2011-11-30

Euskararen Nazioarteko Eguna ere, ETBn!

Gaur, asteazkena 30, 22:45etik aurrera, Hasier Etxeberriaren 'Euskararen jatorria: enigma europar bat' dokumentala emango du ETB-1ek.

Horrela, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Euskal Telebistak programazio berezia eskainiko du gaurko dokumentalaren estreinaldiarekin hasita.

Gainera, ondorengo saio bereziak ere eskainiko ditu ETBko lehenengo kateak:

Biharko Anitzele saioak keinu egingo dio larunbateko egunari Bernardo Atxaga idazlea gonbidatu hartuta. Larunbatean bertan, Mihiluzek bere 900. saioa eskainiko du eta ohikoa dugun legez, geure hizkuntzarekin jolastera gonbidatzeaz ez ezik, pertsonai ezagunak ere izango dira protagonista. Batutako diru guztia "Ez ahaztu Alzheimerraz" lemapeko EiTBko Maratoira bideratuko da. Ondoren, Sautrela literatur saioa igandean hasiko den Durangoko Azokari begira jarriko da. Mahai-inguru formatuan, sei idazlek parte hartuko duten edizio berezian.

Ostirala aipatu gabe jarraitu dudala konturatuko zineten. Bada, egun hau izango da neuretzat bereziena. Gauean, ETB Kantxak euskararen aldeko pilota jaialdia emitituko du Donostiako Atano III.a pilotalekutik.

Norgehiagoka nagusian lehen mailako pilotariak izango dira, nor baino nor: Irujo eta Laskurain, Xala eta Barriolaren aurka. Eta bertan izango naiz neu! Bai horixe!

Jaialdia baino lehen hainbat kirolari ospetsuk, euskalgintza eta kulturako pertsonaik, aipatutako pilotariekin batera manifestu bat irakurriko dute bertaratutako eta ETB-1eko ikus-entzule guztien aurrean.

Neuk Jaialdia aurkezteko ohorea izango dut eta 1.856 lagunentzako eserlekuak dituen frontoiak gainezka egingo duela jakiteak... indarrak eman eta berotu egiten nau! Astelehenean gonbidapen guztiak agortu egin ziren eta geure hizkuntzaren aldeko jaiaren arrakasta bermatua dago, lagunok!

Bertaratu ezin zaretenok, gogoratu ostiralean hitzordua duzuela, 22:00etatik aurrera ETB-1eko zuzeneko emanaldiarekin!