2013-04-26

Araba Euskaraz 2013 Amurrion

Asko gustatu zait Araba Euskarazeko bideoklipa eta kanta!
Aupa Amurrio!

Unai Mendibilen hitzak. Igon Olaguenagaren soinua eta doinua. Naroa Gaintza, Zuriñe Hidalgo eta Mikel Markez dira ahots nagusietan. Luis Vil eta Esteban Zurimendiren bideoklipa. Oso lan txukuna. Bejondeizuela!

2013-04-17

Zorionak, GDKO Ibaizabal!


Bizkaia osoak (eta noski, geure herriak) historia egin du Galdakaoko GDKO Ibaizabal Saskibaloi Taldeari esker. Ibaizabaleko neskak espainiar estatuko saskibaloi-ligarik gorenera iritsi dira eta beraz, hemendik aurrera, Emakumezkoen Liga edo Liga Femenina izenez ezagututakon arituko dira. Hemendik aurrera, Bizkaiak eta Galdakaok badute enbaxadore berria; zeuei esker: ZORIONAK neskak!

Atzo egin zion herriak "alturako" taldeari ongi etorria. Errepide nagusiak hartu zuen jokalarien autobusa. Atzetik ehunka zalek jarraitu zuten taldea eta udaletxeko balkoian agurtu zituzten plazan zeuden senide, jarraitzaile eta kirolari gaztetxoak.

Ezin erraz konformatu eta, akatsen bat aipatzekotan, niri dagokidan alorretik bat aipatuko nuke: ongi etorri gatzgabea izan zen eta aurkezle inprobisatua gaztelaniaz bakarrik aritu zen. Eredu eskasa begira zeuden gaztetxo guztientzat...

2013-04-11

Alex Txikon. Elkarrizketa.

“Mendigoizaletasunarekin ez zara aberastuko”

Bere telefono mugikorrak, jo eta jotzeaz, su hartu eta agendak leher egin behar  diola ematen du. Erritmo jarrai ezinean, hara-hona bizi da Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia. 1981). Igeltseroa lanbidez, azken urteetan geure inguruan dugun mendigoizalerik sonatuena dugu lemoztarra. Izan ere, bere esanetan “profesionalizatze bidean” dagoen honetan, neguko espedizio batean Pakistaneko Laila Peak mendiko gailurra zapaltzen munduko lehena izan da.

Jon GOMEZ GARAI. Lemoa 


Alex Txikon pixka bat baino ezagutzen ez duenak ere badaki gizon abenturazalea dena. Hain du abentura gustuko, bere bizitza ere abentura bilakatzen duela. Solasaldi hau duzu horren lekuko: hamaika dei eta zalantza izan ostean, noiz eta non geldituko ginen ez genekiela ere, Gasteizera joan-etorrian egin genuen elkarrizketa. Xabier Euzkitzek Bisitaria saioarekin egin zion bisita grabatzeko, espedizioetarako erabiltzen dituzten autokarabanetariko bat erabili zuten eta ibilgailua itzultzera joan ginen Arabako hiriburura.

Lemoan hasi genuen ibilbidea, kostata, arratseko 20:00 aldera. Sakelakoak ez zion jotzeari uzten eta “erritmoa jaisteko beharra”, aldarrikatu zuen mendigoizaleak. Mendiko erronkak gauzatu ahal izateko diru laguntzak lortzeari eskaintzen dio eguna eta horrek, nahitaez, erritmo altua ematen dio bere bizimoduari. Orain Nepalera egingo duen espedizioa prestatzen dihardu Txikon. “Juanra Madariaga, Jose Carlos Tamayo eta ekipo jatorrarekin noa”, aitortzen du pozarren. Bueltarako bidaia ere aurreikusita dauka: “Pakistanera egingo dugu berriz bisita, oraingoan K2 mendia igotzeko asmotan”.

