2011-05-08

Elkarrizketa EHUn

JON GOMEZ GARAI. Aurkezlea.

“ETBk nigan jarri duen konfiantza ikaragarri eskertzen dut”

EHUn Kazetaritza ikasketak alde batera utzi dituen arren gogotsu ari da lanean Jon Gomez Garai gazte galdakoztarra. Oso mutil kaletarra da Jon, jendaurrean aritzea asko gustatzen zaiona eta komunikatuz transmititzea zainetan daramana. EiTB ezaugarri horietaz jabetu zen eta bere lanaren fruitu, otsailetik ETB-1eko IBIL2D programako aurkezlea da.

Andrea Calvo Garcia Galdakao


Aste Santuko arratsalde batean elkarrekin geratu ginen. Jonek jator eta adeitsu hartu ninduen Galdakaon eta bere musika bai dantza taldeko txokora eraman ninduen, bertan elkarrizketa egiteko leku erosoago baten bila. Hasieran apur bat lotsati ibili zen, bere hitzetan elkarrizketatua izateko ohitura asko ez duelako, baina ardura guztiak berehala kendu zitzaizkion eta gustura aritu ginen solasean.

Nola ikusten duzu zeure burua?

Nire burua saltsero moduan deskribatuko nuke. Komunikazio alorrean, irratian, prentsan eta telebistan aritzeaz gain, plazarik plaza eta herriz herri ibiltzen den gaztea. Batetik bestera ibiliz, asko ikasten saiatzen naiz, denetan baitago zer ikasi. Hori ez al da ba, saltsero izatea?

Bereziki komunikazio munduan aritzen zara eta, jadanik, esperientzia hartu duzu. Nola hasi zinen eta zein izan da zeure orain arteko ibilbidea?

Ibilaldiarekin hasi nintzen, Galdakaon 2009.urtean ospatu zen edizioarekin batera. Siesta itzela egiten nabilela Ibilaldiko aurkezpen ofiziala egiteko deitu zidaten. Orduko denboran nik ez nuen nire burua horretarako kapaz ikusten baina, neure onerako, baiezkoa eman nuen. Aurkezpen ofiziala egin eta gero Ibilaldiko kultur eta musika batzordean laguntzaile aritu nintzen eta bertatik komunikazio arduradun izatea eskaini zidaten. Lagunak egiteaz gain, komunikabideen munduko kontaktu mordoxka eta esperientzia bikaina eskuratu nituen antolakuntzan. Horren ostean Hamaika Telebistan asteroko saio bat aurkezten ibili nintzen eta aldi berean Betizu Ikuskizunak aurkezteko opatu zidaten. Bertan bi urtez ibili ondoren ETBrekin zuzeneko harremana izan nuen Hondarribin egindako Euskal Herriko V. Pintxo Txapelketa aurkeztu nuenean. 2010-2011ko Gabonetan Olentzeroren Etorrera eta Erregeen Kabalgata aurkeztu nituen zuzenean Izaro Iraeta eta Klaudio Landarekin.

Gaur egun, ETB-1eko IBIL2D saioko aurkezlea naiz.
Aitortu beharra daukat pozik ari naizela lanean. Telebista mundua askok uste dutena baino gogorragoa bada ere, ETBk nigan jarri duen konfiantza ikaragarri eskertzen dut eta horrek (izaten ari garen emaitza onekin) lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkit.

Zertan oinarritzen da IBIL2D?

IBIL2D saioa, hitzak dioen legez, Euskal Herriko ibilbideak proposatzen dituen saioa da. Larunbatero 21:30ean emititzen da ETB-1en eta saio bakoitzean erraz egiteko ibilbide desberdin bat proposatzen dugu. 10-12 kilometroko tarte horretan lau edo bost interes puntu erakusten ditugu eta, noski, puntu konkretu horiek ezin hobeto azalduko dizkiguten inguruko herritar edo pertsonaiak ezagutuko ditut. Azken hauen bitartez delako, hain zuzen, inguru bat gertutik ezagutzeko biderik onena.

Zein asmorekin sortu da IBIL2D saioa?

Euskal Herria hobeto ezagutzeko asmoarekin. Gehiago esango nuke, gainontzeko herrialdeak baztertu edo gaitzetsi gabe noski, eta neurri berean jarriz, baina: askotan harrotasunez esaten dugu atzerrira goazela oporretan eta sarri indarrak galtzen ditugu atzerria ezagutzen geure Herria ezagutu barik. Oinarri horretatik sortu zen IBIL2D.

Eta nola tratatzen zaituzte ETBn?

Ondo. Oso ondo. Egia esan oso gustura nabil. Gainera aurkezle gazteena naiz eta agian, askoren ustetan, ETBn sartu berri den ume kuttuna. Miramonera edo Bilboko egoitzara joan eta berotasun handia ematen didate, kritikak jasotzeaz gain (beharrezkoak dira), asko animatzen diogu elkarri eta horrek ilusioa pizten dizu. Oso harreman polita dago aurkezle eta gainontzeko langileen artean. Nola kexatuko naiz ba?

Orduz kanpo, erromerizale

Lana neketsua dela aitortu du ere, berak ez zuen imajinatuko astero ordu erdi bateko iraupena besterik ez duen saio batek hainbeste lan emango zuenik. Denbora asko behar dute grabazio guztiak egiteko; horri, aurretiko eta atzetik dagoen produkzio lan guztia gehitu behar zaio, noski. 15 langile inguru ari dira programa egiten: gidoilari, produktore, makillatzaile, editore, errealizadore, grafista, teknikari eta abarren artean.

Gainera, oporraldiagatik galdetzerakoan lasaitasuna hartzeko izugarrizko gogoa duela adierazi zuen, nahiz eta udaberria eta uda diren berarentzat lanaldi. Dantza taldearekin eta erromeria taldearekin aritzen da orduan.

Lehen Oxabi erromeria taldea aipatu duzu…

Trikitixa, dultzaina, alboka, xirulak, tronpeta, saxofoia, baxua eta bateriarekin denetariko musika egiten dugu. Geure burua erromeria taldetzat dugun heinean (edo erromerizaletzat), musika dantzagarria egiten dugu, beti ere euskaraz eta giro euskalduna sustatu gurean, nagusiki. Horixe izaten dugu geure helburu nagusia, giro jatorra eta jai-giroa sortzea. Horretan saiatzen gara behintzat! =) Eta horixe izaten dut neure aisialdiko jardun nagusia, ikuskizunaren mundutik irten gabe, baina beste saltsa batzuetan sartzea…