2013-09-05

Euskara ez omen da politikarien lagun

Urkullu lehendakariak Lazkaoko euskaltegi eta barnetegira egin duen bisita batu du El Diario Vasco egunkariak.
 
LUZE ETA ZABAL hitz egingo nuke honi buruz ere, baina bat nator Iñigo Urkulluren adierazpenokin: "Aprender euskera no solo es una gran aportación a la sociedad, sino que supone algo muy enriquecedor para la propia persona".

Euskara egin eta ikastera animatzea bikain dago eta goi-mailako politikari batek egitea, hobeto (herritarren gehiengora iritsiko zarelako, batez ere). Hala ere, "ikastera eta egitera animatu" baino, geure egungo politikariei ere euskara gehiago erabil dezaten eskatuko nieke. Bakoitzak jakingo du bere bizitza pertsonalean nola eta zein hizkuntzatan arituko den (askeak beharko ginateke aukeratzeko), baina politikagintzan, komunikabideen aurrean... euskara askoz gehiago erabiliko nuke.

Ez nabil gutiziarik eskatzen ezta daturik asmatzen ere: Berria egunkariak Eusko Legebiltzarreko ekaineko osoko bilkuretan egin zuen azterketaren arabera, "parlamentariek hitzaldien %77 gaztelaniaz egin zuten". Ikerketa beran oinarrituta, alderdien gehiengoak gaztelania euskara baino nabarmen gehiago erabiltzen du hitzaldietan. Beraz, erakuslehioan indar egin baino, ekintzetan erakutsi behar dute alderdi poltikoek geurearen alde daudena. Politikari horrek: erdaldunak euskaraz ez dakienaren aitzakian gaztelaniaz ari bazara, erdaldunak sekula ez du euskara ikastearen premia ikusiko.

Berriro diot, ez nabil ezer apartekorik eskatzen: geure eskubidea da Herri honetako hizkuntza defendatu eta defendatzeko lana exijitzea geure ordezkariei. Ez dut inor seinalatu ezta inoren alde edo kontra egin nahi ere: euskararen bidean denok izango nauzue bidelagun.


2013-07-23

Hainbat kontu bueltan...


Aditzera eman nizuen bezala, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearekin Marsella aldean izan nintzen uztaila hasieran. Bero bustiaren gainetik, dena bikain joan zitzaigun Europako Kulturaren egungo kapitaletik. Baina, zerbait azpimarratzekotan, sumatu genuen normalizazio soziologiko, kultural eta politikoa bereiziko nuke.

Bai, badakit urtero egiten ditugun nazioarteko jaialdietara, geure musika eta dantzaren bitartez geure kultura eta nortasuna ordezkatzera joaten garela. Ez pentsa dena politika ziztrinarekin nahasten duen horietarikoa naizenik, irakurle; inondik inora ere! Baina estatu frantsesean eta mundu mailako beste zazpi talderekin batera, Euskal Herriaren izenean parte hartu ahal izatea ohore berezia da. Argentina, Bulgaria, Eslovakia, Frantzia, Italia, Txipre eta Zeelanda Berriaren pare izan gara. Ez gehiago. Ez gutxiago. Zerbait aldatzen ari denaren seinale?




Marsellatik bueltan, oporretan eman ditut egun batzuk Kataluniako Costa Brava aldean eta bertatik itzuli berri, udako asterik bizienari emango diogu hasiera.

Jaialdi batetik etorri eta beste bat antolatzera

Urtero legez, eta 27 doaz aurtengoarekin, aipatu berri dudan Andra Mari taldeak Folklore Bizian Nazioarteko Jaialdia antolatu du, uztailaren 23tik 28ra bitarte. Kuba eta Afrikako Swaziland herrialdeek egingo digute bisita eta, beste urte batez, jaialdia aurkeztu eta festibalean jotzeko aukera izango dut. Hauxe duzue jaialdiko eskuko programaren azala:




Eta guzti hau gutxi balitz, aste honetatik aurrera ere emango ditugu Oxabi erromeria taldearekin kontzerturik jarraienak. Beraz, Folklore Bizian jaialdiari ondoko data hauek gehitu beharko dizkiogu oxabitarrok: uztailak 24, asteazkena, Morga; uztailak 27, larunbata, Forua; uztailak 30, asteartea, Lemoa; abuztuak 8, osteguna, Berastegi; abuztuak 10, larunbata, Gernikako Lurgorri...

