten ikurrak herri zapaldu bateko gehiengoari muturretik nola aurpegiratzen dizkiguten ikusteak tristatu egiten nau. Makurrarazia sentitzen naiz guztiz, eta baliteke askok trufa egitea neure etsipen hau irakurrita… askok lortuko zuten beraien helburua.

Gainera, amesgaiztoaren hasiera besterik ez da hau… eta euskal abertzaletasunik nahi ez duten “demokrazia” honetan, nazionalismo espainiarra gailendu eta inposatzen da une oro. Kalean, irratian, telebistan,… eta txarrena, euskalduna dela esan baina Espainiako selekzioak irabaztea nahi duen ondoko horren bihotzean. Nekez ulertu dezaket hori.

Asteotan ez da beste gairik egongo. ESPAÑA, ESPAÑA eta ESPAÑA. Baina geuk aurrera jarraitu behar dugu, normaltasunez. Norberaren lanak hor jarraitzen du eta, ogiak prezio berean jarraituko du (edo garestiago akaso), BEZak %18an jarraituko du… baina herrialde bat geldiarazteko ahalmen handiagoa dute praka motzetan jolasten duten hamaika aberatsek, kinka larrian dauden 4 milioi langabek baino. Tamalgarria benetan.

Ohar txiki bat gogorarazi nahiko nizueke, esanez, egunean milaka lagun gosez hiltzen diren herrialde honek albiste izateari utziko diola aurki. Gauetik egunera. Eta, hemendik aurrera, zer?

Amaitzen joateko, esan beharra daukat azken idatzia dela non “La Roja” neure hausnarketen protagonista dena baita neure selekzioari ofizialtasuna aitortzen zaionean, beste selekzio bat legez ikusiko dudala espainiar eta frantsesena ere. Bien bitartean, ez!

Eta nago, "pensamiento único" deritzona hedatze aldera, beste arma kutsakor (eta benetan eraginkor) bat delakoan futbola. Aldiz... nola azaldu hori kutsatua dagoen gizarte bati?

Presio psikologikoari aurre egingo diogu. Baina oraingoan, Espainiak gola sartu digu berriro.


Jon Gomez Garai
2010eko uztailaren 11n