2012-11-05

Hedabide publikoez

LaSexta telebista-kateko Jordi Évole aurkezleak Iñaki Gabilondo kazetari donostiarra elkarrizketatu du bere saioan eta telebista publikoez aritu dira; telebista publikoen gastuaz eta hauen kudeaketa ereduaz. 

Aurkezle eta kazetari entzutetsuak oraingo honetan egindako adierazpenekin bat nator.

Elkarrizketatzaileak espainiar estatuak komunikabide publikoetan egindako inbertsioa aipatzen dionean, gipuzkoarrak "gehiegitxo" dela onartu eta "guzti honek bere bidetik ihes egin duela" aitortu du. Hala ere, "ezaugarri bereizirik ez duten" espainiar estatuko erkidego gehienetako telebista-kateen existentzia arrazoitzea zaila egiten zaion arren, katalanek eta euskaldunek telebista euren hizkuntzan izatea ulergarria dela deritzo.

Hedabide publikoak defizit edo galera ekonomiko barik kudeatzea posible ote den galdetzean, berak tinko eusten dio gizarte-errentagarritasunari: "Suhiltzaile-parke bat errentagarria al da?". Gabilondok komunikabide publikoek funtzio soziala bete behar dutenaz ziur dago.

Eta zalantza barik, kazetariak egindako adierazpenik erabatekoarekin amaitu zuen elkarrizketa "telebista publikoa hauteskundeak irabazteko makina bat balitz bezala erabiltzeari utzi behar zaiola" esanez.