2012-01-30

Ganoraz

Geure inguruan ohikoak diren akatsak zuzendu edota norberak izan ditzazkeen zalantzak argitzeko, Ganoraz aholku linguistikoen atala sortu dut neure blog pertsonalean.

Euskaraz ganoraz idatzi eta ganoraz hitz egin dezagun.

Tokian tokiko euskalkian eta bakoitzak aukeratutako moduan idatzi daitekeelako, baita modu formal zein informalean, 'Twitter', 'Tuenti', 'Facebook' edota korreo elektronikoz idazten duguna ere, egoki idatzi daitekeelako. Aldiz, sare sozialetan hizkuntzari garrantziarik ez ematetik sortzen dira geure idazkeran hain ohikoak diren hanka-sartzeak (oinarrizkoak asko).

Horregatik, euskarak zuretzat garrantzia badu, tarteka argitaratuko ditudan aholkuei begiradatxoa egiteko gonbitea luzatu nahi dizut.

Euskaraz ere, GANORAZ egin daitekeelako!


2012-01-27

Bertsolarien burmuinaren ikerketa

...eta hain leku konplexutik, zerbait argia ateratzea espero al dute? Ikerketa interesgarria...

Beti mirestu izan ditut bertsolariak eta, beti uste izan dut gogor entrenatzea baino zerbait gehiago dagoena euren baitan, ez dakit, baina HANDIAK dira.

2012-01-25

Euskarazetamol

Merezi omen duen futbol norgehiagoka horietarikoa izan dugu gaur.
Espainiako Errege Kopako final-laurdenetan izan da Athletic, Mallorca talde balearraren aurka, buruz buru. Geureek irabazi eta eskuratu dute, bigarren urtez segidan, finalaurrekoetarako pasea. Bejondeizuela!

Idaztera bultzatu nauenak, aldiz, ez du kirolarekin zer ikusirik. Edo bai! =)

Geure gizartean modu neurrigabean inposatzen ari den kultura bati (inposatu, geuk nahi dugulako, noski), geure hizkuntza eta kulturarentzako erabat probetxugarriagoa den alternatiba umoretsua aurkitu diot Bilbon: ‘Euskarazetamol’ antzezlana.


Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek Ez dok hiru Bikoteatroa osatzen dute eta gaur ikusi dugun saioa ‘Dibertimenduak’ izenez bataiatu zuten trilogiaren azken ekoizpena da.
Euskarazko emanaldi honek, geure hizkuntza gai nagusi hartuta, euskaraz eta euskararen kontura trufa egiten du; "supereuskalduna" izateko formularen bila, mintzairarekin jolastuz entretenitzen duen bitartean.

Izugarria eta, denaren gainetik, azpimarratzekoa iruditu zait lanaren gidoia.
Dagoeneko maila on bat eskuratu duten euskarako ikasleentzat gomendagarria da emanaldia. Baina hortik, aitzina. Gidoi bizkorra da, arina eta oso adimentsua. Ez du pentsatzeko denbora askorik eskaintzen, txiste baten atzetik beste bat etorriko delako jarraian, eta horren ostetik erritmo aldaketa nabarmen bat…
Ordubeteko saioan ez dago ordularia begiratzerik, ez dago aspertuko den ikuslerik. Loak, ez du orain tokirik, ikusleak ere azkarra izan behar duelako emanaldiak eskatzen duen mailan egoteko.

Aulki bi, alfonbra bat, zakarrontzidun esekileku bakarra eta beren-beregi antzezlan honetarako diseinatutako traje batzuetatik ateratzen dituzten osagarriak dute atrezzo bakarra. Ez dago beste ezerezekin nahasterik. Euskara eta umorea, huts-hutsik.