Erronka handiak gustatzen zaizkion gizona dugu, eta familia ere, handia du lemoztarrak: Malagatik etorritako gurasoek, hamahiru seme-alaba izan zituzten. Etxeko txikiena da Txikon eta irribarre ekidin ezinarekin “denak gara elementuak, baina txarrena neu”, aitortzen du bere senideez galdetzean. Etxekoez ari ginela, bere abenturak nola hartzen zituzten galdetzean, hasieran amak negar egiten zuela dio serio. “Baina… ohitu behar!”, esanez altxatu zuen ahotsa elkarrizketako gidari inprobisatuak

Mendigoizaletasunak txikitatik deitu du kirolariaren arreta. Mendiari berebiziko estimua hartzeko arrazoi bi nabarmentzen ditu Alex Txikonek. Batetik, mendira egin zuen lehenengo txangoa. Hiru urterekin, arreba eta anai batekin, Areatzatik Gorbeiako gurutzeraino igo zen. “Ziurrenik anaiak eramango ninduen bizkarrean, baina gogoan dut egun hura”, gogoratzen du mendizaleak nostalgiko. Bestetik, Juanito Oiarzabal mendigoizaleak eskaini zuen hitzaldi bat azpimarratuko luke. K2 mendira egin zuen espedizioaren berri ematera, 1994. urtean Oiarzabalek Lemoara egin zuen bisita. Hantxe izan zen bera, “eta horrek markatu zidan” baieztatzen du Txikonek. “16 urte izan arte futbolean aritzen nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen”, azpimarratzen du eta “eskolan piper egiten nuenean, mendira edota eskalada egitera joaten nintzen”, onartzen du mendigoizaleak.

Baina eskolatik piper egite horietan agian berak ere ez zuen imajinatuko gaur egun Euskal Herriko (eta inguruetako) mendigoizale erreferenteetariko bat izango zenik. Bera izan da, neguan, Laila Peak mendiaren tontorrera iristen lehena. Euskal Herritik, espedizioan Juanjo San Sebastian eta bera bakarrik joan ziren. Bigarren saiakeran iritsi ziren tontorrera elur jauzi eta bestelako zailtasunen artean. “Nire begiek denetarik ikusi dute dagoeneko, baina inoiz ez zait antzekorik gertatu” aitortzen du gazteak ikara aurpegiz, elur jauziek sortutako arazoak gogoratzean.

Herri kirolen maitale

Langraiz parean, gasolindegi batean egin behar izan genuen geldialditxoa. Bai, ibilgailuaren gasolina-tanga betetzeko, baina baita Txikonek pixa egin zezan ere. “Gelditu barik daroat egun osoa eta goizetik ez dut txizarik egin. Behar izana nuen Jon!”, zioen indartsu. Horrela ekin genion gelditzen zitzaigun bideari. Orduan, lemoztarraren bigarren afizioagatik galdetu eta maitemindu berri den nerabeak bezala erantzun zuen: “Herri kirolez maiteminduta nago”. Irribarretsu bezain serio gaineratu zuen: “Denbora faltagatik ez balitz, egunero hartuko nuke aizkora”, eta pozarren amaitu esaldia: “Zeinen gustura egoten naizen ni!”.

Orain dela bost urte deskubritu zuen aizkora mundua eta tarteren bat izaten duen bakoitzean enborrak zuritu, aizkorak zorroztu eta subilak ebakitzeari ekiten dio. Hainbat lagunekin elkartzen da Lemoan. Bere iritziz, “naturarekin kontaktu zuzena du aizkolariak ere” eta kirol honek ematen duen energia eta indarrak liluratzen du bereziki. Aizkora edo mendia aukeratu beharko balu, oso zaila egingo litzaioke bat aukeratzea. Hori bai, egiten duena egiten duela, bere buruarekin pozik egotea du beti helburu. “Mendigoizaletasunarekin ez zara aberastuko. Biziraun egingo duzu”, dio mendizaleak, baina bizimodu horretan, “ahalik eta askeena izateko” bizi da Txikon.

Aizkolaritzaz ari ostean, Gasteiztik Lemoara buelta egiteko mendigoizalearen lagun handi bat joan zen gure bila: Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria. Perimetro handiko enborretan espezializatutako aizkolaria da, eta espezialitate horretan, munduko lau errekor eskuratu ditu Bihurri handiak. Ondo ezagutzen dute Txikonek eta Ezpeletak elkar.

Bueltako bidean, mendigoizaleak telebistan egin dituen agerraldiez aritu ginen. Hain justu, orain ETB-1erako sei dokumental sorta prestatzen dabil. Saio horietan abentura izango dute ardatz eta bera izango da protagonista. “Gustua hartu diot telebistari”, aitortzen du lemoztarrak. Eta Bihurrik gaineratu: “Telebistarako asko balio du honek!”.


Elkarrizketa gehiago irakurtzeko, klik egin.