Gernika, Baigorri, Bilbo eta Donostian ospatu zen atzo 2011ko Aberri Eguna. Abertzaleon eguna. Eta hauxe duzue Berriak bere webgunean argitaratu duen argazki bilduma.
Argazki bilduma honek atzoko aldarrikatzeko ospakizunen lau tokiak biltzen ditu. Eta horretara joan nahi dut oraingoan: argazki bilduma honek ez lituzke lau herri horiek bildu beharko, herri BAKARREAN egin beharko litzatekeelako, nire ustetan, urteroko abertzaleon hitzordua. EAJ-k Bilbo, Hamaikabat-ek Donostia eta Independentista Sareak Gernika eta Baigorrira joateko deialdiak egin zituzten baina, ez duzue uste alderdikeriak eta hauteskundeak alde batera utzita Euskal Herri osoko abertzale guztiak, egun bakar baterako bada ere (tristea da horrela aitortzea), bildu beharko ginatekeenik?
Pena ematen dit boterea lortzeko grinak, euskaldunok hain komunean dugun gai honetan ere, banatzeko ahalmena izatea. Sentitzen dut baina horretan alderdi guztiek dute erruaren parte. Herritarrok ere badugu erruaren parte, eta hein handi batean gainera. Aipatutzat jo dezagun geure burua eta, esaldi idilikoak diruditen arren, ahalegintxo bat egin dezagun euskaldun guztiak elkartzeko.
Aitzitik, hauxe litzatekeelako etsaiari eman diezaiokegun gozokirik goxoena: euskaldunak elkarri mokoka aritzea.
Bada, are gehiago, espainiarrak alde batetik eta frantsesak bestetik kapazak dira euren artean adostasun batera iristen geure kontra egiteko eta geu, "lau katu" izanda, ez gara geurearen alde elkartzeko kapazak izango ala?! Arraioa…