2012-04-26

Bidaian

Gaur, kasualitatea badirudi ere, Alemaniara goaz Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearekin bertako nazioarteko jaialdi batean parte hartzera.

Maiatzaren 2an eginen dugu buelta. Bidean baina, hurrengo asterako Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin aurkeztu beharreko kontzertuen gidoia ikasten joan beharko. Hurrengo aste biak, gogor xamarrak somatzen ditut, beraz.

Bien bitartean, egin irribarre eta bueltararte! =)

75 urte!

Gernika... eta, beste askoren artean, Durango, Otxandio, Larrabetzu, Mungia, Plentzia, Galdakao, Lemoa, Sollube, Bizkargi, Irun, Derio, Bilbo, Eibar; etab, etab, etab... 75 urte pasa dira sarraskiaz geroztik. Baina Herriak ez du ahaztuko.

HERRIAK EZIN DU AHAZTU!!!
 
 

 "Len amar lagun giñan etxean..." Bizitako testigantza, kantu bidez.


2012-04-24

Sarraskiaren 75. urteurrena


Atzo hauxe jaso genuen galdakoztarrok etxeko postontzian...

'Galdakao Gogora' taldeak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean, geure herriko oroimen historikoa berreskuratzeko osatutako ekintza-programa. Hilabeteotarako mota guztietako 20 saio baino gehiago antolatu dituzte Galdakaon, herriko beste hainbeste elkarte eta txokoren laguntzaz.

Irabazi asmorik gabe eta eskuzabaltasun eredugarriaz ari da lanean aipatutako lehenengo lan-taldea...

Zeuei esker, geuk ere ez dugu ahaztuko!
ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO!!!


2012-04-23

Proiektuz proiektu

Hiru egunetan bakarrik, 34 ordu egin ditut Eroski Taldearentzat barne-komunikaziorako promozioko grabazioetan.

Sinetsidazue, presio handia eta lan gogorra. Baina pozik 'MediaSet' talde erraldoiarentzat lan egiten duen Madrileko ekoizpen etxe batekin lan egiteaz! Lan egiteko beste mundu bat da... Bi aste barru bueltatu beharko naiz azken sarrera batzuk grabatzera, baina lodiena, amaituta!

Orain euskaraz eta etxean lan egitea dagokigu: ETB eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin maiatzean aurkeztuko ditudan kontzertu didaktikoen gidoiak jaso bezain pronto, Miramonen batzar pare bat eta... mihia eragitera!


2012-03-28

Gogoan izango zaitugu, betirako

Ez nuen neure burua honetarako kapaz ikusten, baina herriko ‘ERABIDE emakume taldeak’ eta Galdakaoko Udaleko ‘Berdintasun Arloak’ bultzatuta idatzi ditut neure familiaren hutsuneari eskainitako berbak:


Jakin badakigu bizitzak ezustekoak ematen dituela sarritan. Onak batzuetan, txarrak beste askotan. Eta txarrak dira, zoritxarrez, geure bizimodua gehien aldatzen dutenak. Gauetik egunera edo egunetik gauera, bizitza aldatu dakizuke erabat. Konturatu barik, nahigabe eta zeure borondatearen kontra, baina bizitza aldatu zaizu. “Zergatik” galdetzen diozu zeure buruari orduan, arrazoiak bilatuz. Zergatik geuri? Zergatik horrela?

Antzekoa gertatu zitzaigun geurean, amesgaiztoko bi hilabete eta erdian, Pauli geure senidea joan zenean. Ez zegoen eskubiderik, antza denez, inork ezin zezakeen bere bizitzagatik ezer egin, eta 61 urterekin joan egin zitzaigun Pauli. 2011ko ekainaren 16an, primeran eta beti bezain jator egotetik, irailaren 5ean buruko minbiziak jota hil zen arte.

Neure eskutik helduta hartu zuen azken arnasa… eta maite nuela, maite genuela esanez agurtu nintzen beraz, bizitzak emandako injustizia hori sinetsi barik.

