2012-10-31

Urriko Azken Astelehena, ETB-1en!

Maite Eskarmendi eta biok, Agustin Ezenarroren gidaritzapean, 2012ko urriaren 29an, Gernikatik zuzenean aurkeztutako saio berezia:

2012-10-26

Zuzenean!


Aspaldiko partetik, ETBk Urriko Azken Astelehenean SAIO BEREZIA eskainiko du Gernikatik, zuzenean. Maite Eskarmendi eta biok izango gara aurkezle, Agustin Ezenarro zuzendari eta esatari lanetan.

Hainbat elkarrizketatu izango ditugu geurean eta sorpresarik ere ez da faltako!
Urriaren 29an, 12:00-14:00 artean, ETB-1en izango gaituzue zeuen zain!



Telebistaz saioa jarraitu ezin izango duzuenok, streaming bitartez jarraitu ahal izango duzue EiTB-ren webgunean, hemen.

2012-10-15

Hitza delitu denean...

Zerbaiten beldur da Espainiako Gobernua. Horregatik, estatu ahul eta ankerraren nagusikeria praktikan jarri du beste behin...

Politika egiteagatik, estatu batek pertsona bat gatibu izatea, sinesgaitza. Baina ekitaldi politiko batean hitz egiteagatik, preso horri bisita, gutun eta deiak jasotzeko eskubidea galaraztea, mendeku-politiko zikin eta bidegabea da.

Hauxe da España. "Demokrazia" lezioak ematen ahoa beteko zaie gero. Lotsagabeak. Madarikatuak.



2012-10-10

Lehendakarigaiak, euskaraz?

Urriaren 21ean, hurrengo legealdirako (gutxienez) Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria aukeratuko dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrok. Ohituta gaituzten legez, hilabete lehenago hauteskunde kanpainarekin hasten dira alderdiak, bakoitzak bere lehendakarigaia turko-buru duela, boterearen xedean.

Hauteskunde hauek, halere, bereziak dira dagoeneko. Besteak beste, teknologia berriek eskatzen duten behar izanetara egokitu behar izan direlako, nahitaez, alderdi guztietako hautagaiak.
Errepara ditzagun bestela alerdi politiko guztietako buruzagiak: denek dute bloga. Nork kudeatzen dituen blog horiek beste galdera bat izanen da, baina den-denek dute eurena.

Blogak izateaz gain, euren propaganda eta berritsukeria hedatzeko ezinbesteko erreminta bihurtu dira Facebook eta, batez ere, Twitter sare sozialak. Herritar arruntarengana iristeko iturri zuzen eta azkarra da Twitter. Asko zaintzen dute euren irudia horrelako erakuslehioetan gainera, eta asko diote sareko profilek haien egileez!


Gai honekin ezin lotuago, DeustoSareLab Deustuko Unibertsitateko ekimenak, lehendakarigaiek sare sozialetan zenbat euskara erabiltzen ari diren jakiteko ikerketa jarri zuen abian. Oraintsu argitaratu dituzte azterketaren emaitzak eta ZuZeu albistariak eman du horien berri "Zenbat txiokatzen dute euskaraz lehendakarigaiek?" izenburupeko idatzian. Baita Berria egunkariak ere, ondorio garbiarekin titulutzat: "Hautagai gehienek ia ez dute euskara erabiltzen Twitterren".

Laburpen gisa, sentsazio hauek jaso ditut datuotatik:

Lehendakarigaien artean, Laura Mintegi da euskaraz gehien txiokatzen duena (%59,20). Alde handia bigarrenaren ondoan: Iñigo Urkulluren txioen %21,60 dira euskaraz. Gainontzeko denek ez dute aipamenik ere merezi. Tira, segidako bi hauek bai.
 

Hauteskundeetara aurkeztu diren guztiak hartuta, nik dakidala, Antonio Basagoiti da euskaraz ez dakien bakarra. Ustez, Patxi Lopezek ere badaki (edo jakin beharko luke), baina batek ere ez du sekula euskaraz txiokatu (%0). Ez Basagoitik, ezta egungo lehendakaria den Lopezek ere (azken honen datuak ematen du zer pentsatu: zer egin du euskarako klaseak ordaintzeko xahutu duen diru publiko guztiarekin?).

Hautagaien gehiengoak euskaraz dakiela ikusita (eta honekin ez dut inoren aldeko ez kontrako kanpainarik egin nahi), penagarria iruditzen zait geure politikariek Herri honetako hizkuntza nola eta zenbat darabilten ikustea. Txiokatzen duen hizkuntzan bizi da zibernauta. Beraz, "geure lehendakari" izan daitezkeen denak (bat izan ezik) espainolez bizi dira.

