2011-11-30

Euskararen Nazioarteko Eguna ere, ETBn!

Gaur, asteazkena 30, 22:45etik aurrera, Hasier Etxeberriaren 'Euskararen jatorria: enigma europar bat' dokumentala emango du ETB-1ek.

Horrela, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Euskal Telebistak programazio berezia eskainiko du gaurko dokumentalaren estreinaldiarekin hasita.

Gainera, ondorengo saio bereziak ere eskainiko ditu ETBko lehenengo kateak:

Biharko Anitzele saioak keinu egingo dio larunbateko egunari Bernardo Atxaga idazlea gonbidatu hartuta. Larunbatean bertan, Mihiluzek bere 900. saioa eskainiko du eta ohikoa dugun legez, geure hizkuntzarekin jolastera gonbidatzeaz ez ezik, pertsonai ezagunak ere izango dira protagonista. Batutako diru guztia "Ez ahaztu Alzheimerraz" lemapeko EiTBko Maratoira bideratuko da. Ondoren, Sautrela literatur saioa igandean hasiko den Durangoko Azokari begira jarriko da. Mahai-inguru formatuan, sei idazlek parte hartuko duten edizio berezian.

Ostirala aipatu gabe jarraitu dudala konturatuko zineten. Bada, egun hau izango da neuretzat bereziena. Gauean, ETB Kantxak euskararen aldeko pilota jaialdia emitituko du Donostiako Atano III.a pilotalekutik.

Norgehiagoka nagusian lehen mailako pilotariak izango dira, nor baino nor: Irujo eta Laskurain, Xala eta Barriolaren aurka. Eta bertan izango naiz neu! Bai horixe!

Jaialdia baino lehen hainbat kirolari ospetsuk, euskalgintza eta kulturako pertsonaik, aipatutako pilotariekin batera manifestu bat irakurriko dute bertaratutako eta ETB-1eko ikus-entzule guztien aurrean.

Neuk Jaialdia aurkezteko ohorea izango dut eta 1.856 lagunentzako eserlekuak dituen frontoiak gainezka egingo duela jakiteak... indarrak eman eta berotu egiten nau! Astelehenean gonbidapen guztiak agortu egin ziren eta geure hizkuntzaren aldeko jaiaren arrakasta bermatua dago, lagunok!

Bertaratu ezin zaretenok, gogoratu ostiralean hitzordua duzuela, 22:00etatik aurrera ETB-1eko zuzeneko emanaldiarekin!


2011-11-29

Jozank

Euskara Elkarteen Federazioak, Topaguneak, antolatutako 'Jozank' programa prestatzen...

Bertan, sona handiko musikari eta abeslariak, sofa eta plato inprobisatu batean, neuk egindako elkarrizketaren bidez ez ezik, euren zuzenekoez gozatuz, bideoak ikusiz eta ikusleen galderen bitartez ere ezagutuko ditugu.
Ikusleek galderak egiteko bide desberdinak izango dituzue: Tuenti edota sare sozialetan galdetutakoa pantaila erraldoian ikusiz, bertaratutakoek zuzenean, papertxo bitartez...
Musika mundua eta artistak ezagutzeko aukera paregabea!

Ostiral honetan, abenduak 2, Zallako Antzokitik eskainiko dugu saioa, Iñaki Etxezarraga 'EtxE' kantautorea eta Siroka taldearekin.

2011-11-25

Emakumeenganako indarkeriari ez? Beste ikuspuntu bat

Bai. Ados. Noski emakumeenganako indarkeriaren kontra nagoena. Ez dut uste hori inork zalantzan jarriko duenik.
Baina neure kritika pitin bat harago doa. Hori bai, irakurle, ez ezazu txarrera hartu, asmo onenekin baitoaz neure berbak.
Gaia zorroztea besterik ez dut helburu. Korapilotsea, akaso.

Zoritxarrez, egi borobila da gizarte honetan hedatuenetarikoa dugun gaitz edo "lakra" gorrotagarriaren aurka egiteko, gaur bezalako egunak behar dituguna. Aldarrikatzeko ez. Aurka egiteko ere ez, gaitza eta berau sortzen dituzten basatiak desagerrarazteko eguna izan beharko litzateke gaurkoa! Ezin dugulako albistegietan ia egunero jasotzen ditugun bortxakeri, indarkeri edota hilketen inguruko berri txar gehiago barneratzen jarraitu. Nahikoak barneratu baititugu jadanik. Gehiago ez, ez eta ez.

