2011-07-05

Eskubide urratua

BBK-n erreklamazio-orri bat jartzetik itzuli naiz gaur eguerdian etxera.

Galdakaotik mandatu batzuk egiten nabilela banketxera joan behar izan dut eta, orain gutxi arte bertako langile denak euskaldunak ziren herriko banku-entitateko egoitza nagusian, asteotan erdaldunak baino ez ditut aurkitu leihatilan. Bulegoko zuzendariarengana jo dut segidan (euskalduna da) eta argi helarazi diot neure kezka: gero eta euskaldunagoa den herri batean* ez dela onargarria euskaraz ez dakiten langileak jendaurrean jartzea. Atzeraka goaz ala?!

Neure kexaren xedea ez zen BBK-ren kontra egitea, euskararen alde egitea baizik.

Hori gutxi balitz, bitxia izan da egoera: hiru leihatiletan egon garen bezeroak euskaraz joan gara, baina langile gazteen erantzunen ondoren gaztelaniara jo dute neure ondoko bezero biek. Eta, noski, ez dute kexarik adierazi. Normala da. Euskaradunak eroso bihurtu gara. Euskaradunak lar adeitsuak gara.
Erakunde publikoetan ere, gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen edo behartzen bagaituzte ere, geuk ez dugu inongo trabarik jartzen eta eurek nahitaez inposatutako hizkuntzan mintzatzen gara une oro.


Horregatik, noski, zalantza barik lehenengo hitza beti euskaraz egitea proposatzen dizuet eta, behar izanez gero, dagokion tokiko erreklamazio-orria bete dezazuen. Ez izan lotsarik. Erraza da. Ez dizue denbora askorik kenduko eta euskaraz bizitzeko lanean, aurrerapauso handia izan daiteke gutariko bakoitzak egin dezakeen euskararen aldeko defentsa oro.
Geuk zaintzen ez badugu, nork zainduko baitu euskara?

Geure eskubidea da eta geure hizkuntzak eskertuko du.


* Galdakoztarron %62 euskaldunak edo ia-euskaldunak gara (30.000 biztanleko herrian) , EUSTATen 2006ko datuen arabera.
Urtero kopuru horrek gora egiten du.