Orain, 6 hilabete geure Pauli gabe, negar malkoak begitik kentzen saiatu eta emakume bikain honek utzi diguna nabarmentzeko beharrean nago.
Horregatik, laztana, zauden tokian zaudela, entzun ezazu geure esker ona eta gogoratu ezazu asko maite izan zaitugula familian; eta maitatzen jarraituko zaitugula beti.


Eskerrik asko egin duzun lan handiagatik, duda barik, emakumeen aldeko borrokatxoan eta eskaini diguzun maitasun osoan. Zoragarria izan zara.

Eskerrik asko utzitako altxorragatik, zeure seme-alabak; zeure lanaren ondare, zoragarriak direlako ere! Ezin hobeto hazitako seme-alabek jarraituko dute zeure bide zintzoa, eta beraien arrakasta guztiak, zeure omenaldi izango dira. Eta zin egiten dizut, Pauli, elkar zainduko dugula, zuretzako izan diren legez, niretzako ere berebizikoak direlako Esti eta Rikar.

Jadanik ez zaitugu geure bazkari eder horietan izango; ez zaitugu zeure lagunekin, tabernako izkina batean kartetan jolasten gehiago ikusiko; neure amak ez ditu zurekin liburu gehiago konpartituko eta ezin izango zaitugu gehiago musukatu…

Baina ez izan zalantzarik, lehenengo egunean bezala maitatzen jarraituko zaitugulako.

Eskerrik asko emandakoagatik, Pauli, musu handi bat eta laster arte!


Jon Gomez Garai
Senideen izenean

Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean egindako omenaldian
2012ko martxoaren 14ean



2012-03-19

Albiste itxaropentsua

Gorka Maneiro UPyD alderdi ultraeskuindar espainoleko legebiltzarkideak, gaur goizean bere 'Twitter'-eko kontuaren bitartez PSE-EE, EAJ-PNV alderdiarekin Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Guardia Zibila murrizteko ituna sinatzen saiatuko dela adierazi du, zurrumurruek diotenaren arabera.


Maiz helarazi diot neure errefusa Guardia Zibila Euskal Herrian egoteari.
Hamaika argudio izan ditut beti militar horiek geure mugen beste aldera egon behar dutena defendatuz eta, orain, 2011ko urriaren 20an ETA erakunde armatuak su-eten "iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri zuenetik, ez dago aitzakiarik. Garai "baketsu" batean gaudela saldu nahi diguten honetan, ez dago zer eztabaidatu. Lehen ere ez nituen geure lurretan nahi. Orain are gutxiago.

Bada, egin dezagun hausnarketatxo arina:

Zertarako nahi dugu Guardia Zibila Euskal Herrian? Zer egiten dute geure lurretan?

Hego Euskal Herrian 40 polizia etxetik gora ditu institutu armatuak eta zenbatezinak dira geure artean ditugun militarrak eta beraien familiak, Euskal Herrian egoteagatik euretariko armatu bakoitzak "arrisku-plusa" gisara diru moltsoa kobratzen duela gogoratuz. Zein dute arrisku? Zintzoki, daukaten iragan eta orainaldi susmagarriarekin, hauek baino arrisku gehiagorik?!...

Euskarazko 'Wikipedia' entziklopedia askeak hauxe dio Guardia Zibilaren harira:

"EAEn zeregin oso murritzak ditu, Ertzaintzak dituelako segurtasuneko eta trafikoko eskumen guztiak; Guardia Zibilaren eginkizun nagusia ETAren aurkako borroka da."

Zer esanik ez, adiskide, eskerrik asko betetako eginkizun nagusi horregatik baina zeuen lana amaitu da Euskal Herrian... "Krisi" garaian gainera, zenbat aurreztuko genukeen Francoren oinordekoak etxera bidalita!

Geure partetik, esames hau egiazko bilakatzea baino ezin dugu itxaron eta, nola ez, aurrerapauso hau Hego Euskal Herri osotik desagerrarazteko lehenengo urratsa baino ez daitela izan itxaropenez pentsatu.




2012-03-12

'Lokaleroak' saioaren I. Gala Mundiala

'EiTB.com'-ek hemen, 'Kapuko' aldizkariak hemen eta 'Gaztea'-k ere hementxe...
Argi zegoen. Komunikabideek ere aurreikusten zuten festa erraldoia... eta iritsi zen eguna!...


