2010-05-25

Euskal Herria euskaldun

“Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, hortara goaz…”, zenbat aldiz entzun eta abestu izan ditugu horrelako kanta herrikoiak non hitzek aldarrikapen kutsua duten, askotan seguru asko. Zenbatean esan ohi dugu “euskarak egiten gaitu euskaldun”…, beste anitz bider apika, baina gutariko zenbatek egiten ditu hitz horiek denak errealitate? Hots, zenbatek eramaten ditu hitz xehe hauek eguneroko praktikara? Zenbatek erabiltzen dute euskara gure nortasunaren adierazle?

Gaztelaniaz badago atsotitz zahar bat zeinek hurrengo hau esaten duen: “hitzak haizeak daramatza”, eta bertara jo nahi dut oraingoan, aipatutako esaldiok oinarritzat harturik, euskaldun izatearen sen eta harrotasun horretara.

Hizkuntzak ez dira ezer dagozkien hiztunik gabe. Hiztunak nortasunik gabe geratuko lirateke euren iragan kulturaletik, naziotasunetik baita familia tradiziotik at geldituz gero. Zoritxarrez, asko dira beren nortasun aberatsa galdu duten hizkuntzak, onartu nahi izan ez dituzten botere tamalgarriaren eraginez zapalduta. Arrisku berean daude munduan zehar egun hitz egiten diren hainbat hizkuntza minoritario edo txiki ere. Horietako bat, geurea dugun euskara.

Gauzak horrela eta egoera honen jakitun garelarik, ezer gutxi egiten ari garelakoan nago gure sustraiek bizirik dirau ditzaten. Horregatik eta horretarako, nire ikuspuntu apaletik funtsezkoak diren irizpide eta jokabide urri batzuk eman beharko banitu, honako hauek aipatuko nituzke:

Lehenik eta behin, eta Euskal Herrian erdaldun asko dagoela kontuan izanda, gure etorkizun euskalduna bermatzea ezinbestekoa da. Horri bide emateko, euskaldunok euskaraz aritu behar gara, euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi behar gara, alegia.

Bestetik, hizkuntzalari askoren hitzetan “hizkuntza, nolabait esateko, ADNa da, herri baten kode genetikoa. Kultura baten mamia, egitura bera…” eta horixe bera galdu ez dadin, ditugun arma bakarrez baliatu behar dugu ADN horren galera ekiditeko helburuarekin.

Beraz, “gure ordezkari” politikoek ez dutenez euskararen sustapena lehentasun edota apeta gisa, herritarrok bete beharko dugu lan hori, gure lana ere den hori, noski. Eta hor dago gakoa, ez dugu lan hori egiten. Herri honen politikariek beste arlo batzuetatik jotzen dute harreman arrotzak sendotuz, euskararen erabilera bultzatuz baina beti espainolez edo frantsesez adieraziz… Hori ez da bidea.

Ondorioz, azpijokoak alde batera utzita, agintariek izan behar dute aitzindari eta herritarren eredu bederen. Hala ez izatekotan, eta beraien sinesgarritasuna argi eta garbi gaitzestuz, zertarako daude hemen? Patrikak diruz betetzeko soilik?

Amaitzeko, ez litzaidake Euskal Herriaren gizarte eta politika egoera ez dela makala esatea azpimarratu gabe amaitu nahi. Orain, norberaren hausnarketa garaia da eta bakoitzak jakingo du zer egin, baina nik behintzat Euskal Herria euskaldun ikusi nahi dut.


Jon Gomez Garai
2006ko azaroaren 11n idatzia

2010-05-24

Berria.info-ko titularra

---·---
Berriaren web atarian irakur daitekeen berria irakurtzeko, klikatu hemen. Blog honetako Hamaikako orrialdera joateko berriz, egin klik hemen, eta telebista-kateko web gune ofiziala bisitatzeko, hemen.