Aktoreek ere, zer esanik ez, ez dute zalantzarako tarterik uzten eta izugarri gustatu zaizkit erritmo eta tonu aldaketak edota protagonisten joan-etorriekin, agertoki soil bati atera dioten onura, une oro ikuslearen arreta bereganatuz…


Euskaldun peto-petoa izateko pilulak eskaintzen ditu 'Euskarazetamol'-ek, beraz. Eta erakutsi digu, beste behin, geure hizkuntzarekin badagoela entretenitzerik. Badagoela irri egiterik.
Euskarak denerako balio duelako, eta… pilularekin zein pilularik gabe, nekez suspertuko delako geure bultzadarik jaso ezean.





2012-01-19

Zer da Athletic?

Batzuentzat "bilbainada" edo handikeri bat izango da agian, besteentzat sentimenduz beteriko kontua. Azken horiei, hortaz, hurrengo testua eskaini nahi diet.

Gaztelaniaz dago eta, futbola gustatu zein ez, ahots leunarekin eta emeki-emeki dena jarraian irakurtzeko moduko idatzia da. Ez Athletic-en inguruan hitz egiten duelako (baita ere), baizik eta irakurtzea merezi duen testutxo horietarikoa delako, nire ustez. Gozatu berben xarmaz:


"
¿Qué es el Athletic? El Athletic es el aitite y el nieto compartiendo bandera. El bocadillo de ama o la bufanda tejida por amama. La bota del vecino y el abrazo con el desconocido... La lluvia racheada, entrando por Ingenieros. La mujer que de niña soñó con calzar botas y la hija que lo logró. El último domingo compartido con aita, sin saber que sería el último. El primer beso íntimo.... rodeado........................ de 47.000 ojos. El escudo al atardecer, al fondo de una calle de bares. El puro fumado por uno, pero compartido por todos. El grito desesperado, la emoción desbordada, la lágrima suelta. Y el placer de los placeres. El éxtasis. El rugido del león. El ¡A por ellos! y el Beste bat! o el ¡Athleeeeeeeeeeeetic! Con bufandas al viento. Los primeros cortos y rotundos. El tercero, arrastrado, con sentimiento, dejándote el alma: feliz. Así es nuestro Club, de todos y de nadie, singular en filosofía y plural en seguidores. Tan respetado como incomprendido. Hay equipos que hacen historia, en el Athletic queremos hacer leyenda. Y todo porque, un día, en un acuerdo no escrito, quisimos seguir nuestro camino. Donde otros veían el final, nosotros veíamos principios. Elegimos ser David, cuando todos querían ser Goliat. A la utopía con la épica pasando por Bilbao. En eso estábamos, y estamos. Un acuerdo que se mantiene, pese a todo, entre millones de aficionados alejados en lo geográfico, lo político, lo cultural y lo social. Aquel día, elegimos: "vencer menos, para ganar más". Y entendimos que el Athletic es una cuestión de familia. Lo del fútbol, créeme, es secundario.
"

2012-01-16

Paradoxa bat

Egun gazi-gozoa gaurkoa.

Manuel Fraga, Francisco Franco diktadore-inperialista-totalitarioaren taldeko ministro eta zerbitzari izan zena eta, hortaz, faxisten sarraskian zuzenean parte hartu zuen Partido Popular alderdiko sortzailea hil egin da.

Hori izango litzateke alde gozoa, ez balitz bere heriotza bidegabeagatik izango.

Heriotza bidegabea diot, bere ohean hil delako, goxo-goxo eta egindakoagatik inork epaitu gabe. Biolentzia gaitzestea modan eta derrigorrezkoa den honetan, Fraga barkamenik eskatu gabe joan da.

Hori gutxi balitz, laudorio eta berba ederrak baino ez dira jaso komunikabide gehienetan, bere iragan sarraskitzailea kontuan hartu gabe, bere heriotzak pertsona on bihurtuko balu bezala.

Baina bere 60 urteko politikagintza faxista legez laburbiltzea txarto dago, aldiz, Txillardegiren ibilbide luze eta aberatsa ETAko sortzaile lanetan laburbiltzea, ondo dago... Paradoxa bitxia.

