2010-08-24

Badago Herrialde bat defendatzeko hamaika modu

Euskal Herrian berriz ere!

Andra Mari Dantza Taldearekin Alsaziako 51 urteko nazioarteko jaialdi garrantzitsu batean aste bete parte hartzen egon ostean, herrian berriz ere. Aste gogorra. Jo ta ke ibili gara alde batetik bestera geure herrialdearen izenean, mundu zabaleko gainontzeko 18 talderekin batera, gelditu ezin. Uruguay, Alemania, Georgia, Taywan, Venezuela, Bielorrusia, Eskozia, Eslovakia, India... eta beste hainbaten artean, autobusez 17 orduko bidaia egin ostean, Euskal Herritik Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldea.

Baina ez dakizue zein polita den eta ze gustora gelditzen den norbanakoa munduan zehar zeure Herriaren berri eman (kulturaz, hizkuntzaz, hezkuntzaz, arazoaz,... bertako herritarrekin bai ondoko taldeekin solastuta) eta jendeak Pays Basque, Basque Country edo dena delako legez onartu, errespetatu eta aurkezten zaituenean... zein harro sentitzen zaren geurea den ikurrina gainontzeko herrialdeko banderekin une oro ikustean!

Argi dago existitzen garenaren berri eta geure Herriaren alde egiteko bide desberdinak daudela...

2010-08-13

Telezaborra

“Telebista hezigarria da. Norbaitek pizten duenean, ni beste gela batera joan eta liburu bat irakurtzen hasten naiz”

- Groucho Marx -


Telebista saio batzuek, kode etiko guztiak apurtzen dituzte, pertsona askok kritikatzen dituzte saio horiek bizitza pribatuan eta batzuek berriz, aipatutako telebista-programak debekatzea proposatzen dute, baina jarrera eta kritika horiek inoiz ez dira komunikabide handietan helarazten, telezaborraren negozioaren bultzatzaile nekaezinak baitira, hain zuzen.


Hedabideak kritikaz at gelditzen dira beti, beren zentzura pribatua inposatuz.

Hala ere,...


Zer egingo zenuke gau batean zeure etxeko telebista hondatuko balitz? Irakurri? Lotara joan?

Desesperatu?


“Herri bakoitzak merezi duen telebista du”

- Gustavo Bueno -


Eta ze telebista dugu geuk? Edo...hobeto esanda, zein motako telebistari uzten diogu geure etxeko berotasunera sartzen? Zer onartzen dugu?!


TELEZABORRA


Prentsa sentsasionalista edota telezaborra, hizkera arruntean audientzia irabazteko asmotan sortzen den programazioari esaten zaio, sentsasionalismoa eta morboa sustatzeko eginiko programazioa, alegia.


Arestian aipatu bezalaxe, saio batzuek kode etiko eta kazetaritza-kode guztiak ez betetzeaz gain, moralki kaltegarriak diren baloreak hedatu eta piztu egiten dituzte.


Telebista piztuz gero, adingabekoen ordu tarteak errespetatzen ez direla kontuan harturik, iraingarriak suertatu daitezkeen irudiak pairatu “behar ditugu” une oro eta, ondoko ezaugarriez horniturik dagoen telezaborra irentsi:


Batetik, hizkuntza doilor eta zikina erabili ohi da, informazioaren manipulazioa egiten da, informazioa bera eta iritziak nahastera heldu zaitezkeelarik. Gainera, hirugarren pertsona baten hurkotasunari eta familiartekoari errespetua galtzen zaio, sarritan, besteren baten gabeziak azaleratuz eta ikuskizun bihurtuz.


Hortaz aparte, prostituzioa eta drogen erabilera arrunt bilakatzen dute noiz edo noiz pantailan agertzen diren meriturik gabeko pertsonaiek eta... nola ez, emakumearen irudi biluztua erabili ohi da erakargarritasun amua balitz bezala, kontsumora deituz eta, oro har, emakumea fetitxizatuz.

Argi dagoena zera da: estereotipoak etengabe errepikatu egiten direla, era mugatu batean

izanda ere...


Hau horrela izanik, ulertzekoak dira Gabinet d’Estudis Socials i Opinió Pública deritzon ikerketa sail kataluniarrak, telebistako edukien inguruan ikus-entzuleek dituzten kexak aztertzeko egindako inkestan argitaratutako emaitzak, hiru itaunketa egin dira hiruhileko bakoitzean eta telezaborraren inguruko kexak areagotuz doaz egindako kontsulta bakoitzean.


Hala, 2008ko uztailean egindako galdetegian adierazi zenez, prentsa sentsasionalistaren inguruko ardurak gizarteko %8’7 hartzen zuen; urte bereko urrian, kexa horrek %2’8 batean gora egin zuelarik. Azkenik, 3. hiruhilekoan egindako inkesta berean, 2009ko urtarrilean, telezaborraren ardurak elkarrizketatuen %14’7ra egin zuen salto.