Oxabiren webgune berria martxan!

Azken hau ere bada guretzat hilabeteko albisterik garrantzitsuena, hain zuzen, Oxabi erromeria taldeak webgune berria estreinatu duelako! Are gehiago, webgune berria eta Twitterreko kontu ofizial berria ere estreinatu dugu!




Hemendik aurrera, beraz, neure alorrik saltseroena www.oxabierromeria.net orrialdearen bitartez jarraitu ahal izango duzue; besteak beste, kontzertuen datak ezagutzeko, bideoak eta argazkiak ikusteko, taldearekin harremanetan jartzeko, geure dosierra deskargatzeko... Uda ona igaro eta... on egin!


2013-07-05

Bueltararte!

Txistuak eta danbolinak, silbotea, trikiak eta panderoak, gitarra, xirula eta ttun-ttuna, soinuak, flauta, dultzainak, atabalak, biolina, zarrabetea, albokak...

Musikariok ere badugu dena prest, gaur gabean, Andra Mari Dantza Taldearekin Marsellako Nazioarteko Folklore Jaialdira Galdakao eta Euskal Herriaren izenean joateko! Laster arte! Bagoaz!!!

2013-07-04

Udako kolaborazioa

A partir de hoy jueves, y durante los meses de verano, colaboraré con el programa de actualidad Hoy por Hoy Bilbao de la emisora de radio Cadena SER. ¡De todo se aprende!
Gaurtik aurrera, ostegunez eta udan zehar, Cadena SER irratiko Hoy por Hoy Bilbao aktualitateko programan ariko naiz kolaboratzaile. Denetik dago zer ikasi!

2013-06-11

Mahai-ingurua

Ostegun honetan, Zelan eta zertarako erabili sare sozialak? mahai-inguruan arituko naiz solaskide, Naiara Pérez de Villarreal komunikazioan adituarekin.

Sare sozialen garrantzia, bizitzarako eta lanerako eman diezaiokegun erabilera; Twitter, Facebook eta antzekoetan nola komunikatu dezakegun eraginkor eta nola erabili segurtasunez... eta beste hainbat kontu aipatuko dugu.

Zeuretzat ere interesgarria izango delakoan, gonbidatuta zaude!



Aldez aurretik, Eguzkibegi Ikastolako Auzolan taldeko antolatzaileei, eskerrik asko gonbidapenagatik! Hemen INFO gehiago.

2013-05-28

Mikel Zarate saria

Askori txikitatik ikusten zaizkigu manerak: "Horretarako asko balio du horrek", "urrun iritsiko da beste hori horretan"... Bada, horietariko bat aurkeztu nahi dizuet: Irati Bediaga Rementeria galdakoztarra.

Elkarrekin aritu gara haurtzaindegi eta ikastolan, hiru urtetik 18 urtera arte. Iratiri ikusten zitzaion idazteko zuen etorria. Orain, bere lehen lana argitaratu duen honetan, Mikel Zarate saria irabazi du aspaldiko ikaskideak. Ez da izango, ez, irabaziko duzun azken saria, Irati! Bejondeizula!

Argazkia: Elkar
 

2013-05-16

Konbentzitzeko estrategiak

Komunikatzeko eta Konbentzitzeko estrategia batzuk bildu ditut ondorengo bideo honetan. Zer da pertsuasioa? Nola komunikatu, eta nola konbentzitu? Ea baliagarri zaizuen!

