2012-03-28

Gogoan izango zaitugu, betirako

Ez nuen neure burua honetarako kapaz ikusten, baina herriko ‘ERABIDE emakume taldeak’ eta Galdakaoko Udaleko ‘Berdintasun Arloak’ bultzatuta idatzi ditut neure familiaren hutsuneari eskainitako berbak:


Jakin badakigu bizitzak ezustekoak ematen dituela sarritan. Onak batzuetan, txarrak beste askotan. Eta txarrak dira, zoritxarrez, geure bizimodua gehien aldatzen dutenak. Gauetik egunera edo egunetik gauera, bizitza aldatu dakizuke erabat. Konturatu barik, nahigabe eta zeure borondatearen kontra, baina bizitza aldatu zaizu. “Zergatik” galdetzen diozu zeure buruari orduan, arrazoiak bilatuz. Zergatik geuri? Zergatik horrela?

Antzekoa gertatu zitzaigun geurean, amesgaiztoko bi hilabete eta erdian, Pauli geure senidea joan zenean. Ez zegoen eskubiderik, antza denez, inork ezin zezakeen bere bizitzagatik ezer egin, eta 61 urterekin joan egin zitzaigun Pauli. 2011ko ekainaren 16an, primeran eta beti bezain jator egotetik, irailaren 5ean buruko minbiziak jota hil zen arte.

Neure eskutik helduta hartu zuen azken arnasa… eta maite nuela, maite genuela esanez agurtu nintzen beraz, bizitzak emandako injustizia hori sinetsi barik.

Orain, 6 hilabete geure Pauli gabe, negar malkoak begitik kentzen saiatu eta emakume bikain honek utzi diguna nabarmentzeko beharrean nago.
Horregatik, laztana, zauden tokian zaudela, entzun ezazu geure esker ona eta gogoratu ezazu asko maite izan zaitugula familian; eta maitatzen jarraituko zaitugula beti.


Eskerrik asko egin duzun lan handiagatik, duda barik, emakumeen aldeko borrokatxoan eta eskaini diguzun maitasun osoan. Zoragarria izan zara.

Eskerrik asko utzitako altxorragatik, zeure seme-alabak; zeure lanaren ondare, zoragarriak direlako ere! Ezin hobeto hazitako seme-alabek jarraituko dute zeure bide zintzoa, eta beraien arrakasta guztiak, zeure omenaldi izango dira. Eta zin egiten dizut, Pauli, elkar zainduko dugula, zuretzako izan diren legez, niretzako ere berebizikoak direlako Esti eta Rikar.

Jadanik ez zaitugu geure bazkari eder horietan izango; ez zaitugu zeure lagunekin, tabernako izkina batean kartetan jolasten gehiago ikusiko; neure amak ez ditu zurekin liburu gehiago konpartituko eta ezin izango zaitugu gehiago musukatu…

Baina ez izan zalantzarik, lehenengo egunean bezala maitatzen jarraituko zaitugulako.

Eskerrik asko emandakoagatik, Pauli, musu handi bat eta laster arte!


Jon Gomez Garai
Senideen izenean

Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean egindako omenaldian
2012ko martxoaren 14ean



2012-03-19

Albiste itxaropentsua

Gorka Maneiro UPyD alderdi ultraeskuindar espainoleko legebiltzarkideak, gaur goizean bere 'Twitter'-eko kontuaren bitartez PSE-EE, EAJ-PNV alderdiarekin Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Guardia Zibila murrizteko ituna sinatzen saiatuko dela adierazi du, zurrumurruek diotenaren arabera.


Maiz helarazi diot neure errefusa Guardia Zibila Euskal Herrian egoteari.
Hamaika argudio izan ditut beti militar horiek geure mugen beste aldera egon behar dutena defendatuz eta, orain, 2011ko urriaren 20an ETA erakunde armatuak su-eten "iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri zuenetik, ez dago aitzakiarik. Garai "baketsu" batean gaudela saldu nahi diguten honetan, ez dago zer eztabaidatu. Lehen ere ez nituen geure lurretan nahi. Orain are gutxiago.

Bada, egin dezagun hausnarketatxo arina:

Zertarako nahi dugu Guardia Zibila Euskal Herrian? Zer egiten dute geure lurretan?

Hego Euskal Herrian 40 polizia etxetik gora ditu institutu armatuak eta zenbatezinak dira geure artean ditugun militarrak eta beraien familiak, Euskal Herrian egoteagatik euretariko armatu bakoitzak "arrisku-plusa" gisara diru moltsoa kobratzen duela gogoratuz. Zein dute arrisku? Zintzoki, daukaten iragan eta orainaldi susmagarriarekin, hauek baino arrisku gehiagorik?!...

Euskarazko 'Wikipedia' entziklopedia askeak hauxe dio Guardia Zibilaren harira:

"EAEn zeregin oso murritzak ditu, Ertzaintzak dituelako segurtasuneko eta trafikoko eskumen guztiak; Guardia Zibilaren eginkizun nagusia ETAren aurkako borroka da."