Agur eta inoiz arte, Fraga!

2012-01-11

Gogoratzen?


Aspaldiko kontu batekin topo egin dut sarean.

Bilboko Areatzan, EiTBren babesarekin aurkeztu genuen munduko errusiar xerrarik handienaren gorabeherak biltzen dituen BIDEOA!!!
Ahotsik bakoa baina laburra eta polita da. Ederki laburbiltzen du jardunaldi hartan islatutakoa.

Eskerrik asko, David eta taldekide guztiei!

2012-01-08

Bueltan...



Gabon garaia pasatu dugu eta horrekin batera hasiera eman diogu urte berriari, aldez aurretik...
urte berri on!

Urte berriarekin bizitza berririk ez, baina bai proiektutxo batzuk bistara.
Horien artean, iazko berberak: 'Olentzeroren Etorrera 2011' eta 'Erregeen Kabalgata 2012'.

Lehenengoaren berri blogaren bitartez eman banuen ere, 'Erregeen Kabalgata 2012' saio berezia urteko bosgarren egunean aurkeztu genuen Izaro Iraetak eta biok, zuzenean, ETB-1 eta eitb.com-en bitartez. Honaxe saioa iragartzen zuen albistea.

Saioak osorik ikusteko aukera ere badago, noski, 'EiTB Nahieran' plataforma medio.

Horretarako, koloreztatutako ondorengo hitzetan klikatzea besterik ez dago:



Argazkia: ETB

2011-12-20

Politikariek, krisirik bai?

Espainiako presidente ohia den R. Zapaterok erretiroa hartu du, 51 urte dituela eta hilarteko soldata bermatua. Adibide bikaina espainiar estatuko biztanle guztientzat, besteak beste, erretiroa 67 urterekin hartu behar izatea inposatu duen agintariak eman duena.

Goi-mailako politikariak herritar xumeak bezalakoak direna esaten digutenean… zer sinistu behar dugu geuk?

Datorren legealdirako Espainiako presidente izendatu dute Mariano Raxoi politikari galiziarra eta, agintean hasi baino lehen, amaigabeak izan ziren jakinarazi zituen egiteke dituen aldaketak. Krisia aitzakiatzat hartuta, egin beharreko aldaketa edo lege berri horiek ikasle eta langileei zuzenduta daude. Ez aldiz, politikariei zuzenduak.

Italian oraintsu egin duten tankeran, zergatik ez dituzte geure politikari salbatzaileek euren soldatak jaitsi eta biziarteko neurri bako soldata aberatsak deuseztatzen?

Politikari maiteok, izan zaitezte herritarron eredu, zuen sinesgarritasun tamalgarria hutsaren hurrenera kondenatzen baitzaudete…

2011-12-19

Olentzero eta Erregeak, ETB-1en!


Aurten ere "Olentzeroren Etorrera 2011" eta "Erregeen Kabalgata 2012" aurkezteko ohorea izango dut bigarren urtez!

Olentzero ostiral honetan, hilaren 23an, iritsiko da Bilbora eta egun berean eskainiko dugu bere etorrera, arratsaldeko 19:00etatik aurrera ETB-1en!

Aurtengoan aldiz, krisi garaietara egokituko diren aldaketa batzuk izango ditugu ostiraleko saioan eta Maite Eskarmendik eta neuk emango dizuegu jaialdiaren berri baina jendartean murgildurik, 'set' edo platorik gabe.

Iazko argazki hau ez dugu Olentzerorekin errepikatuko, beraz.
Bai aldiz, "Erregeen Kabalgatan". Urte berriko bosgarren egunean, iazko saioarekin aldaketa handirik izan gabe, bertan izango gaituzue Izaro Iraeta eta bioi, zuzen-zuzenean ETBko lehenengo katean!

Gabon hauetan beraz, utzidazue zeuen etxeko berotasunera sartzen! =)

2011-12-15

Zer egin funtzionarioekin?