2013-05-15

'Musikaste' aurkezten

Errenterian eskaintzen ari garen ikuskizunak direla eta, elkarrizketa egin dio Diario Vasco egunkariak saioetako gidoilari eta zuzendari den Mikel Cañadari, eta hemen klik eginda aurrerapen-bideoa duzue, non saioetako aurkezle zintzoa ere aipatzen duen. =)

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko gidoilari eta Musika Gelako arduraduna ere bada Mikel. Berarekin EOSen lan egitetik ezagutzen dugu elkar eta berak eraman nau Euskal Musikaren 'Musikaste' Jaialdia aurkeztera. Eskerrik asko!
 

2013-05-09

Santurtzin lanean

Santurtzi Turismok bultzatuta, herriko historia, merkataritza eta giroa sustatzeko hainbat ekimen antolatzen ari gara. Gaur, ekimenetariko bat prestatzen ari ginela, ETB-2ko Euskadi Directo saiokoak etorri zaizkigu. Ondorengo bideoan duzue ikusgai, 12:45. minututik aurrera.



Organizado por Santurtzi Turismo, estamos organizando diversas actividades para divulgar la historia y fomentar el comercio y buen ambiente del pueblo. Hoy, mientras preparábamos una de las actividades, nos han visitado los del programa Euskadi Directo de ETB-2. En este vídeo se puede ver nuestra intervención, a partir del minuto 12:45.


2013-05-07

Elkarrizketa Oxabirekin

Itturri Kulturgintza Zerbitzuen Elkarteak elkarrizketa egin zidan Oxabi erromeria taldearen izenean, eta hauxe duzue solasaldi bitxi horren emaitza. On egin!

Oxabi, erromeriaz erromeria
 
Taularen gainean eskoziar taldea badirudi ere, euskaldunak eta parrandazale koadrila ederra esango nuke nik... Zazpi musikari, Zazpiak bat eginez, OXABI bezala aurkezten dira. Eta oraingoan Jon Gomez Garairekin, taldeko abotsa dena, gaur bozeramalea, solasaldi polit bat izan dugu elkarrekin. Jonek, OXABI erromeria taldearen izenean honako pintzelada eman digu. 

 
Oxabi?

Anbotoko Mariren kobazuloa zaintzen zuen suzko zezena zen Oxabi. Sarritan kobazulotik alde egiten zuen zaindari bitxi honek, eta Marik, non zegoen jakiteko zintzarri bat jarri zion lepotik zintzilik. Imajinatu sortarazten zuen zarata! Bada, gu ere nahiko “zaratatsuak” gara eta… (irribarre)

Dantzetan ala kantetan.

Musikarik gabe ez dago dantzarik, eta musika askok kantua du protagonista. Guri dena nahastea gustatzen zaigu. Baina pertsonalki ari bazara, neuk kantatzea nahiago.

Berbetan sarritan ere egiten duzu.

Ez da egia izango! (barre)
Bai. Gustuko dut hitz egitea (zentzuz posible bada), baina hitz egiteko entzun ere egin behar da. Biak uztartzea dut gustuko. Gainera neure lana hori da. Beraz, hitz egiteagatik ordaintzen badidate… egin kontu!

Taldeko partaideen musika estilo gogokoenak...

Buf! Leku onean sartu zara! Denetarik dugu taldean. Zazpi musikari gara eta bakoitzak bere gustuak ere baditu, noski. Folk irlandarra, reggae-a, rock eta folk euskalduna… baina baditugu punk-rock eta metal beltzenaren zaleak! Kuriosoa da. Heterogeneotasun horrek ekarpen handiak egiten dizkio taldeko musikaren kalitateari. Denetik ikasten dugu!

Egungo erromeriak plazetan gehiago, gutxiago...?

Krisiaren aitzakiak gogor jo du herriko plazetan ere, baina zorionez geuk gero eta kontzertu gehiago eskaintzen ditugu Euskal Herri osotik. Ez dago erromeria bako jairik.

DJ-ak etorkizuneko berbenak izango dira?

Ezetz espero. Geuk erromeria + diskofesta formatua eskaintzen dugu. Bateragarriak dira, baina ez ordezkagarriak.

