2010-06-16

"La Roja"

Azken aldian ez dago berririk. Azken aldian mundua geldiarazita dago milaka pertsona, egunero, Afrikan hiltzen diren bitartean. Azken aldian berri bakarra dago hedabideetan: Hegoafrikako Munduko Kopa.

Gainera, inguruko gizarte “plural” honetan solas bakarra erantsi da: ‘La Roja’. Ez dago beste gairik geure ahotan, aldekoak (batez ere) eta kontrakoak, baina Espainiako Futbol Selekzioa beti hizpide.

Eta, neure galdera hurrengoa da: zer egin dezake futbolaz, mundial batek xahutzen duen diru guztiaz, estereotipo horietaz aldendu nahi duen batek eta, zergatik ez, Espainiako selekzioaz ezer jakin nahi ez duen batek? Telebista itzali? Irratia gainezka datorren errekara bota? Ala norberaren logelan giltzapean isolatu ‘mundiala’ amaitu artean, alegia?

Hori gutxi balitz, auzoko herrialdeko selekzioa norgehiagokako faboritoa da eta gaurko taldearen estreinaldi sonatuan (nork ez du jakin?),… GALDU EGIN DU espainiar zaleen gehiengoaren harridurarako, 0-1 Suitzaren aurka.

Zintzotasunez aitortuko dizkizuet, halaber, kontu bi:

Batetik, neu, bai Espainiako baita Frantziako selekzioen kontra nagoela. Herrialde hauen armarrien atzean gordetzen den iragan eta oraina krudelak ezin duelako, niretzat, baloi inozo baten atzetik doan hamaikako batek ezkutatu. Ez horixe.

Ostera, talde onak direla onartzen dut. Argi daukat.
[ Talde bezain estatu onak izango balira… ]

Bestetik, kontraesana dirudien arren, puntu inbidiagarri bat ere badute niretzat espainiar selekzioak eta dagozkion jarraitzaileek, gainontzekoek legez. Eurek, beraien Herriaren izenean mundu zabalean, nazioarteko lehiaketetan har dezakete parte. Mundu mailan onartuak izango dira eta herritar guztiek izango dute bat egingo duten zerbait komunean, bederen; beraien selekzioak irabazteko grina.

Neuk berriz, biharko egunean Eurokopa, Munduko Kopa,… edo antzeko batean jolastu nahi izanez gero, inposatu didaten Espainiarekin izan beharko du. Izatekotan.
Euskalduna izateagatik selekzio ofizialik ez izatera nago kondenatua eta, mundu zabalean ordezkaririk ez izatera. Hori futbolean, eta bizitzako alor guztietan.

Horregatik, eta Munduan milaka pertsona egunero hiltzen direla ahaztu barik, euskaldunok geure selekzioen alde lanean jarraitu behar dugu, etsi gabe!

NAZIO BAT, SELEKZIO BAT

Euskal selekzioak aurrera!

Jon Gomez Garai
2010eko ekainaren 16an