2010-04-28

Beste ikuspuntu bat

Azken hileko berririk entzutetsuena izan dugu zalantza izpirik gabe.

Komunikabideek islatutako morbo edota erakargarritasuna zirko bilakatu dute Alakranako bahiketa amaigabea eta, antza denez, agintarien arduragabekerien eta herritarren jakin minaren artetik argi izpi itxaropentsu bat igorri dute komunikabideek gaur eguerdian, 2009ko azaroaren 17an gaudela: Arratsaldean atunontziaren askapena suertatu daiteke eta, 47 eguneko amesgaizto baten ondoren geure arrantzaleak ostegunerako, bertan egon daitezke. Familiaren berotasunean. Babesean.

Ondo etorri euskal arrantzaleei eta piraten eskuartean egon diren gainontzeko herrialdeetako arrantzaleei. Ondo etorri eta besarkada bat zuei. Zuei bakarrik, agintarientzat ez dudalako esker onik gorde. Ezta gordeko ere.

Ados. Arrantzaleei eta dagozkien familiei eskeinitako besarkada derrigorrezkoa ikusten nuen baina, ez gaitezen azalekoan gelditu eta utzidazue galdera bat egiten, alegia, ondo ikusi duzue Alakrana itsasontziaren bahiketa?

Askok eta askok jarraian ezetz esango duzue. Nola da posible bahiketa baten alde egotea? Ba noski egon daitekeela. Ez diot arrantzaleen kontra egiteagatik, ezta pentsatu ere, baina bai somaliarren alde egiteagatik.

Espainia eta Frantzia beti izan dira herri inperialistak, bai politikoki, ideologikoki, kulturalki, hizkuntza-hezkuntza aldetik... eta baita arrantza arloan ere. Edozein herrialdeko arrantzale talde bati ez zaio inoiz ere herri "garatu" bateko itsasoetara arrantza masifikatua praktikatzera joatea bururatuko, eta are gutxiago Somalia moduko herrialde azpigaratu bateko arrantzaleei. Ez zaie bururatuko bitartekorik EZ dutelako, baizik eta portualdeko zaindariek harrapatuz gero, isun ikaragarria eta nolabaiteko zigorra ezarriko zizkietelako.
Aldiz, Espainiak egin dezake. Lurralde txiro batzuetako itsasoetara jo dezake bertakoei beraien diru-iturri bakarra erauztera, euren bizirautea kolokan jarriz.

Hala jazo da behintzat espainiar bandera inposatua Indikora eraman duten itsasontzi guztiekin 1984. urteaz geroztik, hain zuzen.
Urte honetako bagila edo ekainaren 1ean, Seychelles-eko eta orduko Felipe Gonzalezen gobernuek akordio bat sinatu zuten itsas arrantzaren inguruan. Hitzarmen horrek, ahalmena ematen zion aipatutako azken gobernuari Somaliako uretan arrantza egiteko.

1991. urtean berriz, akordio horrek indarra galdu zuen bertan behera geldituz eta atunontziek bertara joaten jarraitu zuten. 2009an oraindik bertara joaten jarraitzen dute.

Beraz, ikusita geuk ez dugula janari faltarik izanen eta bertakoek bizirautea dutela helburu, zergatik joan behar dugu euren lurraldeetara beraiena neurri gabe xahutzera?

Piratek dagokien kosta defendatu nahi dute, bertako herritarrek euren elikadura-iturria kudeatuko dutelarik.

Amaitzeko, esan beharra dago ebasle hauek martxan daudenetik Somaliako herrialdea asko aberastu dela eta, egunean 6€ irabaztetik 180€ irabaztera pasa direla arrantzale afrikar hauek.

Bestelakorik gabe, izan gaitezen arretatsuak gai polemikoekin eta saiatu gaitezen txanponaren alde biak ikusten eta ulertzen.

Komunikabideetan agertzen ez den ikuspuntu hau gertuagotik ezagutzeko, klikatu hemen.


Eskerrik asko,

Jon Gomez Garai