2011-11-25

Emakumeenganako indarkeriari ez? Beste ikuspuntu bat

Bai. Ados. Noski emakumeenganako indarkeriaren kontra nagoena. Ez dut uste hori inork zalantzan jarriko duenik.
Baina neure kritika pitin bat harago doa. Hori bai, irakurle, ez ezazu txarrera hartu, asmo onenekin baitoaz neure berbak.
Gaia zorroztea besterik ez dut helburu. Korapilotsea, akaso.

Zoritxarrez, egi borobila da gizarte honetan hedatuenetarikoa dugun gaitz edo "lakra" gorrotagarriaren aurka egiteko, gaur bezalako egunak behar dituguna. Aldarrikatzeko ez. Aurka egiteko ere ez, gaitza eta berau sortzen dituzten basatiak desagerrarazteko eguna izan beharko litzateke gaurkoa! Ezin dugulako albistegietan ia egunero jasotzen ditugun bortxakeri, indarkeri edota hilketen inguruko berri txar gehiago barneratzen jarraitu. Nahikoak barneratu baititugu jadanik. Gehiago ez, ez eta ez.

Hala ere, gaurko eguna ez dut oso gustuko. Euskal Jaia, Aitaren Eguna, Amaren Eguna, Domu Santu edo Hildakoen Eguna,... eta antzekoak bat ere atsegin ez ditudan neurri paretsuan.
Konforme. Guztiz desberdinak dira adibide legez jarri ditudan egunen arrazoiak eta gaurko egunez idaztera bultzatu nauenarenak. Batzuek ospatzeko aitzakia dute, kontsumitzekoa, zurikerietan ibiltzekoa... eta gaurko aldarrikapenak ospatzeko ezertxo ere ez duen arren, egunari ematen zaion konnotazioarekin ez nator bat. Negatibo bilakatzen den diskriminazio positibo batean jausten ari gara.

Zergatik "biolentzia matxista"? Zergatik "emakumeenganako indarkeriari ez"? Alajaina, emakumeak direlako genero-indarkeria gehien pairatzen dutenak, eta horixe nabarmendu beharrean gaude. Zalantza barik.

Neuk, ordea, solasaldi eta komunikabideetan sekula agertzen ez den gutxiengo hori ekarri nahi dut geurera.

Zergatik ez dugu gizonenganako indarkeriaren kontrako eguna antolatzen? edota umeenganako indarkeriaren aurkako eguna aldarrikatzen? Gutxiengoa direlako, ados. Baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak.
Zahartzaroan dauden adineko pertsona askok ere gehiegikeriak sufritzen dituzte egunero... ez al dute gizartearen aintzatespena merezi?

ETA erakunde armatuaren indarkeria soilik eta espresuki gaitzestearen alde ez nagoen bezala... edo ETAk sortutako biktimak bakarrik omentzearen alde ez nagoen modu berean... Neuk ez ditut sexu konkretu bateko biktimak bakarrik defendatu nahi. Sentsibilizazio guztiak kontuan hartu behar ditugulako, gutxiengoak badira ere, inor mindu ez dezagun gai konplexu eta mingarri honetan.
Horregatik, eta emakumeei begirunea galdu gabe, edonon ikus dezakegun lema horri 'emakume' hitza kenduko nioke. Funtsean, eta zoritxarrez, emakumeak aipatutzat joko baititugu gainontzeko denak bereizi gabe.

Hori bai, amaitzeko eta laburbilduz, ez nuke neure hausnarketa hezkuntza eta pertsonen heziera aipatu barik amaitu gura. Argi laga dezagun:

Ez dago errua izango duen minigonarik. 'Probokazio' hitzak ez du orain balio. Ez dago horrelako basakeria justifikatuko duen aitzakiarik.
Inor ez da inorena.
Egun honek indarkeria guztiak kontuan hartu eta gizarte askeago bat eraikitzen lagun diezagula, jardunaldi soil batean oinarrituko ez dugun geure etorkizun oparoa lantzeko.


Jon Gomez Garai
2011ko azaroaren 25ean