2012-03-28

Gogoan izango zaitugu, betirako

Ez nuen neure burua honetarako kapaz ikusten, baina herriko ‘ERABIDE emakume taldeak’ eta Galdakaoko Udaleko ‘Berdintasun Arloak’ bultzatuta idatzi ditut neure familiaren hutsuneari eskainitako berbak:


Jakin badakigu bizitzak ezustekoak ematen dituela sarritan. Onak batzuetan, txarrak beste askotan. Eta txarrak dira, zoritxarrez, geure bizimodua gehien aldatzen dutenak. Gauetik egunera edo egunetik gauera, bizitza aldatu dakizuke erabat. Konturatu barik, nahigabe eta zeure borondatearen kontra, baina bizitza aldatu zaizu. “Zergatik” galdetzen diozu zeure buruari orduan, arrazoiak bilatuz. Zergatik geuri? Zergatik horrela?

Antzekoa gertatu zitzaigun geurean, amesgaiztoko bi hilabete eta erdian, Pauli geure senidea joan zenean. Ez zegoen eskubiderik, antza denez, inork ezin zezakeen bere bizitzagatik ezer egin, eta 61 urterekin joan egin zitzaigun Pauli. 2011ko ekainaren 16an, primeran eta beti bezain jator egotetik, irailaren 5ean buruko minbiziak jota hil zen arte.

Neure eskutik helduta hartu zuen azken arnasa… eta maite nuela, maite genuela esanez agurtu nintzen beraz, bizitzak emandako injustizia hori sinetsi barik.

Orain, 6 hilabete geure Pauli gabe, negar malkoak begitik kentzen saiatu eta emakume bikain honek utzi diguna nabarmentzeko beharrean nago.
Horregatik, laztana, zauden tokian zaudela, entzun ezazu geure esker ona eta gogoratu ezazu asko maite izan zaitugula familian; eta maitatzen jarraituko zaitugula beti.


Eskerrik asko egin duzun lan handiagatik, duda barik, emakumeen aldeko borrokatxoan eta eskaini diguzun maitasun osoan. Zoragarria izan zara.

Eskerrik asko utzitako altxorragatik, zeure seme-alabak; zeure lanaren ondare, zoragarriak direlako ere! Ezin hobeto hazitako seme-alabek jarraituko dute zeure bide zintzoa, eta beraien arrakasta guztiak, zeure omenaldi izango dira. Eta zin egiten dizut, Pauli, elkar zainduko dugula, zuretzako izan diren legez, niretzako ere berebizikoak direlako Esti eta Rikar.

Jadanik ez zaitugu geure bazkari eder horietan izango; ez zaitugu zeure lagunekin, tabernako izkina batean kartetan jolasten gehiago ikusiko; neure amak ez ditu zurekin liburu gehiago konpartituko eta ezin izango zaitugu gehiago musukatu…

Baina ez izan zalantzarik, lehenengo egunean bezala maitatzen jarraituko zaitugulako.

Eskerrik asko emandakoagatik, Pauli, musu handi bat eta laster arte!


Jon Gomez Garai
Senideen izenean

Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean egindako omenaldian
2012ko martxoaren 14ean