Zer esanik ez, adiskide, eskerrik asko betetako eginkizun nagusi horregatik baina zeuen lana amaitu da Euskal Herrian... "Krisi" garaian gainera, zenbat aurreztuko genukeen Francoren oinordekoak etxera bidalita!

Geure partetik, esames hau egiazko bilakatzea baino ezin dugu itxaron eta, nola ez, aurrerapauso hau Hego Euskal Herri osotik desagerrarazteko lehenengo urratsa baino ez daitela izan itxaropenez pentsatu.




2012-03-12

'Lokaleroak' saioaren I. Gala Mundiala

'EiTB.com'-ek hemen, 'Kapuko' aldizkariak hemen eta 'Gaztea'-k ere hementxe...
Argi zegoen. Komunikabideek ere aurreikusten zuten festa erraldoia... eta iritsi zen eguna!...


Larunbatean ospatu genuen ETB-3ko 'Lokaleroak' saioaren I. Gala Mundiala eta honaxe EiTBk webgunean argitaratu dituen hainbat argazki.

Telebistan berriz, apirilaren 3an izango duzue ordu bi eta erdiko Galaren laburpena, 22:00 pasatxo, ETBko hirugarren katean.


Neure partetik, ez dut hitzik Durangoko 'Plateruena' Kafe Antzokian bizitakoak deskribatzeko. Bakarrik, esan, ikaragarria izan zela, benetan bizia eta euskal telebistako jaialdietan, aitzindaria. Jai giro eta festa erraldoiaz gozatu genuen inongo ezbairik gabe. Gozatzeko lanegun horietarikoa.

Neuk ere, oso nekatuta, baina pozik; oso pozik amaitu nuen saioa.
Ehundaka gazte bertaratu ziren sari banaketara eta ohorea izan zen niretzat bertan egotea, ohorea aurkeztea eta gozamena ETB eta PAUSA Digital produkzio-etxearekin lan egitea. Mundu honetan pertsona jator eta langileak daudenaren adibide garbia zarete, adiskideok.

Horregatik eta nigan jarri duzuen konfiantzagatik...
ESKERRIK ASKO!!!





2012-03-06

Nola ahaztu...



Galdakao eta inguruetako oroimen historikoa berreskuratu eta ezagutzera emateko sortutako koordinakundea da 'Galdako Gogora' taldea.

Bada, aurten dute lanaldi gogorrena herrian, 75 urte direlako Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri bonbardatu zutenetik. Galdakao horietariko bat izan zen eta horrexegatik, herritar jator eta euskaldunez osatutako talde honek hilabeteetako egitarau oparoa osatu du herri mailan.

Lehenengoetariko saioak, emakumeen nazioarteko egunaren harira ospatuko diren ekintzekin egin du bat. Hala, Galdakaoko Udaleko 'Berdintasun Arloak' eta 'Galdako Gogora' taldeak elkarlanean, Torrezabal Kultur Etxeko berotasunean Izarren argia filmaren Zine Forumaz gozatzeko aukera eman dit koordinakundearen gonbidapenak.


1938. urtean, Espainiako Gerra Zibileko alderdi ilunetariko bat bizi izan zuten geure arbasoek Kantauri Itsasoari begira zegoen Saturrarango emakumeen presondegian, eta gertatutakoak islatu nahi izan ditu Mikel Rueda zuzendariak film eder honekin.

Neure txoko honetatik pelikula triste, gogor, hunkigarri baina egiazko hau ikusteko gonbitea baino ezin dizuet egin. Aretoak gainezka egin duen jardunaldi bakarrenetarikoan, amorrua eta hunkidura nagusi zela esatera ausartuko nintzateke. Eta neu ere hala sentitu naiz, amorruz beteta.

Egindakoagatik oraindik barkamenik eskatu ez duten garai "baketsu" eta biolentzia gaitzestu "behar" den honetan, agerian uzten du lan honek jakin badakiguna:

Nekez justifikatuko dugu gerra bat, ezin izango dugu ultra-eskuindarren itxurakeria ere sinistu (alderdi demokratikoen siglen atzean ezkutatuta ere), egundo ez dugu Guardia Zibilaren iragana eta jatorria ahaztuko, eta horregatik, ezingo dugu euren presentzia Euskal Herrian onartu... eta, oraindik hamaika jarraitzaile dituen eliza katolikoaren betekizunarekin ere, ez dugu inoiz bat egingo.

Neure oinarriak berretsi ditu Izarren argia ("Estrellas que alcanzar", gaztelaniaz) lanak, beste behin, emakumeen garrantzia nabarmenduz baina bizitako zapalkuntza azpimarratuz. Horrelako filmegatik ez balitz, aspaldi ahaztuta izango genuke geure herriaren iragana.

Horregatik, zorionak eta neure eskerrik beroena guzti hau posible egin duzuenoi, geure iraganaren pasartetxo bat gogorarazteagatik, ba erakundeen esku balego... geure iragana ahantzita, ezin izango baikenuke geure Herria eraikitzen jarraitu...