2010-05-16

Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira

Elkarrizketa: Oskar Arantzabal (ekonomialaria)
Edu Lartzanguren

"Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira, Euskal Herria bezala"
 
Joseba Egibarren hitzen oihartzuna itzali ez den honetan, krisiak estatu txikiei irekitzen dizkien aukerez mintzatu zen Donostian Oskar Arantzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1967) ekonomialaria.
Arantzabal aditu eibartarrak Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta hamabi urtez aritu da esportazioan lanean. "Las oportunidades soberanistas de los pequeños estados en tiempos de crisis" hitzaldia eman zuen orain gutxi Tomasene Kultur Etxean (Altza, Donostia).


Estatu baten tamaina ideala bost milioi biztanle ingurukoa dela esan duzu lehen ere. Zergatik?

Massachusettseko Teknologia Institutuak 2003. urtean argitaratu zuen
The size of nations [Nazioen tamaina] liburuan, ekonomia aldetik estatu baten tamaina ideala zein litzatekeen aztertu zuten Alberto Alesinak eta Enrique Espolaorek. Ikusten da Danimarka, Norvegia eta horiek bost milioi inguru dauzkatela. AEBetako estatuek kopuru hori daukate gutxi gorabehera, baita Alemaniako Land bakoitzak ere. Giza garapenaren indizean puntan daudenak 5-6 milioi biztanle ingurukoak dira. Kenichi Omae japoniarrak dio estatu idealak merkatu aldetik gutxienez milioi bat biztanle kontsumitzaile izan beharko lituzkeela, eta gehienez, hamar. Marka bat garatzeko, bost milioi oso kopuru egokia dela gaineratzen du. Ez da kasualitatea azken urteotan Eskoziak eta Kataluniak, kopuru horretan dabiltzanak biak, independentzia eskaera zabaltzen hasi izana. Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira.

Orain arte kontrakoa esan digute, hau da, zenbat eta handiagoa orduan eta hobeto ekonomia aldetik. Zer aldatu da?

Globalizazioa.
II. Mundu Gerra amaitu zenean, 70 estatu zeuden munduan, eta gaur 200 daude. Hirukoiztu egin da kopurua, eta hori izango da joera.
The Economist aldizkariak ere iragarria du datozen 20 urteetan estatu gehiago sortuko direla. Estatu txikiak irekiagoak dira esportazio eta inportaziorako, eta askoz gehiago irabazten dute mugak zabaltzean. Handiek eredu autarkikoak dituzte normalean, garai batean inperio izan zirelako, Espainia eta Erresuma Batua kasu. Garai batean, eskalako ekonomiak oso garrantzitsuak ziren, zerga biltzeko eta erosle potentzial gehiago izateko. Hizkuntza eta kultura aniztasuna traba zen orduan. Baina mugak lausotzen direnean, eredu horrek ez du zentzurik izango.

Zergatik sortu du, orduan, halako ika-mika Joseba Egibarrek joan den astean eginiko adierazpenak? 

 Standard & Poor's agentziak Espainiari baino puntuazio hobea ematen diote Hego Euskal Herriari, zergak biltzeko ahalmena dugulako eta horrek maniobratzeko tarte txiki bat ematen digulako. Eskozian eta Katalunian ez dute halakorik, eta eskatzen ari dira. Gure ekonomiaren egitura ere desberdina da: hemen industriak pisu handia du; Espainian, turismoak eta eraikuntzak. Gure ekonomia askoz errealagoa da. Egibarrek esan zuenak zentzua du: Espainian Kataluniako cavari boikot egin ziotenean, %6 jaitsi ziren salmentak, eta esportazio gehiago egiten hasi ziren. Deustuko Unibertsitatean ere ikerketak egin dituzte, eta azkeneko urteotan gure produkzioaren ehuneko gero eta handiago bat joaten da Espainiatik kanpo. Horrek aukera handiagoa ematen digu geure buruaren jabe izateko.

