2013-12-13

Asteburuko (p)lana

Gaurko arratsaldea Bilboko Bizkaia pilotalekuan emango dut, Miribillan, Artxandako La Inmaculada ikastetxeko Gabon Kanten Jaialdia aurkezten. Bertan, besteak beste, Iker Muniain Athletic Clubeko jokalaria ezagutu eta elkarrizketatzeko aukera izango dut. Gabean berriz, Galdakaon irekiko duten Elikagaien Bankuaren aldeko afari solidariora gonbidatu naute, aurkezle aritzeko. Bakarrizketak, musikariak, enkantea... mereziko du.

Bihar, larunbata, bigarren urtez Txorierriko Izarren Distira talentu lehiaketako finala aurkezteko ohorea izango dut Sondikako antzokian. Etorkizuneko musikari, dantzari eta sortzaileekin gozatu eta epaile lanetan arituko diren Ylenia Baglietto, Karmele Larrinaga eta Ugaitz Alegria aktoreekin izateko aukera izango dugu.

Asteburua ez dugu edonola amaituko: igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko Final Handian izango garelako hamar lagun (beste 14.000 bertsozalerekin batera) Barakaldoko BECen. Egunpasa ederra. Geure hitzen indar, edertasun eta magiaz gozatu ahal izateko. Asteburu on!