2011-07-09

Zurdori



Neure animorik beroena etxeko danei, gaur moduko egun gogorretan hartu ditzazun behar besteko indar guztiak, zeure aitak izandako indar eta espiritu eder guztien lekuko izan zaitezela zeu hemendik aurrera; mundu honetan zeure aitak izan dezakeen testigantza eta lekukorik onena baitzara zeu, June.

Zeure aita, Iñaki Oleaga izan da, bederen, herri honek izan duen gizonik konprometituena.
Herriarentzat bizi izan den galdakoztarrak dena eman die bere herritarrei. Herritik eta herriarentzat lan egin duen elkarte, talde edota norbanako orori laguntzeko beti prest egon den euskalduna. Herriko jaietan hezi batzuk behar genituela? Hortxe zegoen bera, 20 minututan gura besteko heziak zenituen zeuk eskatutako lekuan. Baina horrekin nahikorik ez eta kamioi baten beharrean zeundela? Oleaga deitu eta hurrengo eguneko goizeko 08:00etan deika zenuen bera, kamioia prest zegoela esateko.

Horrek gogora ekarri nahi izan ditudan pasadizo bi baino ez dira izan baina, zenbat elkarteri lagundu eta erraztu dizkio lan eginezin asko? Herria eraikitzeko bidean pieza ezinbestekoa zen “Zurdo”.

Zenbatezinak dira Galdakaon izan dituen merituak baina, Iñaki askoz gehiago zen. Langilea eta hitzeko gizona ez ezik, umoretsu eta adoretsutzat ere genuen bere burua. Bere ekinean, ezina egina bihurtzen zuen euskaltzalea. Tipo apala bezain herritar bikaina.

Horregatik diot herri honek gizon Handia galdu duena. Gizon Handia bere alor guztietan. Gizon aparta.

Jadanik ez dugu udal-brigadako arduraduna bere 4x4 ibilgailu zuriarekin joan-etorrian ikusiko. Ez ditugu bere poteo ezinbestekoak gertutik jarraituko, baina berak egindako lan guztiaz gozatzen jarraituko dugu geuk. Hori baita Oleaga jaunari egin diezaiokegun omenaldirik handiena. Eta bestela, norbaitek aurkitu dezala Galdakaon bere inguruan txarto esaka zebilen norbait! Bere langileetatik hasi eta herriko edozein ezagunetan amaituta, mundu guztiak izan ditu bere inguruko berba ederrak. Baina ez gaur, ez atzo: beti.

Bera izan da iluntasuneko argi izpi. Eta izaten jarraituko duenez, gogoratuko dugu beti.

Denak zeu lakoak balira, “Zurdo”, herri honek beste zentzu bat izango luke seguru!

Denon berotasunarekin, zeure alabak jarraituko du zeuk egindako bidea.

Eskerrik asko eta hurren arte Iñaki.