2012-05-22

Bide eginez...

Galdakaon Gerra Zibilean gertatu zirenak gogora ekarri eta oroimen historikoa berreskuratzeko sortutako 'Galdako Gogora' lan-taldeak antolatutako egitarau zabalaren baitan, 'Bagabiz' Gazte Asanbladak garai horretako eusko gudariak gogoratuko zituen kale antzerkia antolatu zuen pasa den igandean.


Orduko janzkeraz, propio apaindutako kamioi eta guzti, kalez kale aritu ziren. Bidean, geure etxeetako atalondo edota etxaurreetan oraindik ditugun plaka frankistak kentzen zioazen "geure Herria ikara eta sarraskiaren bitartez oinperatu zuten horien irudi ezta sinbolo bakar bat ere gelditu ez daiten" argudiatuz. "Duintasun eta harrotasunagatik" egin zuten, "baina baita legeagatik ere" (2007. urtean, Espainiako Parlamentuak onartutako Memoria Historikoko Legeak ikur faxista guztiak bide publikotik kentzeko eskatzen baitzuen).


Benetako demokraziaren alde dagoen edonork ekintza hau ondo ikusi dezakeen arren, legea norberan eskutik hartzea ez da beti ongi etorria izaten, eta 'El Correo' egunkariak argitaratu duen berrian irakur daitekeen legez, zortzi galdakoztar gazte identifikatu zituen udaltzaingoak aipatutako 35 xafla frankista horiek errotik ateratzeagatik.

Neure xumetasunetik, udaltzaingoen lan-protokoloa ulertzen dudan arren, gazte horien ekimen eta balentria txalotu beharrean nago. Agian ez da izan ekintza burutzeko biderik egokiena, baina umorez egin zenutela jakinda, zer demonio, biba zuek!

Faxismoaren garai ilun horiengatik inork barkamena eskatu ez duen honetan, ez ditugu basapizti horien garaikurrak geure kaleetan ikusten jarraitu nahi. Are gehiago, geure erakundeek ez dutenez iniziatiba hartzen, goraipatzekoak izan daitezela horrelako iniziatibak, polemikaz josiak badira ere.

Herriak eman du lehenengo pausua. Erakundeen tenorea da orain.

  Argazkiak: Galdakao Bizirik