2010-04-29

Euskarak egiten gaitu euskaldun

Etxetik kanpora, baina etxean, pasa ditugun egun hauetan konturatu naiz zer-nolako eragina duen hizkuntza batek mundu zabalean. Bai behintzat euskararen Herri txiki honetan:

Beste hainbat musika talde legez eta bigarren urtez, aurten ere Baigorrin, "Nafarroaren Egunean" izan gara herri eder honetako bazterrak doinuz alaitu gurean.

Inposatutako muga politikoaz bestaldeko herri honen eragina, zoritxarrez, frantsesa da (geurean eragina guztiz espainola den legez). Hori dela eta, pertsona bat frantsesez entzunda, lehen sentipena pertsona frantsesa dela pentsatzen duzu. Neuk behintzat hala egiten dut.
Eta, orduantxe konturatzen zara hizkuntza bat erabiltzeak zertan bilakatzen zaituen. Baliteke geu Hegoaldean horretaz ez konturatzea edota arrotz ez egitea modan dagoen espainola etengabe erabiltzen dutenenei entzutea hizkuntza hori menperatzen dugulako baina, ez al da euskara euskaldun egiten gaituena?

Bide batez, gogoeta honetaz baliatu nahi dut Patxi, Joana, Ramuntxo eta geure inguruan egoten diren guztiei eskerrak emateko. Esker mila, ez bakarrik ondo hartzen gaituzuelako, baita zuen lanak Baigorritik haratago ere balio duelako. Oraindik lan handia dago Iparralden egiteke eta zeuek izan zaitezkete Euskal Herriaren eredu, bederen. Geure aberriaren, Nafarroaren, aldarrikapen-jaialdi hau kontzientziatzeko erreminta erabilgarria izan daitela.

Bihotz-bihotzez, aunitz esker.

Amaitzeko, arestian aipatutakoari eutsi gura diot berriz ere eta, gogorarazi, badagoela ezaguna dugun esapide bat. Berba soiletan gelditu behar ez den esaldiarekin amaituko dut, beraz:

"Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik"
Has gaitezen gugandik eta gero euskaldun egiten gaituen hizkuntza ikastera gainontzekoak animatu ditzagun.

Aunitz urtez!


Jon Gomez Garai
2010eko apirilaren 26an