Bart gauean, CEOEko* presidente den Juan Rosell irakurri eta entzuteko aukera izan nuen hainbat hedabidetan, besteak beste, krisia aitzakia hartuta funtzionarioen inguruan solasean.


Rosell jaunak sektore publikoan enpresa pribatuan bezala kaleratu ahal izateko neurriak hartzeko eskatu zuen. Gainera, administratzaile publikoei ardura pertsonalak exijitzeko aukera izatea ere eskatu zuen Rosellek, gastuaren kontrola bermatze aldera. Bere hitzetan, funtzionarioen parte batek ez baitu bere eginkizunarekin betetzen edo, beste barik, ez duelako inongo lan ezta betebeharrik ere. Horregatik dago, hain justu, sektore publikoa neurriz kanpo.
Kaleratzeak azken aukera beharko lukeela onartuz, eskainitako prentsaurrekoan arlo publiko eta pribatuaren artean desberdintasun gutxiago egotera ohitu behar garena baieztatu zuen atzo CEOEko presidenteak.

Beste hainbat daturen artean, esanguratsuak iruditu zitzaizkidan eman zituen ehunekoak:
2002 eta 2009 urteen artean, soldatek %5,9 egin zuten gora sektore publikoan, pribatuan %2,8 bakarrik igo zirelarik.


Ekonomiaren inguruko neure oinarrizko ezagutza azpimarratuta eta patronalaz hitz egiten ari garena ahantzi gabe, datuak datu, gaurkoan arrazoi eman behar diot Juan Rosell CEOEko presidente jaunari. Honaxe azaleko hausnarketa pertsonala.

Titular bat eman eta gogor hastearren, hauxe esango nuke: Funtzionarioak desagertu beharko luke. Ez luke desagertu beharko funtzionarioak egiten duen lana. Inondik inora ere. Baina bai langilearen baldintzak. Harira:

Galbahe funtzioa izan dezan, bat nator oposizioak gainditu behar izatearekin, baina ez dut uste azterketa gainditzeak biziarteko lanpostu eta soldata bati lotuta egon behar duenik.

Horrek, behinik behin, lan egiteko grinak estali, norberaren burua eroso kokatu eta buruari gero eta gutxiago exijitzeko arriskua dakar. Eta, utzidazue ausardiaz esaten, asko direla egoera horretan jauzi diren funtzionario bizizaleak. Labur esanda: zertarako saiatu, lanpostutik inork kaleratuko ez badu eta herritar guztien diruarekin hilabete guztietan poltsikoa bete eta primeran biziko bada? Ez du merezi!

Sektore publikoan, lansari publikoarekin dauden langile gehiegi baditugu ere, grinatsuki bakan batzuek egiten dute arretaz lan.

Aldiz, hori ez da dena.
Egiten duten lan-administratiboa beharrezkoa da geure izapideak aurrera eraman ahal izateko eta horrexegatik hain zuzen, gizartearen zerbitzura daudelako, exijituko nieke enpresa pribatu bateko langileei exijitzen zaien neurri berean. Edo gehiago. Denon diruarekin bizi baitira ederki. Alde batera utzita, noski, nominako zenbaki luzeak, lan ordutegiak eta horietariko batzuek postu horretara iristeko baliatu dituzten bide zalantzagarriak… badakizue lagunok, konfiantzazko karguak, ildo politiko bereko kideak, mesedeak, nahierara ezarritako aulkiak…

Horregatik, orokorrean aritu naizela onartuz, oraingo honetan bat nator patronalarekin eta funtzionarioek ere langile profesionalak izan behar dutela bermatu beharra dago. Hala ez izatekotan, kale gorrira.

Bidegabeko pribilejioak alde batera utzi eta gizarte lehiakor baten alde egin dezagun lan, alferrek ez baitute erakunde publikoetan lekurik!

Sen on pixka bat, arren.