Larunbatean ospatu genuen ETB-3ko 'Lokaleroak' saioaren I. Gala Mundiala eta honaxe EiTBk webgunean argitaratu dituen hainbat argazki.

Telebistan berriz, apirilaren 3an izango duzue ordu bi eta erdiko Galaren laburpena, 22:00 pasatxo, ETBko hirugarren katean.


Neure partetik, ez dut hitzik Durangoko 'Plateruena' Kafe Antzokian bizitakoak deskribatzeko. Bakarrik, esan, ikaragarria izan zela, benetan bizia eta euskal telebistako jaialdietan, aitzindaria. Jai giro eta festa erraldoiaz gozatu genuen inongo ezbairik gabe. Gozatzeko lanegun horietarikoa.

Neuk ere, oso nekatuta, baina pozik; oso pozik amaitu nuen saioa.
Ehundaka gazte bertaratu ziren sari banaketara eta ohorea izan zen niretzat bertan egotea, ohorea aurkeztea eta gozamena ETB eta PAUSA Digital produkzio-etxearekin lan egitea. Mundu honetan pertsona jator eta langileak daudenaren adibide garbia zarete, adiskideok.

Horregatik eta nigan jarri duzuen konfiantzagatik...
ESKERRIK ASKO!!!





2012-03-06

Nola ahaztu...



Galdakao eta inguruetako oroimen historikoa berreskuratu eta ezagutzera emateko sortutako koordinakundea da 'Galdako Gogora' taldea.

Bada, aurten dute lanaldi gogorrena herrian, 75 urte direlako Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri bonbardatu zutenetik. Galdakao horietariko bat izan zen eta horrexegatik, herritar jator eta euskaldunez osatutako talde honek hilabeteetako egitarau oparoa osatu du herri mailan.

Lehenengoetariko saioak, emakumeen nazioarteko egunaren harira ospatuko diren ekintzekin egin du bat. Hala, Galdakaoko Udaleko 'Berdintasun Arloak' eta 'Galdako Gogora' taldeak elkarlanean, Torrezabal Kultur Etxeko berotasunean Izarren argia filmaren Zine Forumaz gozatzeko aukera eman dit koordinakundearen gonbidapenak.


1938. urtean, Espainiako Gerra Zibileko alderdi ilunetariko bat bizi izan zuten geure arbasoek Kantauri Itsasoari begira zegoen Saturrarango emakumeen presondegian, eta gertatutakoak islatu nahi izan ditu Mikel Rueda zuzendariak film eder honekin.

Neure txoko honetatik pelikula triste, gogor, hunkigarri baina egiazko hau ikusteko gonbitea baino ezin dizuet egin. Aretoak gainezka egin duen jardunaldi bakarrenetarikoan, amorrua eta hunkidura nagusi zela esatera ausartuko nintzateke. Eta neu ere hala sentitu naiz, amorruz beteta.

Egindakoagatik oraindik barkamenik eskatu ez duten garai "baketsu" eta biolentzia gaitzestu "behar" den honetan, agerian uzten du lan honek jakin badakiguna:

Nekez justifikatuko dugu gerra bat, ezin izango dugu ultra-eskuindarren itxurakeria ere sinistu (alderdi demokratikoen siglen atzean ezkutatuta ere), egundo ez dugu Guardia Zibilaren iragana eta jatorria ahaztuko, eta horregatik, ezingo dugu euren presentzia Euskal Herrian onartu... eta, oraindik hamaika jarraitzaile dituen eliza katolikoaren betekizunarekin ere, ez dugu inoiz bat egingo.

Neure oinarriak berretsi ditu Izarren argia ("Estrellas que alcanzar", gaztelaniaz) lanak, beste behin, emakumeen garrantzia nabarmenduz baina bizitako zapalkuntza azpimarratuz. Horrelako filmegatik ez balitz, aspaldi ahaztuta izango genuke geure herriaren iragana.

Horregatik, zorionak eta neure eskerrik beroena guzti hau posible egin duzuenoi, geure iraganaren pasartetxo bat gogorarazteagatik, ba erakundeen esku balego... geure iragana ahantzita, ezin izango baikenuke geure Herria eraikitzen jarraitu...