Hala ere, gaurko eguna ez dut oso gustuko. Euskal Jaia, Aitaren Eguna, Amaren Eguna, Domu Santu edo Hildakoen Eguna,... eta antzekoak bat ere atsegin ez ditudan neurri paretsuan.
Konforme. Guztiz desberdinak dira adibide legez jarri ditudan egunen arrazoiak eta gaurko egunez idaztera bultzatu nauenarenak. Batzuek ospatzeko aitzakia dute, kontsumitzekoa, zurikerietan ibiltzekoa... eta gaurko aldarrikapenak ospatzeko ezertxo ere ez duen arren, egunari ematen zaion konnotazioarekin ez nator bat. Negatibo bilakatzen den diskriminazio positibo batean jausten ari gara.

Zergatik "biolentzia matxista"? Zergatik "emakumeenganako indarkeriari ez"? Alajaina, emakumeak direlako genero-indarkeria gehien pairatzen dutenak, eta horixe nabarmendu beharrean gaude. Zalantza barik.

Neuk, ordea, solasaldi eta komunikabideetan sekula agertzen ez den gutxiengo hori ekarri nahi dut geurera.

Zergatik ez dugu gizonenganako indarkeriaren kontrako eguna antolatzen? edota umeenganako indarkeriaren aurkako eguna aldarrikatzen? Gutxiengoa direlako, ados. Baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak.
Zahartzaroan dauden adineko pertsona askok ere gehiegikeriak sufritzen dituzte egunero... ez al dute gizartearen aintzatespena merezi?

ETA erakunde armatuaren indarkeria soilik eta espresuki gaitzestearen alde ez nagoen bezala... edo ETAk sortutako biktimak bakarrik omentzearen alde ez nagoen modu berean... Neuk ez ditut sexu konkretu bateko biktimak bakarrik defendatu nahi. Sentsibilizazio guztiak kontuan hartu behar ditugulako, gutxiengoak badira ere, inor mindu ez dezagun gai konplexu eta mingarri honetan.
Horregatik, eta emakumeei begirunea galdu gabe, edonon ikus dezakegun lema horri 'emakume' hitza kenduko nioke. Funtsean, eta zoritxarrez, emakumeak aipatutzat joko baititugu gainontzeko denak bereizi gabe.

Hori bai, amaitzeko eta laburbilduz, ez nuke neure hausnarketa hezkuntza eta pertsonen heziera aipatu barik amaitu gura. Argi laga dezagun:

Ez dago errua izango duen minigonarik. 'Probokazio' hitzak ez du orain balio. Ez dago horrelako basakeria justifikatuko duen aitzakiarik.
Inor ez da inorena.
Egun honek indarkeria guztiak kontuan hartu eta gizarte askeago bat eraikitzen lagun diezagula, jardunaldi soil batean oinarrituko ez dugun geure etorkizun oparoa lantzeko.


Jon Gomez Garai
2011ko azaroaren 25ean


2011-11-23

Noiz errespetatuko gaituzte?

Nahiz eta ohituak gaituzten, arrazoirik ez du falta Xabier Euzkitze ETB-ko aurkezleak, bere 'Facebook'-eko kontuaren bitartez adierazi digun lotsaizun honen salaketan:

"Herenegun arratsaldean, SER kateko tertulian, UPNko Javier Markotegik JeroaBai esaten zuen behin eta berriz. Nahita, noski, mespretxuz. Uxue Barkosek errespetua eskatu zion, eta ahoskera zuzena zein den gogoratu, baina berdin jarraitu zuen. Proposamen bat egin nahi dut: aurrerantzean Marcotegüi deitzea jaun txit agurgarri horri. Marcotegüi jauna."

ERRESPETUA, lagunok, E-RRES-PE-TU-A. Nahikoa da!

Javier Markotegi (UPN), Nafarroako Parlamentuan.

2011-11-21

Kontxi Belandia (II)

Agindua emana nizuen eta bete dut.

Irailaren 28an herrian eta inguruan aski ezagu
na dugun amama maitagarrienarekin agertzen nintzen argazki bat igo nuen neure Facebook-eko hormara eta ia jardunaldi bakarrean hainbat izan zineten argitaratutakoan iruzkinak egin eta gustoko zenutela adierazi zenuten norbanakoak.

