2012-05-30

Madonna euskaraz!

Dena hasi zen urtebetetze-jai batean.

Madonna izar preziatuak Euskal Herrian pasa zituen iazko oporrak, Lapurdiko Getaria herrian, hain zuzen. Bertan, Labeque pianojole ahizpa ezagunen urteguna ospatu behar zuten eta abeslari ezaguna bertatik zebilela baliatuz, euren urtebetetze-jaira gonbidatu zuten.

Ospakizuna girotzeko Ipar Euskal Herriko 'Kalakan' taldea deitu zuten Labequetarrek (pianojoleek aipatutako taldearen lehenengo diskoan parte hartu zuten) eta bertan ikuskizuna eskaintzen zeudela, Madonnak ikusi, entzun eta txundituta gelditu zen euskal doinuekin. Horrela, esamesek esaten zutena egi bihurtuz, Ipar Amerikako kantariak bere hurrengo proiektu-biran parte hartzeko proposamena luzatu zion hirukote euskaldunari.

Esan eta egin. Madonnak "Aldapeko" izenez ezagutzen dugun "Sagarra jo" kantua abestuko du, herrikide ditugun musikarien ahots eta doinuekin batera.

Tel Aviv (Israel) hirian hasi dute aurtengo Madonnaren bira musikala, eta hauxe duzue lehenengo kontzerturako egindako entseguen ikus-entzunezkoa. 'Kalakan' taldearen parte hartzea, 2:15. minututik aurrera dago ikusgai.


'Kalakan' taldea Thierry Biscaryk, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk osatzen dute. Ahotsak era ikusgarrian baliatzen dituzte; txalaparta, ttun-ttun, danbor, txirula eta albokarekin batera. Euskal musika tradizionala dute oinarri, baina euren musikaren emaitza erabat berria eta zinez indartsua da.

Artzeren poema dute oinarri eta horrela ulertu daiteke euren musika sortzeko modua: "Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik..."



Asko pozten naiz taldeagatik. Bejondeizuela, lagunok!

Baina Ipar Euskal Herriko geure kultura sustatzeko ekimen bikaina dena izateaz ez ezik, euskara mundu mailan sustatzeko egin daitekeen nahigabeko ekimen handienaren aurrean ere egon gaitezke.

Hamaika erakunde, elkarte eta norbanakoren asmoak batuta baino eraginkorragoa izan daitekeelako Madonna euskaraz entzutea!


2012-05-27

Ahaztua dugun partidua

Etxean dagoeneko.

Athletic aitzaki hartuta, Madrileko hiriburua zuri-gorriz jantzi eta gutariko askok, hainbeste gorroto duten sen euskalduna badagoena erakutsi diegu, noski, modu onez eta jai giroan. Horrela ere, badagoelako zer irabazi!

Bide batez, turismo egiteko ere baliatu ditugu lau egunak eta, denaren gainetik, Historiaren parte bilakatu gara 50.000 athleticzale baino gehiago kilometro mordoa egin eta etxetik kanpo elkartuta.

Hori bai, gizarteko arazoen aurrean ere, neurri berean mobilizatuko bagina...

Norgehiagokako emaitzak ez du aipamenik merezi (futbolak aipamen handirik merezi ez duen bezala). Beraz, pena bakarrarekin itzuli naiz etxera:

Finaleko hiriburura joandakoen erdiak (horrekin konformatuko nintzateke) euskaraz entzungo banitu, geure Herriaren partidarik garrantzitsuena irabazita izango genuke!

2012-05-24

Neure zain erradikalena azaleraziz

BAI, onartzen dut (futbolaz oso oso gutxitan idazten dudan arren)...

Neu ere jausi naiz XXI. mendeko droga dogmatikoan eta Madrilera joateko motxila prestatzen ari naiz: bufanda, elastiko zuri-gorriak... eta txilibitua, bai, txilibitua. Ez baitago gauza erakargarriagorik debekuari hortzak erakustea baino.

Jakin primeran dakit Espainian egongo garena, Espainiako hiriburuan eta Espainiako txapelketa baten Finala ikusten izango garena; gure futbol jokalariak Espainiako Erregearen Kopa jolasten arituko direna badakit, eta erabat kontraesankorra den arren, NEU BANOA!

Baina hala ere, diktadura-garaia (teorian) aspaldi pasata dagoenez eta ustezko adierazpen askatasuna praktikan jarri behar dugunez, txistu egingo diet Francoren oinordeko inposatuei baita herrialde horretako ereserkiari ere.