2012-02-13

Bertsozaleontzako gutizia

Ikustea merezi duen saio horietarikoa eskaini digu azken 'Hitzetik Hortzera'-k.

Nabarmentzekoak, Iturenen Julio Soto eta Andoni Egañaren arteko barrez lehertzeko bertsoaldia, Amets Arzallusek baloi batekin "tokeak" ematen dituen bitartean Egañak Zeanurin botatakoak eta lehenbiziko aldiz eskaini den esperimentua, Bideoa Bertso Bide izenburupeko saioa Bilboko Alhondigan.

Azken honetan izan ginen gu eta aurpegi batzuk ezagun egingo zaizkizue, beraz! =)

Bideoa, hementxe ikusgai.

2012-02-08

Tomen nota

"Aunque nosotros seamos de fuera, el euskera es la cultura de nuestra hija"

Estella-Lizarra
C. Solano


Christian Wendler, de 31 años, e Isabel Suárez, de 34, viven en Estella-Lizarra pero proceden de Düsseldorf (Alemania) y Vilanova de Arousa (Galicia). Van a matricular a su pequeña Ainhara para el ciclo de Infantil en Lizarra Ikastola, centro al que la niña acude desde que tenía 5 meses. Tras la experiencia vivida en la escuela infantil, no hay duda. Lizarra Ikastola es su colegio por su proyecto educativo y su enseñanza del euskera.

Siendo ustedes de Alemania y de Galicia, ¿por qué decidieron escolarizar a su hija en un centro con el euskera como base?

Precisamente por el idioma. Aunque nosotros no somos de Estella, la niña nació aquí y el euskera es una parte de sus raíces, de su cultura y de su tradición y consideramos que debía aprenderlo desde pequeña. También queríamos defender y apoyar este idioma. No concebimos la educación de nuestra hija sin el euskera.

¿Y por qué Lizarra Ikastola?

Es nuestra primera opción. Tenemos excelentes referencias de este centro y su proyecto educativo nos encantó. Así que decidimos traerla desde los cinco meses y ahora que hay que escolarizarla en Infantil, no tenemos ninguna duda. El trato con las andereños ha sido excelente durante estos primeros años y queremos que nuestra pequeña continúe aquí. La comunicación entre el centro y los padres es excelente, hay una total implicación de las familias. Creemos que es una enseñanza muy personalizada y sabemos que nuestra hija está bien en Lizarra Ikastola.

El hecho de que se oferte toda la enseñanza obligatoria, ¿también influyó?

Por supuesto. Aquí nuestra pequeña entró con cinco meses y saldrá con 16 años y a lo largo de todo ese periodo tendrá siempre cerca personas conocidas en un ambiente familiar.

Su hija será plurilingüe...

Efectivamente. Hablará castellano, euskera, gallego, alemán e inglés. De hecho, en casa hora se habla castellano, gallego y alemán y se canta en euskera con Pirritx eta Porrotx.

Si algún día tienen que mudarse a sus lugares de origen, ¿prevén que su hija continúe aprendiendo euskera?

Por supuesto, trataremos de que si algún día nos vamos, que no es nuestra intención, ella conserve su idioma por todos los medios.


2012-02-03
noticiasdenavarra.com
-etik jasoa

2012-02-02

Bitxikeritxo bat

'LaSexta' albistegiko aurkezleak Gasteizko denboralearen berri eman nahi zuen eta telebista-kate honetako protokoloak bikain agintzen duen legez, arratsaldeon! batekin agurtu du Arabako hiriburuan zegoen erreportaria. Azken honek aldiz, ondo ahoskatutako "buenas tardes" batekin erantzun du platoko kazetaria.

Itxura eskasa. Tristea. Baina benetakoa.

Etxekoak ditugu agur, egunon edota eskerrik asko bat esateko inongo ahaleginik egiten ez dutenak. "Adiós" edo "muchas gracias" batekin ez dute besterik behar eta...


2012-01-30

Ganoraz

Geure inguruan ohikoak diren akatsak zuzendu edota norberak izan ditzazkeen zalantzak argitzeko, Ganoraz aholku linguistikoen atala sortu dut neure blog pertsonalean.