Oxabi erromeria nora eramango zenuke.

Gogotik dantzatu eta kantatuz, bikain pasa nahi duen Euskal Herriko edozein txokotara. Plazan daudenen adin tarteak geuri ez digu axola, giro sano eta euskalduna badago, gainontzekoa geure esku!

Elkarrizketa honentzako kanta bat?
 
Nire erantzunak idazten egiten ari zaren lanagatik… “Hik lan eta nik jai!”.



Elkarrizketa jatorrizko webgunean ikusteko, klik hemen.
Elkarrizketa gehiago irakurtzeko, klik egin.

2013-04-26

Araba Euskaraz 2013 Amurrion

Asko gustatu zait Araba Euskarazeko bideoklipa eta kanta!
Aupa Amurrio!

Unai Mendibilen hitzak. Igon Olaguenagaren soinua eta doinua. Naroa Gaintza, Zuriñe Hidalgo eta Mikel Markez dira ahots nagusietan. Luis Vil eta Esteban Zurimendiren bideoklipa. Oso lan txukuna. Bejondeizuela!

2013-04-17

Zorionak, GDKO Ibaizabal!


Bizkaia osoak (eta noski, geure herriak) historia egin du Galdakaoko GDKO Ibaizabal Saskibaloi Taldeari esker. Ibaizabaleko neskak espainiar estatuko saskibaloi-ligarik gorenera iritsi dira eta beraz, hemendik aurrera, Emakumezkoen Liga edo Liga Femenina izenez ezagututakon arituko dira. Hemendik aurrera, Bizkaiak eta Galdakaok badute enbaxadore berria; zeuei esker: ZORIONAK neskak!

Atzo egin zion herriak "alturako" taldeari ongi etorria. Errepide nagusiak hartu zuen jokalarien autobusa. Atzetik ehunka zalek jarraitu zuten taldea eta udaletxeko balkoian agurtu zituzten plazan zeuden senide, jarraitzaile eta kirolari gaztetxoak.

Ezin erraz konformatu eta, akatsen bat aipatzekotan, niri dagokidan alorretik bat aipatuko nuke: ongi etorri gatzgabea izan zen eta aurkezle inprobisatua gaztelaniaz bakarrik aritu zen. Eredu eskasa begira zeuden gaztetxo guztientzat...

2013-04-11

Alex Txikon. Elkarrizketa.

“Mendigoizaletasunarekin ez zara aberastuko”

Bere telefono mugikorrak, jo eta jotzeaz, su hartu eta agendak leher egin behar  diola ematen du. Erritmo jarrai ezinean, hara-hona bizi da Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia. 1981). Igeltseroa lanbidez, azken urteetan geure inguruan dugun mendigoizalerik sonatuena dugu lemoztarra. Izan ere, bere esanetan “profesionalizatze bidean” dagoen honetan, neguko espedizio batean Pakistaneko Laila Peak mendiko gailurra zapaltzen munduko lehena izan da.

Jon GOMEZ GARAI. Lemoa 


Alex Txikon pixka bat baino ezagutzen ez duenak ere badaki gizon abenturazalea dena. Hain du abentura gustuko, bere bizitza ere abentura bilakatzen duela. Solasaldi hau duzu horren lekuko: hamaika dei eta zalantza izan ostean, noiz eta non geldituko ginen ez genekiela ere, Gasteizera joan-etorrian egin genuen elkarrizketa. Xabier Euzkitzek Bisitaria saioarekin egin zion bisita grabatzeko, espedizioetarako erabiltzen dituzten autokarabanetariko bat erabili zuten eta ibilgailua itzultzera joan ginen Arabako hiriburura.

