2010-12-31

Agur 2010... Ongi etorri 2011!



Neure inguruan egon zaretenoi, zaudetenoi, egongo zaretenoi eta geure artean egon ezin zareten guztioi... neure besarkadarik beroena eta norberak bereari eutsiz... URTE ASKOTARAKO!!!

2010. urteari AGUR esan eta 2011. urteari ONDO ETORRIA emateko eguna iritsi da... Lagunok, urtea behar bezala amaitu eta berria hobeto hasiko duzuelakoan, URTE BERRI ON!!! ;-)

2010-12-20

Euskararen "Gaitasun" Agiria?


Unibertsitateko ikasketak euskara hutsez egitean (D ereduan) eta azterketarik egin gabe, zuzenean EGA eskuratzearen kontua ez dut egoki ikusten.

Baina aldi berean, ez naiz oso EGAzalea, "makina txanponjale" kutsua hartzen baitiot sistema honi eta ez duelako euskararen ezagutza (eta are gutxiago erabilera) behar bezala baloratzen... baina euskara bermatzeko paper ofizial baten behar izana ere badugu Herri honetan... enfin, ez dakit, baina ez diot usain onik hartzen kontu honi eta, berriz ere, EGA aipatzean kontraesanez josita ikusten dut neure burua.

Gauza bat argi badaukat, euskarak ERRESPETUA merezi duela da eta, gaur egun, jostailu legez erabiltzen dela Europako hizkuntzarik zaharrena. Baina,… zergatik ote?

2010-12-16

Korrika 17; Trebiñu-Donostia

2011ko apirilaren 7an Trebiñun, hain zuzen ere, hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez, apirilaren 17an Donostiara heldu arte.“Maitatu, ikasi, ari… euskalakari” lelopean, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu Korrika 17k, gau eta egun gelditu gabe.

Hauxe duzue, aurtengo Korrikako spota:



Korrika.org

2010-12-14

Euskararekiko PPren konpromisoak eta Mayor Orejaren birraitona

Gonbidapen bat egin nahi dizuet segidan:

Irakurri hurrengo artikuluan Antonio Basagoitik euskararen inguruan esandakoak (hauteskunde-hatsa dutenak) eta ikusi Mayor Orejak duela urtebete inguru esandakoak; bere birraitona goraipatzen du EUSKARA etxean DEBEKATZEAGATIK!

I. Larrazabal, 2010eko abenduaren 14an
ZuZeu albistarian argitaratua

Antonio Basagoiti euskal PPren presidenteak Euskaltzaindian hitz egin du gaur, euskararen XXI. mendeko perspektibei buruz. “Euskal kulturaren aberastasun” gisa deskribatu du euskara, eta “alderdikerietatik gaindi babestu beharrekoa”. Urte eta erdira isildu nahi ote ditu Basagoitik Mayor Orejak bere berraitonak euskara debekatu izanaz harrotu zenean esan zituenekoak?

Mayor Orejak iaz esan zuen, harro, bere berraitonak seme-alabei etxean euskaraz egitea debekatu ziela, “eta era horretan ez ziren baserrira mugatu”. Kataluniako hezkuntza legearen eraketaren testuinguruan egin zituen adierazpen horiek, gaztelaniaren handitasuna erakuste aldera. Historiatxo horrekin PPko kideak “frogatu” nahi zuen “komunikaziorako gaitasuna lehenesten dutenen buru argitasuna dela garrantzitsuena” eta hizkuntzak “ez direla politika”.

Basagoitik gaur PPk euskararekiko duen konpromisoa nabarmendu du: “Inor ez dadila ausartu alderdi honek euskararen garapenarekin duen konpromisoa zalantzan jartzera, demostratu egin beharko du, eta bere gezurrak, faltsukeriak eta interesak agerian jarriko ditu”.

Bere hitzetan, “euskara babestea eta bultzatzea denon egitekoa da, euskara gure kultur ondarea da, euskal herritarrona”. PPk euskararekiko duen konpromisoari ez diola uko egingo esan du Basagoitik, “nahiz eta zenbaitek guri ez dagozkigun etiketak jarri nahi dizkigun”. PPren eredu, egunerokotasunean euskaraz mintzatzen diren Laura Garrido, Carlos Iturgaiz, Xabier Olabarrieta, Rafa Olaizola, Mari Carmen Larrañaga, José Luis Marcaida, Itziar Lamarain edo Pilar Elías zinegotzi eta PPko kideak aipatu ditu, eta Arantza Quiroga eta Carmelo Barrio egiten ari diren lana goretsi. 2003an euskara ikasteko asmoa zuela esan zuen Basagoitik, eta gaur esan du “ahalegin handiagoarekin” egin beharko lukeela. Gaur, nola hala, euskaraz irakurri du.

“Hizkuntza honek ez dauka berau zenbaitek maneiatu nahi duten gehiegikerien kulparik”, esan du.

“Sesio zaharrak eta praktika txarrak lurperatzeko deia” egin du gaur Basagoitik Euskaltzaindian.

Agian 2008an berak egindako hitzei buruz ari zen (bigarren bideoan), “euskara mantendu behar den hizkuntza eta gaztelania eta ingelesa bultzatu beharrekoak” zirela esan zuenekoaz agian.





(jatorrizko bertsioa ZuZeu bitartez irakurtzeko, egin klik hemen)

2010-12-03

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta...

Primeran daude Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko burututako edo burutuko diren ekimen, ekintza eta ikuskizun guztiak... Europako hizkuntza zaharrenak mundu zabalean hainbat omenaldi jasoko du gaurko egunean. Hala ere, hizkuntza bati eman diezaiokegun merezitako omenaldirik onena norberaren egunerokotasunean erabili eta bizitzako arlo guztietara eramatean dago.

Ondo etorria izan bedi euskararen normalizazioaren bidean bere erabilera sustatzeko antolatutako edozein ekitaldi... Baina, lagunok, bihotza ukitu gaitzaken hitz eta lema politez egindako ekitaldiak alferrikakoak dira gainontzeko 364 egunetan abenduaren 3an jazotakoak ahazten baldin baditugu.

Has gaitezen bada, norberak bere omenalditxoa eskaintzearekin!