Euskaraz ganoraz idatzi eta ganoraz hitz egin dezagun.

Tokian tokiko euskalkian eta bakoitzak aukeratutako moduan idatzi daitekeelako, baita modu formal zein informalean, 'Twitter', 'Tuenti', 'Facebook' edota korreo elektronikoz idazten duguna ere, egoki idatzi daitekeelako. Aldiz, sare sozialetan hizkuntzari garrantziarik ez ematetik sortzen dira geure idazkeran hain ohikoak diren hanka-sartzeak (oinarrizkoak asko).

Horregatik, euskarak zuretzat garrantzia badu, tarteka argitaratuko ditudan aholkuei begiradatxoa egiteko gonbitea luzatu nahi dizut.

Euskaraz ere, GANORAZ egin daitekeelako!


2012-01-27

Bertsolarien burmuinaren ikerketa

...eta hain leku konplexutik, zerbait argia ateratzea espero al dute? Ikerketa interesgarria...

Beti mirestu izan ditut bertsolariak eta, beti uste izan dut gogor entrenatzea baino zerbait gehiago dagoena euren baitan, ez dakit, baina HANDIAK dira.

2012-01-25

Euskarazetamol

Merezi omen duen futbol norgehiagoka horietarikoa izan dugu gaur.
Espainiako Errege Kopako final-laurdenetan izan da Athletic, Mallorca talde balearraren aurka, buruz buru. Geureek irabazi eta eskuratu dute, bigarren urtez segidan, finalaurrekoetarako pasea. Bejondeizuela!

Idaztera bultzatu nauenak, aldiz, ez du kirolarekin zer ikusirik. Edo bai! =)

Geure gizartean modu neurrigabean inposatzen ari den kultura bati (inposatu, geuk nahi dugulako, noski), geure hizkuntza eta kulturarentzako erabat probetxugarriagoa den alternatiba umoretsua aurkitu diot Bilbon: ‘Euskarazetamol’ antzezlana.


Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek Ez dok hiru Bikoteatroa osatzen dute eta gaur ikusi dugun saioa ‘Dibertimenduak’ izenez bataiatu zuten trilogiaren azken ekoizpena da.
Euskarazko emanaldi honek, geure hizkuntza gai nagusi hartuta, euskaraz eta euskararen kontura trufa egiten du; "supereuskalduna" izateko formularen bila, mintzairarekin jolastuz entretenitzen duen bitartean.

Izugarria eta, denaren gainetik, azpimarratzekoa iruditu zait lanaren gidoia.
Dagoeneko maila on bat eskuratu duten euskarako ikasleentzat gomendagarria da emanaldia. Baina hortik, aitzina. Gidoi bizkorra da, arina eta oso adimentsua. Ez du pentsatzeko denbora askorik eskaintzen, txiste baten atzetik beste bat etorriko delako jarraian, eta horren ostetik erritmo aldaketa nabarmen bat…
Ordubeteko saioan ez dago ordularia begiratzerik, ez dago aspertuko den ikuslerik. Loak, ez du orain tokirik, ikusleak ere azkarra izan behar duelako emanaldiak eskatzen duen mailan egoteko.

Aulki bi, alfonbra bat, zakarrontzidun esekileku bakarra eta beren-beregi antzezlan honetarako diseinatutako traje batzuetatik ateratzen dituzten osagarriak dute atrezzo bakarra. Ez dago beste ezerezekin nahasterik. Euskara eta umorea, huts-hutsik.

Aktoreek ere, zer esanik ez, ez dute zalantzarako tarterik uzten eta izugarri gustatu zaizkit erritmo eta tonu aldaketak edota protagonisten joan-etorriekin, agertoki soil bati atera dioten onura, une oro ikuslearen arreta bereganatuz…


Euskaldun peto-petoa izateko pilulak eskaintzen ditu 'Euskarazetamol'-ek, beraz. Eta erakutsi digu, beste behin, geure hizkuntzarekin badagoela entretenitzerik. Badagoela irri egiterik.
Euskarak denerako balio duelako, eta… pilularekin zein pilularik gabe, nekez suspertuko delako geure bultzadarik jaso ezean.