2010-12-14

Euskararekiko PPren konpromisoak eta Mayor Orejaren birraitona

Gonbidapen bat egin nahi dizuet segidan:

Irakurri hurrengo artikuluan Antonio Basagoitik euskararen inguruan esandakoak (hauteskunde-hatsa dutenak) eta ikusi Mayor Orejak duela urtebete inguru esandakoak; bere birraitona goraipatzen du EUSKARA etxean DEBEKATZEAGATIK!

I. Larrazabal, 2010eko abenduaren 14an
ZuZeu albistarian argitaratua

Antonio Basagoiti euskal PPren presidenteak Euskaltzaindian hitz egin du gaur, euskararen XXI. mendeko perspektibei buruz. “Euskal kulturaren aberastasun” gisa deskribatu du euskara, eta “alderdikerietatik gaindi babestu beharrekoa”. Urte eta erdira isildu nahi ote ditu Basagoitik Mayor Orejak bere berraitonak euskara debekatu izanaz harrotu zenean esan zituenekoak?

Mayor Orejak iaz esan zuen, harro, bere berraitonak seme-alabei etxean euskaraz egitea debekatu ziela, “eta era horretan ez ziren baserrira mugatu”. Kataluniako hezkuntza legearen eraketaren testuinguruan egin zituen adierazpen horiek, gaztelaniaren handitasuna erakuste aldera. Historiatxo horrekin PPko kideak “frogatu” nahi zuen “komunikaziorako gaitasuna lehenesten dutenen buru argitasuna dela garrantzitsuena” eta hizkuntzak “ez direla politika”.

Basagoitik gaur PPk euskararekiko duen konpromisoa nabarmendu du: “Inor ez dadila ausartu alderdi honek euskararen garapenarekin duen konpromisoa zalantzan jartzera, demostratu egin beharko du, eta bere gezurrak, faltsukeriak eta interesak agerian jarriko ditu”.

Bere hitzetan, “euskara babestea eta bultzatzea denon egitekoa da, euskara gure kultur ondarea da, euskal herritarrona”. PPk euskararekiko duen konpromisoari ez diola uko egingo esan du Basagoitik, “nahiz eta zenbaitek guri ez dagozkigun etiketak jarri nahi dizkigun”. PPren eredu, egunerokotasunean euskaraz mintzatzen diren Laura Garrido, Carlos Iturgaiz, Xabier Olabarrieta, Rafa Olaizola, Mari Carmen Larrañaga, José Luis Marcaida, Itziar Lamarain edo Pilar Elías zinegotzi eta PPko kideak aipatu ditu, eta Arantza Quiroga eta Carmelo Barrio egiten ari diren lana goretsi. 2003an euskara ikasteko asmoa zuela esan zuen Basagoitik, eta gaur esan du “ahalegin handiagoarekin” egin beharko lukeela. Gaur, nola hala, euskaraz irakurri du.

“Hizkuntza honek ez dauka berau zenbaitek maneiatu nahi duten gehiegikerien kulparik”, esan du.

“Sesio zaharrak eta praktika txarrak lurperatzeko deia” egin du gaur Basagoitik Euskaltzaindian.

Agian 2008an berak egindako hitzei buruz ari zen (bigarren bideoan), “euskara mantendu behar den hizkuntza eta gaztelania eta ingelesa bultzatu beharrekoak” zirela esan zuenekoaz agian.





(jatorrizko bertsioa ZuZeu bitartez irakurtzeko, egin klik hemen)