2011-04-13

17. Korrika Galdakaon!

Bariku honetan bertan, apirilak 15, gogo biziz itxaroten ari garen 17. Korrika Galdakaotik pasako da, Bilbotik pasa ostean:

Motorrak berotzen joateko, egunean zehar hainbat ekintza antolatu dute Galdakaoko geure Korrikako lagunek, besteak beste, goizeko Korrika Txikia eta arratsaldeko buruhandiak, txistorrada, txokolatada, kale musikariak...

Gauean aldiz, bi urterik behin euskaldun eta euskaltzaleok gogotsu eta irrikaz jasotzen dugun Korrika pasako da Galdakaotik gaueko 21:30 aldera.

Denon gozamenerako, Aperribaitik sartu, herriari buelta izugarria eman eta Juan Bautista Uriartetik behera Zugutzun amaituko da galdakoztarroi dagokigun aurtengo ibilbidea, Basaurin jarraitzeko.

Hortxe amaituko da Galdakaoko euskalakariok geure herrian Korrikaz gozatzeko izango dugun tartea. Baina ilusioa eta poza ez da hor amaituko, ezta gutxiagorako ere!

Gaueko txandan KORRIKAren aldeko kontzertuak eskainiko dira eta, nola ez, herriko talde bi izango gara hurreratzen direnen gorputzak (are gehiago) alaitzen.

LOREBELTZ eta OXABI erromeria taldeen eskutik jai giroa izango da Galdakaon nagusi, gaueko 22:30etik aurrera, Kurtzeako Plazan.

Hori gutxi balitz, bertan Korrikaren aldeko TXOSNA ere jarriko dute AEK-ko kideek.

Ez da plan txarra ezta?

Galdakaon ere, EUSKARAREN ALDE!!!

Gora Galdakao euskalduna!
Gora Euskal Herri euskalduna!