2012-12-30

Urte berrirako:

Neuk ere, EiTBko arduradunei eta, oro har, Eusko Jaurlaritzako agintari berriei, euskararen aldeko apustu handi eta nabariagoa egin dezaten eskatu nahi diet. Ez aurreko gobernu-taldearekin alderatuta "gehiago". Ez. Inoiz egin duzuena baino gehiago.

Euskara gehiago behar dugu. Kulturan inbertsio handiak eginda bakarrik eraikiko dugulako Herri aberatsa. EiTB taldea horren parte garrantzitsu da. Baina ETB-1 ahaztua izan duzue beti. ETB-2ren anai txikia ei da, eta pentsamendu horrekin ez goaz inora. ETB-1 sendo behar dugu. Erakargarri. Kalitatezko ETB-1 behar dugu.

Horretarako, hurrengo artikulu honetan Xabier Euzkitzek ondo dioen legez, "euskarazko telebista zertarako sortu zen gogoratu eta planteamendu serio bat egin beharko dugu". Laguntzeko prest gaude, baina bitartekoak behar izango ditugu bide horretan lan egiteko.

Beste behin, oso fin, Xabier. Animo, onena etortzear dago eta!
 

Eguzkilore


Jaso nuen neure oparia eta hemendik aurrera, gustura bezain harro jantziko dut Eguzkilorea!

Mila esker, Ander eta Igotz Zuluaga eta Zuluaga Bitxitegiko ekipo guztiari!


2012-12-27

Egin zaitez laguntzaile!

Aurten ere, izena eman, eta gaur iritsi zait Korrika Laguntzaile txartela eta bereizgarria! Eman euskara elkarri!


2012-12-17

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin

Pasa den maiatzean argitaratutako sarrera batean "denboraldiko neure proiektu handienetarikoa" legez izendatu nuen. Ohore legez.

Eta zeuei, zeuen alor profesionaleko erronka handiena egin, eta berriz errepikatzeko proposamena luzatuko balizuete nola sentituko zinatekete? Halaxe sentitzen naiz ni. Pozarren, nazioartean erreferente den orkestra sinfonikoa aurkeztu eta talde osoarekin lan egiteko eskaintza bigarrenez jaso izanaz. 

Gustukoa eta ondo egiten direnak errepikatzen dira, antza denez, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin aritu naiz eskoletako gaztetxoei eskainitako aste osoko kontzertuak aurkezten.


Emanaldien azken egunean, Euskadi Irratiako kideak etorri zitzaizkigun Miramonen EOSek duen egoitza nagusira. Txoko batean set inprobisatua prestatu eta bertatik eskaini zuten, zuzenean, 'Faktoria' saio osoa.

Gehiegi luzatu barik, hurrengo soinu-kliparekin utziko zaituztet. Adierazitako tarteak entzunda izango duzue neure bigarren ikuskizun honen berri:


 
00:00-00:08. Ikuskizunaren aurkezpena, xehetasunak eta Iñigo Alberdiri, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Nagusiari egindako elkarrizketa.
 
02:11-02:24. Jon Malaxetxebarria orkestra-zuzendaria, Maialen Rezabal biolinista eta neuri egindako elkarrizketa entzungai.


Profesional hutsak zaretelako, niretzat zeuekin lan egitea eta mundu mailan eredu den orkestra aurkeztea ohorea delako. Zoragarriak zaretelako. Eskerrik asko eta hurren arte!