Lemoan hasi genuen ibilbidea, kostata, arratseko 20:00 aldera. Sakelakoak ez zion jotzeari uzten eta “erritmoa jaisteko beharra”, aldarrikatu zuen mendigoizaleak. Mendiko erronkak gauzatu ahal izateko diru laguntzak lortzeari eskaintzen dio eguna eta horrek, nahitaez, erritmo altua ematen dio bere bizimoduari. Orain Nepalera egingo duen espedizioa prestatzen dihardu Txikon. “Juanra Madariaga, Jose Carlos Tamayo eta ekipo jatorrarekin noa”, aitortzen du pozarren. Bueltarako bidaia ere aurreikusita dauka: “Pakistanera egingo dugu berriz bisita, oraingoan K2 mendia igotzeko asmotan”.

Erronka handiak gustatzen zaizkion gizona dugu, eta familia ere, handia du lemoztarrak: Malagatik etorritako gurasoek, hamahiru seme-alaba izan zituzten. Etxeko txikiena da Txikon eta irribarre ekidin ezinarekin “denak gara elementuak, baina txarrena neu”, aitortzen du bere senideez galdetzean. Etxekoez ari ginela, bere abenturak nola hartzen zituzten galdetzean, hasieran amak negar egiten zuela dio serio. “Baina… ohitu behar!”, esanez altxatu zuen ahotsa elkarrizketako gidari inprobisatuak

Mendigoizaletasunak txikitatik deitu du kirolariaren arreta. Mendiari berebiziko estimua hartzeko arrazoi bi nabarmentzen ditu Alex Txikonek. Batetik, mendira egin zuen lehenengo txangoa. Hiru urterekin, arreba eta anai batekin, Areatzatik Gorbeiako gurutzeraino igo zen. “Ziurrenik anaiak eramango ninduen bizkarrean, baina gogoan dut egun hura”, gogoratzen du mendizaleak nostalgiko. Bestetik, Juanito Oiarzabal mendigoizaleak eskaini zuen hitzaldi bat azpimarratuko luke. K2 mendira egin zuen espedizioaren berri ematera, 1994. urtean Oiarzabalek Lemoara egin zuen bisita. Hantxe izan zen bera, “eta horrek markatu zidan” baieztatzen du Txikonek. “16 urte izan arte futbolean aritzen nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen”, azpimarratzen du eta “eskolan piper egiten nuenean, mendira edota eskalada egitera joaten nintzen”, onartzen du mendigoizaleak.

Baina eskolatik piper egite horietan agian berak ere ez zuen imajinatuko gaur egun Euskal Herriko (eta inguruetako) mendigoizale erreferenteetariko bat izango zenik. Bera izan da, neguan, Laila Peak mendiaren tontorrera iristen lehena. Euskal Herritik, espedizioan Juanjo San Sebastian eta bera bakarrik joan ziren. Bigarren saiakeran iritsi ziren tontorrera elur jauzi eta bestelako zailtasunen artean. “Nire begiek denetarik ikusi dute dagoeneko, baina inoiz ez zait antzekorik gertatu” aitortzen du gazteak ikara aurpegiz, elur jauziek sortutako arazoak gogoratzean.

Herri kirolen maitale

Langraiz parean, gasolindegi batean egin behar izan genuen geldialditxoa. Bai, ibilgailuaren gasolina-tanga betetzeko, baina baita Txikonek pixa egin zezan ere. “Gelditu barik daroat egun osoa eta goizetik ez dut txizarik egin. Behar izana nuen Jon!”, zioen indartsu. Horrela ekin genion gelditzen zitzaigun bideari. Orduan, lemoztarraren bigarren afizioagatik galdetu eta maitemindu berri den nerabeak bezala erantzun zuen: “Herri kirolez maiteminduta nago”. Irribarretsu bezain serio gaineratu zuen: “Denbora faltagatik ez balitz, egunero hartuko nuke aizkora”, eta pozarren amaitu esaldia: “Zeinen gustura egoten naizen ni!”.

