2013-07-23

Hainbat kontu bueltan...


Aditzera eman nizuen bezala, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearekin Marsella aldean izan nintzen uztaila hasieran. Bero bustiaren gainetik, dena bikain joan zitzaigun Europako Kulturaren egungo kapitaletik. Baina, zerbait azpimarratzekotan, sumatu genuen normalizazio soziologiko, kultural eta politikoa bereiziko nuke.

Bai, badakit urtero egiten ditugun nazioarteko jaialdietara, geure musika eta dantzaren bitartez geure kultura eta nortasuna ordezkatzera joaten garela. Ez pentsa dena politika ziztrinarekin nahasten duen horietarikoa naizenik, irakurle; inondik inora ere! Baina estatu frantsesean eta mundu mailako beste zazpi talderekin batera, Euskal Herriaren izenean parte hartu ahal izatea ohore berezia da. Argentina, Bulgaria, Eslovakia, Frantzia, Italia, Txipre eta Zeelanda Berriaren pare izan gara. Ez gehiago. Ez gutxiago. Zerbait aldatzen ari denaren seinale?




Marsellatik bueltan, oporretan eman ditut egun batzuk Kataluniako Costa Brava aldean eta bertatik itzuli berri, udako asterik bizienari emango diogu hasiera.

Jaialdi batetik etorri eta beste bat antolatzera

Urtero legez, eta 27 doaz aurtengoarekin, aipatu berri dudan Andra Mari taldeak Folklore Bizian Nazioarteko Jaialdia antolatu du, uztailaren 23tik 28ra bitarte. Kuba eta Afrikako Swaziland herrialdeek egingo digute bisita eta, beste urte batez, jaialdia aurkeztu eta festibalean jotzeko aukera izango dut. Hauxe duzue jaialdiko eskuko programaren azala:




Eta guzti hau gutxi balitz, aste honetatik aurrera ere emango ditugu Oxabi erromeria taldearekin kontzerturik jarraienak. Beraz, Folklore Bizian jaialdiari ondoko data hauek gehitu beharko dizkiogu oxabitarrok: uztailak 24, asteazkena, Morga; uztailak 27, larunbata, Forua; uztailak 30, asteartea, Lemoa; abuztuak 8, osteguna, Berastegi; abuztuak 10, larunbata, Gernikako Lurgorri...

Oxabiren webgune berria martxan!

Azken hau ere bada guretzat hilabeteko albisterik garrantzitsuena, hain zuzen, Oxabi erromeria taldeak webgune berria estreinatu duelako! Are gehiago, webgune berria eta Twitterreko kontu ofizial berria ere estreinatu dugu!




Hemendik aurrera, beraz, neure alorrik saltseroena www.oxabierromeria.net orrialdearen bitartez jarraitu ahal izango duzue; besteak beste, kontzertuen datak ezagutzeko, bideoak eta argazkiak ikusteko, taldearekin harremanetan jartzeko, geure dosierra deskargatzeko... Uda ona igaro eta... on egin!