Gainera, bihotz-programak eta prentsa larrosako edukiak ez ditu gizarteko %14’5 batek gustoko, beraz...


Zergatik ez telezaborrarekin bateratu? Finean, zein desberdintasun dago bihotzeko programa baten eta telezaborraren artean?

Hutsaren ondorengoa askoren ustetan.


Hortaz, kopuru biak batu eta ondorioztatu dezagun herritarren %29’2a, bere osotasunean telezaborraz kexatzen dela. ---> [ Telezaborrik EZ: %14’7 + %14’5 = %29`2 ]


Jaun-andreok, orain arte harritzeko datuak ikusi ditugun arren, bada aipatutako datuekin kontraesan bat, hala nola, herritarron kexak alde batera utzita, audimetroek xedatutako emaitzei so egitean. Emaitzek ez dute bat egiten.


Itxuraz, telezaborraz kexatzen gara, bai, baina goazen bada audientziak neurtzen dituen estatistikak aztertzera:


Bartzelonako Víctor Curto eta Isabel Solanas publizitateko irakasleek oraintsu burututako “Telebasura y publicidad” izeneko txosteneko datuei arreta eginez, erdi edo erdi-baxuko gizarte klasea da, zalantza barik, telezaborra gehien kontsumitzen duena.

Aurreko puntuari garrantzirik kendu gabe, hustekabean harrapatzeko moduko datuak atera dituzte gizarteko klase erdi-altu eta altuetatik; nahiz eta klase honen telebista-kontsumoaren batez bestekoaren azpitik egon, kuantitatiboki baztergarria ez den afinitate bat eskaintzen dute, esaterako, “Aquí hay tomate” bihotzeko berrien programa ohia, “Sálvame” edota “El Diario” moduko saioek %94’2ko audientzia dute gizarteko klase altuetan.

Beste datu interesgarri bat ikus-entzuleen sexuan aurkituko dugu, telezaborra ikusten duen gehiengoa emakumezkoak baitira.


Emaitza hauen bistara, koska berri eta interesgarri batzuen aurrean gaudela esan dezakegu:

Zergatik ikusten ditugu programa hauek? Ze onura dakar gure bizimodurako horrelako saio “zakar” batek? Aberasgarriak ote?


Batzuen erantzuna telebista kateek ematen dutena delako…

Besteena telebistako kultura bat delako… besterik ez dago eta…


Baina gogoan izanda telebista kateen gehiengoa enpresa pribatuak direla (euren burtsako kotizazioek hala adierazten dute) eta hortaz, enpresa batek bere etekinak handitzea duela helburu, galderari buelta eman diezaiogun:


Zer saltzen dute telebista kateek, audientzia handia izateko eta beraz, publizitatean funtsezko diru-sarrerak izateko?


GEUK ESKATZEN DUGUNA


Geuk eskatzen duguna kultura bako programa merke horiek badira, telebistek geuk ikusten duguna emitituko dute eta hortaz, Gustavo Bueno filosofo eta idazle errioxarraren esanei men eginez, merezi dugun telebista dugula aitortu beharrean gaude.


Orokorrean, eta salbuespenak salbuespen, kultura oso baxuko telebista nahi dugu, geure eguneroko bizimodu lanpetutik alde egin nahian, pentsaraziko ez digun telebista batengana jotzen dugu. Telebista bat zeinek burua beste kontu batzuetan mantenduko gaituen, une batez bada ere, errealitateko arazoei uko egiteko.


Amaitzeko, konturatu zinetelakoan, espainiar telebistaren inguruan jardun natzaizue baina, ez nuke Euskal Herriko egoera desberdina dugula esan gabe amaitu nahi.


Euskal Herrian, Ingalaterran, Alemanian edota munduko beste edozein herrialderen kontrara, zoritxarrez euskal telebisten eskaintza oso urria dugula aipatu gurako nuke eta beraz, kate espainiar edota frantsesetara jo behar izaten dugula geure apeta komunikatiboak asetzeko asmotan.


Hori bai, beste hizkuntza bateko telebistara jotzen dugunean, normalki, zertarako izaten da?

Sarritan, TELEZABORRA IRENSTEKO!


Ondorioz, ez dezagun esan euskaldunok ez dugunik telezaborra ikusten eta ontzat hartu dezagun zentzu horretan behintzat, euskal herritarrak gainontzeko lurraldeetako biztanleak bezalakoxeak garela.



“Telebista geure sistema kultural osoko porrota

islatzen duen ispilua da”

- Federico Fellini -



Jon Gomez Garai

2010eko abuztuan