Orain dela bost urte deskubritu zuen aizkora mundua eta tarteren bat izaten duen bakoitzean enborrak zuritu, aizkorak zorroztu eta subilak ebakitzeari ekiten dio. Hainbat lagunekin elkartzen da Lemoan. Bere iritziz, “naturarekin kontaktu zuzena du aizkolariak ere” eta kirol honek ematen duen energia eta indarrak liluratzen du bereziki. Aizkora edo mendia aukeratu beharko balu, oso zaila egingo litzaioke bat aukeratzea. Hori bai, egiten duena egiten duela, bere buruarekin pozik egotea du beti helburu. “Mendigoizaletasunarekin ez zara aberastuko. Biziraun egingo duzu”, dio mendizaleak, baina bizimodu horretan, “ahalik eta askeena izateko” bizi da Txikon.

Aizkolaritzaz ari ostean, Gasteiztik Lemoara buelta egiteko mendigoizalearen lagun handi bat joan zen gure bila: Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria. Perimetro handiko enborretan espezializatutako aizkolaria da, eta espezialitate horretan, munduko lau errekor eskuratu ditu Bihurri handiak. Ondo ezagutzen dute Txikonek eta Ezpeletak elkar.

Bueltako bidean, mendigoizaleak telebistan egin dituen agerraldiez aritu ginen. Hain justu, orain ETB-1erako sei dokumental sorta prestatzen dabil. Saio horietan abentura izango dute ardatz eta bera izango da protagonista. “Gustua hartu diot telebistari”, aitortzen du lemoztarrak. Eta Bihurrik gaineratu: “Telebistarako asko balio du honek!”.


Elkarrizketa gehiago irakurtzeko, klik egin.

2013-03-21

Korrika badatorrr!!!

Larunbat gauean Hamaika Telebistan izan nintzen aspaldiko partetik. Eta neure bizitza laburrean, lehenbiziko aldiz izan naiz telebistan aurkezle edo erreportari beharrean, solaskide. Gustura aritu ginen Korrikak duen xarma bereziaz, euskara ikasteko eta hitz egiteko oraindik ere Euskal Herrian dauden zailtasunez...

Ondoko lotura honetan duzue zuzeneko saio haren bideo osoa ikusgai. 
Gaur osteguna, geure herritik pasako da, Galdakaotik. 20:00etan Larrain Dantza erraldoi eta irekia egingo dugu eta ordutik, Korrika iritsi arte (22:30 aldera) trikipoteoan arituko gara kalez kale. Motorrak berotzen hasiko?

Bagoaz Korrika!!!
 

2013-03-11

Julian Iantzi. Elkarrizketa.

“ETB-1eko datuak kezkagarriak dira”

ETBko aurkezle sonatuena dugu, egun, Julian Iantzi (Woodland, Kalifornia. 1967). Canal4, Antena3, LaSexta eta Cuatro telebista-kateetan ibilitakoa bada ere, ETBn eman ditu bere bizitza profesionaleko urte gehientsuenak. Honek eman dio oihartzunik handiena eta bereziki, El Conquistador del Fin del Mundo ETB-2ko saioak. Gurasoak artzainak zituen eta Ameriketara joan ziren lan egitera. Berak zazpi urte zituela itzuli ziren Euskal Herrira.

Jon GOMEZ GARAI. Irun


Telebistan ikusten dugun bezalakoa; halakoxea da Iantzi, eta Irunen -bere egungo bizilekuan- hartu gaitu adeitsu. Aurkezle izateaz gain, bere emazte eta koinatuarekin batera zuzentzen duen diseinu grafikoko enpresara eraman, senideak aurkeztu eta bere kafetegi gogokoenera gonbidatu gaitu. Bertan aritu gara bere bizitzaz, ETBko egoeraz eta hizkuntzaren garrantziaz, bere esanetan, “militante puntua hartu behar” dugula azpimarratzen duen garai honetan.

Kalifornian jaio zinen eta zeure bizitzako lehenengo urteak bertan eman zenituen. Esaten nuen ba, “melena rubio” hori…

[barre] Bai, hori askotan esaten didate! Baina aita Alonseneakoa; ama Agortxeberrikoa. Biak lesakarrak. Biak baserritarrak. Beraz, “de californiano surfero” gutxi! Gainera, neure familian ez naiz ez altuena ezta hile horidunena ere. Egin kontu!

