2010-05-25

Euskal Herria euskaldun

“Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, hortara goaz…”, zenbat aldiz entzun eta abestu izan ditugu horrelako kanta herrikoiak non hitzek aldarrikapen kutsua duten, askotan seguru asko. Zenbatean esan ohi dugu “euskarak egiten gaitu euskaldun”…, beste anitz bider apika, baina gutariko zenbatek egiten ditu hitz horiek denak errealitate? Hots, zenbatek eramaten ditu hitz xehe hauek eguneroko praktikara? Zenbatek erabiltzen dute euskara gure nortasunaren adierazle?

Gaztelaniaz badago atsotitz zahar bat zeinek hurrengo hau esaten duen: “hitzak haizeak daramatza”, eta bertara jo nahi dut oraingoan, aipatutako esaldiok oinarritzat harturik, euskaldun izatearen sen eta harrotasun horretara.

Hizkuntzak ez dira ezer dagozkien hiztunik gabe. Hiztunak nortasunik gabe geratuko lirateke euren iragan kulturaletik, naziotasunetik baita familia tradiziotik at geldituz gero. Zoritxarrez, asko dira beren nortasun aberatsa galdu duten hizkuntzak, onartu nahi izan ez dituzten botere tamalgarriaren eraginez zapalduta. Arrisku berean daude munduan zehar egun hitz egiten diren hainbat hizkuntza minoritario edo txiki ere. Horietako bat, geurea dugun euskara.

Gauzak horrela eta egoera honen jakitun garelarik, ezer gutxi egiten ari garelakoan nago gure sustraiek bizirik dirau ditzaten. Horregatik eta horretarako, nire ikuspuntu apaletik funtsezkoak diren irizpide eta jokabide urri batzuk eman beharko banitu, honako hauek aipatuko nituzke:

Lehenik eta behin, eta Euskal Herrian erdaldun asko dagoela kontuan izanda, gure etorkizun euskalduna bermatzea ezinbestekoa da. Horri bide emateko, euskaldunok euskaraz aritu behar gara, euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi behar gara, alegia.

Bestetik, hizkuntzalari askoren hitzetan “hizkuntza, nolabait esateko, ADNa da, herri baten kode genetikoa. Kultura baten mamia, egitura bera…” eta horixe bera galdu ez dadin, ditugun arma bakarrez baliatu behar dugu ADN horren galera ekiditeko helburuarekin.

Beraz, “gure ordezkari” politikoek ez dutenez euskararen sustapena lehentasun edota apeta gisa, herritarrok bete beharko dugu lan hori, gure lana ere den hori, noski. Eta hor dago gakoa, ez dugu lan hori egiten. Herri honen politikariek beste arlo batzuetatik jotzen dute harreman arrotzak sendotuz, euskararen erabilera bultzatuz baina beti espainolez edo frantsesez adieraziz… Hori ez da bidea.

Ondorioz, azpijokoak alde batera utzita, agintariek izan behar dute aitzindari eta herritarren eredu bederen. Hala ez izatekotan, eta beraien sinesgarritasuna argi eta garbi gaitzestuz, zertarako daude hemen? Patrikak diruz betetzeko soilik?

Amaitzeko, ez litzaidake Euskal Herriaren gizarte eta politika egoera ez dela makala esatea azpimarratu gabe amaitu nahi. Orain, norberaren hausnarketa garaia da eta bakoitzak jakingo du zer egin, baina nik behintzat Euskal Herria euskaldun ikusi nahi dut.


Jon Gomez Garai
2006ko azaroaren 11n idatzia