2010-04-28

Askatasunaren Eguna 2009, Orreaga

Orreaga,
oroimenaren euskarri, etorkizunaren oinarri

Euskaldunok ez daukagu zertan Estatu baten izena eta izana asmatu beharrik, daukagun Estatua inperialismotik askatzea izan behar baita geure helburua. Geure arbasoen 1000 urteko askatasunerako borrokari ezin diogu uko egin ezta mespretxatu ere. Indarrez irabazitako maila da geurea, mundu zabalean euskaldunak nafar bezala ezagutuak izan garelako mendeetan zehar.

Gure analisi politikoa bizi dugun egoera politikotik ez abiatzea akats handia litzateke, inbaditurik bizi garela eta nafarroi geure eskubideak biolentzia armatuaren bidez ukatzen dizkigutela ez ohartzea eta ez onartzea ere akatsak diren bezala. Nafarren erreinu independentearen historia geure egia historikoa da eta baita geure gaurko errealitatea ere, era berean, herri honen askatasun-bide horretan, Nafar estatu hori edozein arma konbentzionalek baino potentzia handiagoa duen “indar-idea” bateratzailea izan daiteke.

Halaber, gizakiak inoiz sortutako arma politiko indartsuenaren jabe izan izanak, hau da, estatuaren jabe izan izanak bakarrik azaldu dezake geure herriaren bizirautea eta bai, beharrezkoa da argi edukitzea, gaur hemen, Orreagan gaudela, momentua heldu zenean geure Estatua sortzeko gai izan ginelako, geure herriaren indar guztia Estatu horretan batu eta bertan (zainpean) jarri genuelako.

Gaur aldiz, XXI. mendeko Europa honetan, nafarrak, euskaldun askeak hemen gaude, eta geure izaera mantentzen jarraitzen dugu, ez geure mendietan edota lautadetan galduak bizi izan garelako historian zehar, baizik eta Europan Estatuak hedatu zirenean gure indarrak batu genituelako geurea defendatzeko: Nabarrako Estatua, baskoi edo euskaldun herria defendatzeko. Horregatik ezin dezakegu ezer eraiki errealitate horri bizkarra emanez, hari esker baikara gaur.

Aurretik aipatutakoari garrantzirik kendu barik, Antonio Tobarrek eta Koldo Mitxelenak 1968. urtean ozenki esan zuten: “La lengua vasca se conservó probablemente porque los vascos como los cántabros se rebelaron contra los invasores y no llegaron a ser incorporados a los reinos francos y visigodos”. Gaur ere gure inbaditzaileen aurka jaiki behar dugu, geure herriaren etorkizunagatik, geure bizirautea ziurtatzearren.

“Nafarroako Erresuma nafar guztiona da”, horrela zihoen Arturo Kanpionek, baita Menendez Pidal espainiarrak ere. Azken honek orobat, Nafarroako Erresuma homogeneoki euskalduna zela esan zuen.
Are gehiago, Anacleto Ortueta bizkaitarrak, XIX. mendearen hasieran, beste hau esan zuen: “Sancho III el Mayor eligió sabiamente las fronteras del Estado Vasco, pues los límites que dio a Navarra fueron los geográficos naturales. Es el genio tutelar de la nacionalidad vasca. Gracias a él vivimos como pueblo”.


Hortaz, argi dagoena zera da: NABARRA dela geure Estatua. Eta horren lekuko izan dira mendeetan zehar geure estatuko gobernu-buru eta erregeak; eurek izan direlarik gure benetako gobernu bakarra. Nabarra inbaditua duten inperialismoek inposatutako estruktura politikoak ezin dira geureak sekulan izan, ez baititugu geuk sortu, ez aitortu, ezta onartuko ere.
Argi dago horrenbestez, aldez aurretik gu menderatzeko jarriak diren eta benetako indar erlazioekin bat ez datozen jokoaren baldintzak, ez ditugula onartuko.

Bestalde, gizakiaren historia bezain zaharra da militarki inbaditua dagoen Estatu batean, Gobernu ofizial bakarra egon daitekeela, inperialismoak inposaturiko gobernu ofiziala, alegia. Gobernu horrek administratzaile inperialisten adostasunarekin bakarrik gobernatu dezake; epaile, lege, hauteskunde eta ejertzito inperialistetan oinarritzen baita. Horregatik, Gobernu ofizial horren inperialismoarenganako atxikimendua (zaletasuna edo lotura) erabatekoa da.

Inbaditutako Estatuan, bertako Gobernua erbesteratzera, klandestinitatean bizitzera edo desagertzera behartua dago eta azken hori da, bete-betean, 1620. urteaz geroztik Nafarron errealitatea, tamalez askatasuna berreskuratzeko egoerarik latzena.

Inperialistek inposaturiko “Euskal edo Nafar Gobernua” ez da benetakoa, izen soila baizik; hutsaren hurrena da ez baitu geure herria ordezkatzen. Inperialisten edo totalitarismoaren interesei erantzuten die soilik, ZERGATIK?! ez dagoelako geure herriak sortua, ezta geure herriaren nahian eta indarrean oinarritua ere, beraz, jaun-andreok, ez ditu demokrazia batek bete beharreko printzipioak inola ere betetzen.

Amaitzen joateko, XXI. mende honek berriro NABARRAren mendea behar du izan. Nafartarroi Orreagako gatazka bien balentria errepikatzea dagokigu, frankoen inperialismoaren aurka geure Estatua eta gobernu propioa sortzera eraman gintuena, betirako autodeterminatuz: ASKATASUNEAN BIZI NAHI DUGULAKO!

Beste barik eta ondorioztatuz, hurrengo hau esan gabe ez nuke amaitu nahi: garaipena ez dela itxaroten daudenentzat, prestatzen direnentzat baino eta gazteoi dagokigula geure herria prestatzea, gugandik hasita hain zuzen, GEURE HERRIAREN INDARRAK ORREAGAN EGIN ZUEN BEZALA, GEURE ESTATUA ASKA DEZAGUN.

GORA NABARRA OSO ETA ASKEA!!!!


Eskerrik asko.