Baina ingelesa bikain menderatuko duzu. 


Ez hitz ezta ulertu ere. Ahaztuta. Hizkuntza bat ez baduzu mingainera pasatzen, burutik desagertzen da. Ama hizkuntza euskara dut eta zazpi urte izan arte ingelesa ere ondo egiten nuen, baina Euskal Herrira etorri eta hortxe arazoa: gaztelaniaz deus ere. Hori bai paradoxa: neure herrira etorri eta euskaraz egin nahi eta ezin. Lehendabiziko urteak traumatikoak izan ziren zentzu horretan. Eta hori ez da bat ere egokia hizkuntza bat goxo-goxo hartzeko, nik gaztelania egurra jasota ikasi nuelako.

Nork esango zizun gaztelaniaz arituko zinenik lanean!

Hala egokitu zait. Hala ere, telebistan gaztelaniaz hasi nintzen Nafarroako Canal4 katean. Are gehiago, gaztelania ikasteko behar izan horrek ingelesa ahaztu eta euskara baztertzera eraman ninduen. Ingurua ere gaztelaniaz nuen eta hizkuntza horretan bizitzera ohitu nintzen. 30 urte nituela, geure hizkuntzarekiko konpromisoa hartu eta egoera hori ezinezkoa zenaz ohartu nintzen. “Ni euskalduna naiz eta neure hizkuntza euskara da. Berreskuratu behar dut, bai ala bai” esan nion neure buruari eta izena eman nuen euskaltegian.

Eta gaztelaniaz eroso sentitzen zara?

Hasieran kostatu zitzaidan. Baina lan guztietan bezala, arituz eta eginez ikasten dira gauzak. Egungo egoerak behartuta gaztelaniaz ari naiz inolako arazorik gabe, nahiz eta “euskarakadak” sartu. Hori bai, neuk lehentasuna euskarari ematen diot eta euskaraz aritzea nahiago dut.

Sareko eztabaidetan, El Conquistador del Fin del Mundo saioa euskaraz egitea proposatu izan da maiz. Posible ikusten duzu?

Conquistador-en lehendabiziko hazia Basetxea da. Beraz, zergatik ez El Conquistador del Fin del Mundo euskaraz? Posible izan da eta posible da. Galdera bestelakoa da: nahiz eta ETB-2 izan, zergatik ez den euskararen presentzia areagotzen.

Bada, euskaldunak erdaraz egitera behartzen dituzue…

Basetxea saioan, esaterako, naturalak ziren gaztelaniazko esamoldeak esaten ziren (ikusle erdalduna ere erakartzeko, agian) baina zergatik gaztelaniazko saioan euskarazko esaldirik ez? Joxan Goñi, Txema Montoya, ni neu… euskaltzale amorratuak gara ekipoa osatzen dugunok, baina kontuan hartu behar dugu ETB-2 katean ari garela. Eztabaida mahai gainean dago.

Euskararen aldeko hainbat hitzaldi eman izan duzu eta “euskarak mundua zabaldu” dizula eta “euskara gero eta garrantzitsuagoa” dela esan duzu sarri. Zergatik?

Ezer baino lehen, euskara da gure hizkuntza. Hizkuntza da kate baten lehen maila, hizkuntza baten atzean herri bat, kultura, ohiturak eta nortasuna dagoelako. Asko bidaiatu dut atzerritik euskarari esker eta herri batek bere hizkuntza galtzen badu, herri moduan ere desagertuko denaz konturatu naiz. Horregatik esaten dut militante puntua behar dugula. Neu naiz euskara galtzeko zorian izan zuen lehenengoa, baina ikasiz eta arituz berreskuratu nuen. Ez dago beste sekreturik. Eta noski, euskara berreskuratu nuelako nabil nabilen lekuan lanean.

Zergatik hasi zinen aurkezle?