Etorriko zaizkigu gero euskararen aldeko kontutxoekin edota euskaraz bizi nahi dutenaren betiko lemarekin; euskararen aldeko jaietan ere agertuko dira irribarretsu... baina gaztelania darabilte bolo-bolo. Eta sarean ere, euskararen aldeko jarrera eskasa edo hutsaren hurrenekoa da gehienentzat.  

Gobernatu nahi duten Herritik oso urrun daude gure agintariak.


2012-10-09

Gogoan...


Gaur sei hilabete, Ertzaintzak Iñigo Cabacas gaztea erail zuen.

Rodolfo Ares barne-sailburu ohia azalpenik eman gabe joan zen, errugabe. Tiro egin zuen ertzainak kalean jarraitzen du, lanean, arma eskutan.

Baina Iñigoren gurasoek seme barik jarraitzen dute.


2012-09-28

Kirolarien III. Gala

Herrian urteroko hitzordu bilakatu da kirolari galdakoztarrak omentzen dituen Gala.

Aurten ere, Torrezabal Kultur Etxeko berotasunak geure kirolaren munduko hamaika pertsonai bilduko ditu. Aurreko denboraldian bikain aritu diren kirolari gazte (edo ez hain gazteak) omendu eta ezagutzeaz gain, hirugarren edizio honek ere, Gala atsegin bat izatea du helburu. Horretarako, gonbidatu bereziren bat izaten dugu saioan eta musikarik ez da falta izaten.

Sari batetik besterako tarteak alaitzearen ardura Euskal Herriko mugez harago ezagunena den euskal musikariak izango du: Kepa Junkera. Bera ezagutu eta berarekin solasteko aukera ere izango dugu.

Hirugarren edizioa beteko du, beraz, geure herriko 'Galdakao Hoy' aldizkariak antolatutako Kirolarien Gala. Hirugarrenez ere, hantxe izango gara aurkezle!

 
Gaur izango da saioa, 20:30ean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean.
Ateak 20:00etan zabalduko dituzte eta sarrera doakoa da,

baina mugatua (iaz aretoa bete baitzen).

2012-09-26

Geure zaindariez

Atzo, irailak 25 zituela, aurrekaririk ez duen jarduera poliziala bizi izan zuten Madrileko hirian.

Bizi dugun egoeraren berri emateko, antza denez (ez baitakigu politikariak kalean gertatzen denaren jakitun diren), “suminduen” mugimenduak aldarrikapen baketsura deitu zuen egun bererako. Hala, herritarren kexua agertzeko, Espainiako Kongresua inguratzeko asmoa izan zuten antolatzaileek eta milaka pertsona elkartu ziren politikariak biltzen diren eraikuntzaren eta Neptuno plazaren inguruan.

Manifestaldiak baketsua izateko asmoa zuen, tentsio uneen erdian, baten batek liskarrak probokatu zituen arte. Ez da kasualitatea istiluak kalez jantzitako txanodun poliziak eragin zituela esatea. Horren adibide dira, sarean aurki ditzakegun hamaika bideo eta irudi.

Orduan hasi zen hiri hartako azken urteetako sesiorik bortitzena, polizia eta herritarren artean.



Euskal Herrian, horrelakoak sarritan bizi izan dira, bai manifestaldiak baita elkarretaratzeetan jazotako karga polizialak. Euskaldunok ohituta gaude, zoritxarrez, horrelako berriei aurre egitera. Gainera, jakin badakigu geure herri, hiri eta auzoetan bizitzen diren injustizia horiek ez direla komunikabide konbentzionaletan agertzen. Atzo Madrilen gertatutakoak, aldiz, oihartzuna izan zuen ohiko hedabideetan ere.

Baina horrek ez du esan nahi geurea bakarrik salatu behar dugunik eta horregatik, bidegabekeria guztien aurrean, norbere neurrian, neure kritika eta salaketa xumea egingo dut.

Neuk Twitter -en, “txio” bitartez egin nuen atzoko egunak Madrilen emandakoaren salaketa.

Ez dago nagusikeria baino bidegabekeria handiagorik.


@ Ezin dut isilik jarraitu.
Ez dago eskubiderik polizia Madrilen egiten ari denarekin.
Nor da orain indarkeria erabiltzen ari dena?

@ Bederatzi armatu, pertsona bakarraren kontra?
Gero pertsona arriskutsua zela esatera ausartuko dira.
http://bit.ly/OobMBQ Lotsagabeak.

@ Politikariak (herritarren ordezkariak) berriz, lasai asko;
arazoa eurekin joango ez balitz bezala...
http://bit.ly/QD4TbL Nazka.