Bizitza kontraesanez josia dagoelako, ikusi nahi ez gaituztelako eta euskal kirol talde bat Historia egiten ikusi nahi dudalako, bikain pasako dugu Madrileko egonaldian!!!
 

AUPA ATHLETIC!



2012-05-22

Bide eginez...

Galdakaon Gerra Zibilean gertatu zirenak gogora ekarri eta oroimen historikoa berreskuratzeko sortutako 'Galdako Gogora' lan-taldeak antolatutako egitarau zabalaren baitan, 'Bagabiz' Gazte Asanbladak garai horretako eusko gudariak gogoratuko zituen kale antzerkia antolatu zuen pasa den igandean.


Orduko janzkeraz, propio apaindutako kamioi eta guzti, kalez kale aritu ziren. Bidean, geure etxeetako atalondo edota etxaurreetan oraindik ditugun plaka frankistak kentzen zioazen "geure Herria ikara eta sarraskiaren bitartez oinperatu zuten horien irudi ezta sinbolo bakar bat ere gelditu ez daiten" argudiatuz. "Duintasun eta harrotasunagatik" egin zuten, "baina baita legeagatik ere" (2007. urtean, Espainiako Parlamentuak onartutako Memoria Historikoko Legeak ikur faxista guztiak bide publikotik kentzeko eskatzen baitzuen).


Benetako demokraziaren alde dagoen edonork ekintza hau ondo ikusi dezakeen arren, legea norberan eskutik hartzea ez da beti ongi etorria izaten, eta 'El Correo' egunkariak argitaratu duen berrian irakur daitekeen legez, zortzi galdakoztar gazte identifikatu zituen udaltzaingoak aipatutako 35 xafla frankista horiek errotik ateratzeagatik.

Neure xumetasunetik, udaltzaingoen lan-protokoloa ulertzen dudan arren, gazte horien ekimen eta balentria txalotu beharrean nago. Agian ez da izan ekintza burutzeko biderik egokiena, baina umorez egin zenutela jakinda, zer demonio, biba zuek!

Faxismoaren garai ilun horiengatik inork barkamena eskatu ez duen honetan, ez ditugu basapizti horien garaikurrak geure kaleetan ikusten jarraitu nahi. Are gehiago, geure erakundeek ez dutenez iniziatiba hartzen, goraipatzekoak izan daitezela horrelako iniziatibak, polemikaz josiak badira ere.

Herriak eman du lehenengo pausua. Erakundeen tenorea da orain.

  Argazkiak: Galdakao Bizirik

Eskertuz

Sare sozialen bitartez bakarrik, 400 zorion-mezu baino gehiago jaso nituen neure urtegunean, iragandako maiatzaren 17an. Horrexegatik, neuri idaztera eskaini zenituzten segundo eta minutu horiengatik:
ESKERRIK ASKO eta urte askotarako!

2012-05-06

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin



Aurreratu nizuen legez, iritsi da denboraldiko neure proiektu handienetariko bati ekiteko ordua!

Azken asteotan gidoi luzeekin, batzarrekin eta ensaioekin aritu ostean, aste honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bere osotasunean aurkezteko ohorea izango dut Miramonen eskainiko diren kontzertu didaktikoetan.


ETBren bitartez egingo dudan aurkezpen landu eta pribilejiatu hau, eskola eta ikastolako umeentzat zuzenduta egongo da, bereziki. Horrela, zortzi emanaldi emango ditugu. 4.000 gaztetxo izango ditut begiradaren aurrean, musika sinfonikoaz gozatzen eta neure pailazokeriekin, urrunekoa egiten zaigun mundu bat hurbilarazten...



Hala ere, denen artean emanaldi berezi bi eskainiko ditugu:

Maiatzaren 11n, adimen ezintasuna duten pertsonak izango ditugu ikus-entzule eta hilaren 12ko saioan, sarrera irekia izango dugu bertaratu nahi duen ororentzat. Aukera polita familian, lagunekin edota bikotekidearekin mundu mailan eredu den orkestra sinfonikoaz gozatzeko. Hautabide paregabea askori arrotz edota aspergarri egiten zaien mundua ezagutzeko. Zin egiten dizuet bertaratutakoa ez dela aspertuko!

Sare sozialen bitartez joango naiz saioen eta neure sentipenen berri ematen.

Bien bitartean, informazio zehaztua eskuratzeko, honaxe ikuskizunaren panfletoa: "Sherezade eta beste ahots batzuk"