2012-11-27

'Bypass' eta euskarazko produktuak

Euskara hutsean ekoitzitako Bypass filma ikustetik etorri nintzen atzo etxera. Irribarrea ahotik ezin kendu nabil. Ezer esaten jarraitu baino lehen, beraz, pelikulak lortu du bere helburua. Ondo lortu ere.

Antzerki munduan ezaguna dugun Patxo Telleria artistaren gidoia oinarri, Telleriak berak eta filmean aktore lanak ere egiten dituen Aitor Mazok elkarrekin zuzendutako komediazko filma da. Gainera, Euskal Herriko aurpegi ezagunak dira geure irria eragingo dutenak (galdakoztar bat tarteko): Gorka Otxoa, Bárbara Goenaga, Sara Cózar, Itziar Atienza eta Mikel Losada aktoreak. Zoragarri egindako lana, ekipo!


Gustatu zait ideia, ikus-entzunezkoaren kalitatea, pertsonaien papera, baliatutako umorea eta Bingen Mendizabal maisuak proposatutako musika (bat izan ezik, kanta denak euskarazkoak dira: Zea Mays, Mikel Urdangarin, Ken 7, Gari...).

Bide batez, eta zinema munduaz ari naizela aitortuko dizuet ez naizela mundu honetan aditua, ezta oso zalea ere. Baina euskararen aldeko militantziak bultzatuta edo, ez nuen (herrian eman behar zutenean) joateko zalantzarik izan. Eta halaxe egin nuen bart. Galdakaoko Torrezabal Etxeko berotasunak hainbat ikusle bildu zituen filmaren azken emanaldian. Hainbat ikusle, baina ez aretoa betetzeko adina.

Euskara hutsez egiten diren ekoizpenek ez ohi dituzte geure herrietako aretoak betetzen. Umeentzat zuzendutakoak ez badira, behintzat. Okerrena da, horretara ohituta gaudela. Baina zein da arazoa? Euskarazko produktuak umeentzat bakarrik egin behar direna? Euskarak ez al du helduak entretenitzeko balio? Hori gutxi balitz, onar dezagun euskarazko filmeek kalitate eskasagoa dutenaren errezeloa izaten dugula sarri. Bypass ikustean, erratuta gaudenaz ohartu, eta orduan hasten gara kexatzen: "Zergatik ez ote dituzte euskarazko film gehiago ekoiztuko"?!!!

Bada, euskaldunok ez baditugu geure hizkuntzan egindako produktuak kontsumitzen, euskara ez da inoiz inbertsio errentagarria izango eta, hortaz, ez da euskara hutsezko produktuak ekoiztera ausartuko den sortzailerik izango geure Herrian.

Aldiz, profesional handiak baditugu; aktoreetatik hasi eta gidoilari, errealizadore, ekoizle, kameralari, teknikari, editore edota zuzendarietan amaituta. Baina gehienek Euskal Herritik alde egin behar dute, edo erdarazko hizkuntzetan aritu.

Alor askotan, profesional bikainen lur emankorra gara, baina geure fruiturik onenak esportatu egin behar izaten ditugu gero, geuk baloratzen ez dakizkigulako. Bejondeigula...