2011-04-26

Agur eta ohore

Bart gabean JON ZAMALLOA musikari, ikertzaile, maisu, abertzale eta parekorik ez duen txistularia hil da.

Euskal kulturak lagun handi bat galdu dau. Mundu mailan eta, batez ere, Euskal Herri osoan geure tradizio eta kulturaren alde lanean ibilitako taldekidea izan dugu Jon bost urtetxo ebazanetik. Orain, 56 urte ebazala joan egin jaku. Baina ez betiko, Herriak eta Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak bere lan, aholku, gomendio eta ikerketa guztiak ondo gordetzen dauzalako, bere bizitzaren ondare.

Beti izango zaitugu gogoan. Eskerrik asko eta hurren arte “Txistu”!











Hileta-elizkizuna bihar izango da, hilak 27, arrastiko 19:00etan Galdakaoko Santa Maria parrokian.

2011-04-25

Aberri Eguna, Arraioa...

Gernika, Baigorri, Bilbo eta Donostian ospatu zen atzo 2011ko Aberri Eguna. Abertzaleon eguna. Eta hauxe duzue Berriak bere webgunean argitaratu duen argazki bilduma.

Argazki bilduma honek atzoko aldarrikatzeko ospakizunen lau tokiak biltzen ditu. Eta horretara joan nahi dut oraingoan: argazki bilduma honek ez lituzke lau herri horiek bildu beharko, herri BAKARREAN egin beharko litzatekeelako, nire ustetan, urteroko abertzaleon hitzordua. EAJ-k Bilbo, Hamaikabat-ek Donostia eta Independentista Sareak Gernika eta Baigorrira joateko deialdiak egin zituzten baina, ez duzue uste alderdikeriak eta hauteskundeak alde batera utzita Euskal Herri osoko abertzale guztiak, egun bakar baterako bada ere (tristea da horrela aitortzea), bildu beharko ginatekeenik?


Pena ematen dit boterea lortzeko grinak, euskaldunok hain komunean dugun gai honetan ere, banatzeko ahalmena izatea. Sentitzen dut baina horretan alderdi guztiek dute erruaren parte. Herritarrok ere badugu erruaren parte, eta hein handi batean gainera. Aipatutzat jo dezagun geure burua eta, esaldi idilikoak diruditen arren, ahalegintxo bat egin dezagun euskaldun guztiak elkartzeko.

Aitzitik, hauxe litzatekeelako etsaiari eman diezaiokegun gozokirik goxoena: euskaldunak elkarri mokoka aritzea.

Bada, are gehiago, espainiarrak alde batetik eta frantsesak bestetik kapazak dira euren artean adostasun batera iristen geure kontra egiteko eta geu, "lau katu" izanda, ez gara geurearen alde elkartzeko kapazak izango ala?! Arraioa…


2011-04-20

Kritika Berrian

Berria egunkariak atzo ETB-1eko IBIL2D saioari buruzko kritika BIKAINA argitaratu zuen Jokin Labaien-en eskutik.

Horrek lanean jarraitzeko indarrak ematen ditu… MILA ESKER!

Honaxe aipatutako kritika:

'IBIL2D'

Jokin Labaien

Hamaika Telebistako gonbidatu bati entzun nion nola Korrikak erakutsi digun, berriz ere, Euskal Herria ez dela berdea soilik. Baduela gorritik, horixkatik zein basamortutik. Badakigula, bai. Ahaztu egiten zaigu, ordea, maizegi. Telebistan, Euskal Herria lau haizetara eder hark gogorarazi zigun, garai batean. Egun, Ibil2d saioak hartu du lekukoa gure herri askotarikoa eta koloretsua ezagut dezagun.

Zazpi saio izan dira orain arte. Urduñatik Ebroren sorlekura, Arantzazu inguruetara, Baztango txokoetara, Arabako Errioxara, Lapurdiko kostara, Debatik Zumaiara eta Santurtzitik Bilbora joan da Jon Gomez.