Emozionatu ere egin nintzen hautsitako marka horrekin eta urri hasieran azalpena, argazkia eta iruzkin guztiak bildu eta geure Amama Kontxiri oparituko nizkiola hitz eman nizuen.

Halaxe egin nuen duela gutxi eta bere etxeko atea jota, zeuen laguntzarekin, neure omenaldi xumea egin nion herriko eta inguruko euskaltzale amorratuenari.


Poz-malko batzuk ere jauzi zitzaizkion geure Belandia andratxoari eta
gustora aritu ginen ordu luzez. Denontzako esker oneko hitzak baino ez zituen adierazi arratsalde osoan.

ZEURI, ESKERRIK ASKO KONTXI MAITIA!










2011-11-16

Basauritik Oionera, euskeraz

Interesgarria Urko Aristi ETB-ko aurkezle eta kazetariak bere blogean egindako hausnarketa, ETB-1en euskarazko testigantzak jasotzearen harira. Autokritika ona.
Arrazoi duzu, Urko, geuk zaintzen ez badugu, nork zainduko baitu euskara?

"Baina errezkeria, edo erosokeria, euskeraren etsai bihur daiteke"
"...Gureari errespetua badiogu, ekin diezaiogun egunerokoan, ladreilurik gabe, ezin osatuko bait dugu gure etxea"



2011-11-15

Hurren arte, Kepa!


'Elkar adosten dakigunean, atsegina da bizitza

Gure gatazkak bideratzeko arma onena da hitza'

Eta hitz horiekin joan zaigu Kepa Mallea Olaetxea jauna, irakasle, euskaltzale amorratu, abertzale, bakezale eta gizon Handia, atzo Bilboko Santutxu auzoko ezbeharrean burubako basati batek hil zuenean.

Nik ez nuen Kepa ezagutzeko zorterik izan baina ingurukoen hitzak entzun, egunkariak zabaldu eta argitaratutakoa irakurrita... zeharo astinduta gelditu naiz Euskal Herriak berebiziko lagun bat galdu duenaz ohartzean. Ez dago eskubiderik.

Neure doluminik bizienak senide eta ingurukoei.
Eskerrik asko emandako guztiagatik, Kepa. Goian bego.

2011-11-11

Greziako arazoaren iruzurra

Diruaren zarrastelkeriari errepaso ederra!
Greziaren benetako arazoa Daniel Cohn-Benditen eskutik.


Daniel Cohn-Bendit jatorri alemaneko politikari frantsesa da, egun, 1994tik eurodiputatu. European Green Party alderdiko ekologista.

2011-11-08

Ikusi beharrekoak ikusita...

Gero eta argiago daukat "kritikotasuna" eta "kriteriotasuna" eskolan erakutsi beharko liratekeela benetako pertsona konpetenteak hazte aldera, askoren etxean seme-alaba eder, majo eta ikasle fin izatearekin konformatzen direla ikusita...

Hori bai, dena irakasleen esku utzi barik, hezkuntza eta errespetua etxetik ikasita eraman behar dira.

2011-11-04

Ba al zenekien?

Neure inguruko askok sarritan galdetu didate eta zeuek ere galdera hauek maiz egingo zenizkioten zeuen buruei... Bada, honaxe azalpen zabal eta ulerkor bat:
Zer dira audientziak? Nori interesatzen zaizkio?
Zertarako neurtzen dira? Nork neurtzen ditu?

Eta batez ere...
Nola neurtzen dira telebistako audientziak?
Jakin nahi? Egin klik hemen.

2011-11-03

Ikusi eta (ez) ikasi!

Barre egiten badugu ere, gaur egun horrelako hanka-sartzeak pairatu behar izatea tristea iruditzen zait. Nork eta Bilboko Udalak egindako akatsak, gainera...

Ez diot EGAdun eta euskaltzainburu bat egon behar duenik geure Herrian euskaraz egiten den kartel bakoitza egin edota zuzentzeko, baina arren, interes eta errespetu pixka bat, bederen!



Irudia handitzeko, egin klik argazkiaren gainean.
ETB-1eko 'Mihiluze' saiotik hartua.
Lander Iruretagoienaren argazkia.