Telebistan hasi aurretiko urteak lan soziokulturalak egiten eman nituen. Baina leku batean aspertzen banaiz alde egiten dut. Bizitza gozatzeko dago eta lanean hainbeste ordu eman behar ditugunez, lanaz gozatu behar delakoan nago. Aldaketa horren bila, suhiltzaile izateko oposaketak prestatzen hasi nintzen Iruñean. Baina azkenik, sukaldean grabatzen genituen lagunarteko bideoekin, emazteak kamara aurrean eroso aritzen nintzela ikusi eta inoiz telebistarako lan egitea pentsatu dudan galdetu zidan. Neuk ezetz esan nion segidan, ni ez naizelako kazetaria eta horretaz ideiarik ere ez nuela argudiatuta. “Zuk zer dakizu? Dakitenek baloratuko zaituzte. Ezetza baduzu. Joan baiezkoaren bila”, Arantxa emazteak. Berak animatuta joan nintzen ETBko kasting batera eta emaitza ona atera nuen. Gero Canal4 kateko beste kasting batera eta horrela hasi nintzen telebistan lanean. Geroztik hamaika saio aurkeztu ditut.

Aurkeztutako denen artean, Antena3-en bihotzeko prentsako Vaya par saioa aurkeztu zenuen Maria Patiño eta Jesus Mariñasekin. Zintzoa izan, zer egiten zenuen zuk hor?

[barre] Mundu horretaz tutik ere ez nekielako fitxatu ninduten. Neure burua frogan jarri eta Madrilen ere neure berri izateko joan nintzen. Baina ez nuen neure burua ikusten.

Eta ETB, nola ikusten duzu gaur egun?

Audientziak asko jaitsi dira. ETB-2 berriz igotzen hasi den arren, ETB-1eko datuak kezkagarriak dira. Ziur naiz audientziak neurtzeko sistemak ez diola mesede egiten euskarazko telebistari. Baina dena dela, gobernu aldaketak, LTD eta gehiegizko kateak, sosik ez dagoela… Gauza asko gertatu dira bidean. Hala ere, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak protagonista izango dituen saioren baten falta sumatzen dut ETBn. Edo reality formatuko beste zerbait ere eskertuko nuke. Dibertigarriagoa. Ez Arratsaldero bezalako bost orduko saio bat. Audientziak hor daude: nork ikusten zuen saio hori? ETB-1eri bizitasuna eman behar zaio. Buelta bat eman behar zaio kontuari, eta ez da beti diru kontua. Irudimena landu behar da.

Bereziki Conquis-ekin lotzen dugu zeure irudia. Zeure burua gehiegi lerrokatzen ari zarela uste duzu?
 
Neure irudia saio horri lotzea seinale ona da. Garrantzia gehiago ematen diot erregistro gehiago erakusteari. Lan desberdinak egiteko gai zarela erakusteak kezkatzen nau gehien, biharko egunean Conquis amaituko balitz, beste formatu batzuetan lan egin ahal izateko.

Asko zaintzen zara?

Fisikoki bai, betidanik. Kirola asko egiten dut eta bizitzeko behar dut, neure burua fuerte eta osasuntsu ikusteko. Baina itxurari, nahiz eta telebistan berebizikoa den, ez diot hainbesteko garrantzirik ematen; janzteko emazteak aholkatzen dit, ez naiz sekula orrazten…

Baina patilla luze horiek ez dira bakarrik mantentzen…

[irribarretsu] Baten Rafa Alkorta futbolari ohia ikusi nuen telebistan eta antzeko bizarra zeraman. Hortik hartu nuen ideia! [barre]

Amaitzeko, zergatik Julian (Yúlian ahoskatuta) eta ez Julián?

Hara! Gutxitan galdetu didate hori! Izatez Julián Mari naiz baina Ameriketan sortua naizenez, Yúlian intonazioarekin deitu naute txikitatik amerikarrek. Hortik dator izena.





Elkarrizketa gehiago irakurtzeko, klik egin.