2012-01-25

Euskarazetamol

Merezi omen duen futbol norgehiagoka horietarikoa izan dugu gaur.
Espainiako Errege Kopako final-laurdenetan izan da Athletic, Mallorca talde balearraren aurka, buruz buru. Geureek irabazi eta eskuratu dute, bigarren urtez segidan, finalaurrekoetarako pasea. Bejondeizuela!

Idaztera bultzatu nauenak, aldiz, ez du kirolarekin zer ikusirik. Edo bai! =)

Geure gizartean modu neurrigabean inposatzen ari den kultura bati (inposatu, geuk nahi dugulako, noski), geure hizkuntza eta kulturarentzako erabat probetxugarriagoa den alternatiba umoretsua aurkitu diot Bilbon: ‘Euskarazetamol’ antzezlana.


Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek Ez dok hiru Bikoteatroa osatzen dute eta gaur ikusi dugun saioa ‘Dibertimenduak’ izenez bataiatu zuten trilogiaren azken ekoizpena da.
Euskarazko emanaldi honek, geure hizkuntza gai nagusi hartuta, euskaraz eta euskararen kontura trufa egiten du; "supereuskalduna" izateko formularen bila, mintzairarekin jolastuz entretenitzen duen bitartean.

Izugarria eta, denaren gainetik, azpimarratzekoa iruditu zait lanaren gidoia.
Dagoeneko maila on bat eskuratu duten euskarako ikasleentzat gomendagarria da emanaldia. Baina hortik, aitzina. Gidoi bizkorra da, arina eta oso adimentsua. Ez du pentsatzeko denbora askorik eskaintzen, txiste baten atzetik beste bat etorriko delako jarraian, eta horren ostetik erritmo aldaketa nabarmen bat…
Ordubeteko saioan ez dago ordularia begiratzerik, ez dago aspertuko den ikuslerik. Loak, ez du orain tokirik, ikusleak ere azkarra izan behar duelako emanaldiak eskatzen duen mailan egoteko.

Aulki bi, alfonbra bat, zakarrontzidun esekileku bakarra eta beren-beregi antzezlan honetarako diseinatutako traje batzuetatik ateratzen dituzten osagarriak dute atrezzo bakarra. Ez dago beste ezerezekin nahasterik. Euskara eta umorea, huts-hutsik.

Aktoreek ere, zer esanik ez, ez dute zalantzarako tarterik uzten eta izugarri gustatu zaizkit erritmo eta tonu aldaketak edota protagonisten joan-etorriekin, agertoki soil bati atera dioten onura, une oro ikuslearen arreta bereganatuz…


Euskaldun peto-petoa izateko pilulak eskaintzen ditu 'Euskarazetamol'-ek, beraz. Eta erakutsi digu, beste behin, geure hizkuntzarekin badagoela entretenitzerik. Badagoela irri egiterik.
Euskarak denerako balio duelako, eta… pilularekin zein pilularik gabe, nekez suspertuko delako geure bultzadarik jaso ezean.