Gure txokoak erakustea helburu duen saio horrek ez du antz handirik Euskal Herria lau haizetara zenarekin. Begien bistakoa da xumeagoa dela, baliabide gutxiagorekin egina. Noski, ohiz kanpokoa hura baitzen. Helikopteroz filmatutako irudiek handitasuna ematen zieten emanaldiei, mira ezin hobea. Ziur asko, errepikaezina ere bada. Oraingoak, baina, badu bere indargunea. Gertukoa da, eta horrek oso erakargarri egiten du haren sinpletasuna. Ibilbide bat aurkeztu, eta inguruetako herritarrekin gauzatzen dute; haiek ematen dituzte xehetasunak. Erakargarria egiten zait lanerako modu hori. Izan zen, aspaldi ez dela, hainbat pertsona ezagunek beren txoko maiteak erakusten zituzten saioa ere. Formatu horretan, lehentasuna aurpegi ezagunari ematen zaio, hala nahi gabe ere. Helburua hainbat leku berezi erakustea bada, egokiagoa da herritarrak hartzea bidelagun. Haiek ezagutzen dituzte inork baino hobeto. Ez dute turismo bulegoetan banatzen dituzten eskuorrietako zurruntasun eta zuzentasunik; beraz, sinesgarritasun handiagoa dute.

Saioaren beste indarguneetako bat aniztasuna da. Bisitatzen ditugun lekuen muina ez dago eskuorri horietan ageri diren lekuetan bakarrik. Lekuez gain, pertsonak, kultura, ohiturak, kirolak, historia, hizkuntza eta gehiago ezagutzea komeni da. Lekuan lekukoa. Bestela, gure inguruaren ezagutza edertasun bisualera mugatzen dugu. Eta horrek, izatekotan, bidaiatzeko aitzakia izan behar luke. Eta horiek ere, herritarrek emanak dira ETB1eko saioan.

Guk ere hala bidaiatzen dugulako. Oinez, hitzez eta begiek lagunduta, gozatzeko eta ezagutzeko. Bestela, argazkiak ikustea nahikoa litzatzeke.


Idatzia jatorrizko helbidean irakurtzeko, egin klik hemen!


2011-04-13

17. Korrika Galdakaon!

Bariku honetan bertan, apirilak 15, gogo biziz itxaroten ari garen 17. Korrika Galdakaotik pasako da, Bilbotik pasa ostean:

Motorrak berotzen joateko, egunean zehar hainbat ekintza antolatu dute Galdakaoko geure Korrikako lagunek, besteak beste, goizeko Korrika Txikia eta arratsaldeko buruhandiak, txistorrada, txokolatada, kale musikariak...

Gauean aldiz, bi urterik behin euskaldun eta euskaltzaleok gogotsu eta irrikaz jasotzen dugun Korrika pasako da Galdakaotik gaueko 21:30 aldera.

Denon gozamenerako, Aperribaitik sartu, herriari buelta izugarria eman eta Juan Bautista Uriartetik behera Zugutzun amaituko da galdakoztarroi dagokigun aurtengo ibilbidea, Basaurin jarraitzeko.

Hortxe amaituko da Galdakaoko euskalakariok geure herrian Korrikaz gozatzeko izango dugun tartea. Baina ilusioa eta poza ez da hor amaituko, ezta gutxiagorako ere!

Gaueko txandan KORRIKAren aldeko kontzertuak eskainiko dira eta, nola ez, herriko talde bi izango gara hurreratzen direnen gorputzak (are gehiago) alaitzen.

LOREBELTZ eta OXABI erromeria taldeen eskutik jai giroa izango da Galdakaon nagusi, gaueko 22:30etik aurrera, Kurtzeako Plazan.

Hori gutxi balitz, bertan Korrikaren aldeko TXOSNA ere jarriko dute AEK-ko kideek.

Ez da plan txarra ezta?

Galdakaon ere, EUSKARAREN ALDE!!!

Gora Galdakao euskalduna!
Gora Euskal Herri euskalduna!

2011-04-11

Elkarrizketa '8. Lurraldean'



Jatorrizko sarrera 'Zortzigarren Lurraldea' webgunean ikusi



Jatorrizko sarrera 'Zortzigarren Lurraldea' webgunean ikusi

...Ustekabe atsegina nirea, Galdakaoko astekari digital honetan aurkitutako bideoa ikustean!