Abertzaletasun esportatzailearen falta sumatzen duzu?

Psikologiak eragin handia du esportazioan. Japoniak eta Alemaniak gerra galdu zutenean, esportatzea herrigintza gisa ikusi zuten, aberriari izen ona emateko bidea, eta horretan sartu ziren buru-belarri. Hemen, berriz, kolonia gara oraindik ekonomikoki, eta horrek pisu handia du psikologikoki. Halakorik ez da gertatzen Eskozian. Egibarrek esandakoa entzunda,
Confebaskekoak dardarka hasten dira, Kataluniako Enpresaburuen Zirkulua gauza bera jendeari powerpointekin esplikatzen dabilen bitartean.

Espainia zer da gaur guretzat?

Espainiako merkatua saturatuta dago, eta, gainera, kobratzeko arazoak daude. Brasil, Txina, India eta Errusia gehiago esplotatu beharko genituzke. Arazoa da gure enpresak txiki samarrak direla esportatzeko.
Klusterrak bultzatu beharko genituzke, horretarako. Espainia kostua bihurtu da guretzat. Neurriak hartu behar dira berandu baino lehen.


Berria-k argitaratua

2010-05-09

Lanaren aintzatespena, esker ona

Galdakaoko blogean argitaratu duten berriak sorpresaz harrapatu nau. Sorpresa atsegina, zalantza barik. Agian, egindako lana ezagutzera ematea esker oneko imintzio bat da. Esfortzuak zerbait balio duelakoaren seinale, akaso.

Ondorengo blogean, nahiz eta idatzien gehiengoa espainolez argitaratzen duten, herritarrek bidalitako berriak bildu eta sare sozialen bitartez zaleei helarazten dizkiete berri nagusiak, herritarrak inguruko kontuen harira egon daitezen. Gainera, arrakastadun orrialdea dela esatera ere ausartuko nintzateke, parte-hartzailea eta jarraitzaile asko dituena.

Honaxe aipatutako berria:


http://www.blogseitb.com/galdakao/2010/05/09/ota-blanca-en-etxebarri-presa-de-lekubaso-jon-gomez-garai-colonias-de-verano/comment-page-1/#comment-12

Eskerrik asko Naiara! Eskerrik asko egileei!

2010-05-06

'Bertsolari'


Bitxiak dira 43tik 46rako hiru segundo horiek... Ez dakit jentea zertara ote doan bertso-saioetara! Bertsoaz gozatzera ala...pik-nik egitera?

Bromak alde batera, Asier Altunaren dokumental-filma hau pantailetan ikusteko irrikaz nago. Zeuek ez?

2010-05-02

TELP tailerra Galdakaon!


(klikatu irudiaren gainean edukia ikusteko)

Epea

Erduzie Galdakaoko euskara elkarteak antolatutako tailerra maiatzaren 15, 22 eta 29an burutuko da, zapatuz, goizeko 10'00etatik 13'30era.

Prezioa

TELPek 100€/pertsonako prezioa du baina Erduzie elkarteak antolatzen duenez, zilegi ikusten du galdakoztar euskaldun eta euskaltzaleei musutruk eskaintzea, hau da, debalde eman gura du tailer hau. Hori bai, asistentzia eskatzen da, 20 lagunentzako lekua baino ez dagoelako. Esandakoa beraz, Galdakaon, 100€ko tailerra DOAN !!!

Animatu eta handitu zeure euskara eremua, baita zeure jarrera ere. Ez izan lehen hitza euskaraz emateko lotsarik. Euskaraz bizitzeko eskubidea daukagulako. Zatoz Torrezabal Kultur Etxean egingo den TELP tailerrera!!! Ez zara damutuko, ez duzu ezer galtzeko eta, bai aldiz, asko irabazteko! Zeuk eta zeure herriak asko eskertuko du!

(Izena eman erduzie@hotmail.com helbidean)