@ Herritarron segurtasuna bermatzeko daude?
Pertsona bat lurrean, konortea galduta eta odoletan.
Polizia bi, begira. http://bit.ly/Pl3Woy

@ Nori interesatzen zaio
aldarrikapen baketsuetan iskanbilak egotea?
Poliziari, duda barik. Begiratu bestela:
http://bit.ly/Plapj6

@ (1) Aldarrikapen baketsuak
ez zaizkio gobernu-talde bati interesatzen,
publizitate txarra delako alderdiarentzat.

@ (2) Horregatik, polizia bidaltzen du.
Liskarrak (eurek) sortu eta argudioak izateko prentsaurrekoan.
Zein aitzaki dute bestela?

@ (3) Gainera, liskarrik gabeko manifestaldian,
ez dago poliziaren betebeharra justifikatu ez arrazoitzerik.

@ Politiko maitea: Gustura ari zara zeure etxeko epeltasunean,
herritarrak (zeure ordez) Herri bat altxatzen
nola saiatzen diren ikusten?

@ Polizia jauna: Gustura ari zara zeure herritarra jipoitzen?
Egiten ari zarenak, bete egiten zaitu? Benetan?

@ Noiz konturatuko da polizia, Herriaren parte dela?
¿Cuándo se dará cuenta la policía, de que es parte del Pueblo?



2012-09-24

Euskaldunak, bigarren mailako herritarrak

Iritzi eta eztabaida interesgarria.

Sustatu beharko litzatekeen gaia: Zergatik "Zatoz euskaltegira" bezalako kanpainak, gero erdaraz eskaintzen badizkigute gauza garrantzitsuak? Euskarak bigarren mailakoa izaten jarraitzen du "geure hizkuntzan egin behar dugula" esaten diguten agintari eta politikarientzat. Eredu eskasa.

Aurki argitaratuko den Arnaldo Otegiren El tiempo de las luces elkarrizketa-liburuari Jose Mari Pastorrek kritika egiten dio 'Berria' egunkarian, ondorengo estekan. Fin, Pastor!

<<
El tiempo de las luces liburua ostiralean, hilak 28, kaleratuko da. Euskarazko bertsioa azaroan argitaratuko dute. Bata, hauteskundeen aurretik; bestea, Durangoko Azokaren bezperan. Kasualitatea ote?"

<<
Gipuzkoako herri euskaldun bateko Eroski Centerrera erostera joaten naizenean bozgorailuak errealitatearen berri ematen dit astero: «Señores clientes, aprovechen la oportunidad: hoy, comprando una botella de aceite de oliva, pueden llevarse otra a mitad de precio». Jarraian mezu bera euskaraz entzuten dudanean hauxe galdetzen diot neure buruari: zergatik ez dute lehenago euskaraz esaten eta gero erdaraz? Zergatik euskaldunok bigarren lekuan beti, atzean? Berdin sentitu dut Otegiren liburuaren inguruan. Pena, amorrua. Gero besteak dira —espainolak edo frantsesak— euskara baztertzen dutenak. Gero kexatu egingo gara euskara ez dakit non ofiziala ez delako. Besteei eskatu, bai, guk geuk betetzen ez duguna."

<<
El tiempo de las luces liburuak datorren astean ikusiko du argia. Argien garaia, baina, oraindik ez zaio iritsi euskarari. Euskarak ilunpetan segitzen du. Hura maite eta urteetan lan eskerga egin dutenek halako kasuetan bazterrean uzten badute, zer espero dezakegu besteengandik?"

JM Pastorren "Arnaldoren liburua" artikulutik ateratako pasarteak.



2012-09-06

Urte askotarako!

EiTB taldeak 30 urte bete ditu, eta gaur urtebetetze jaia izango dugu, 19:30ean Bilboko egoitzan! Emango dizuegu Twitter bidez horren berri. Zorionak, ekipo!
 Twitter-en: @JGGarai

2012-09-05

Según la RAE...

La Real Academia Española, esa institución que Limpia, fija y da esplendor a la lengua española, adquiere préstamos del euskara para emplearlos como le viene en gana. Todo es política y asimilación lingüística.

Para los que no sois conocedores del idioma más antiguo de Europa, en euskara: abertzale y zulo tienen el significado de "patriota/nacionalista" y "agujero/orificio/vacío/hueco" respectivamente y sin ninguna connotación negativa ni antivasca.

Ahora bien, ¿qué credibilidad y profesionalidad "independiente" tiene la RAE?

No mezclemos ideologías con idiomas.

Todos se merecen un respeto. El nuestro, también.


Haz clic en la imagen para ampliarla.

2012-09-04

'Lokaleroak Topaketa'


ETBko saio "kañeroena" den 'Lokaleroak' programaren jaia antolatu zuten 'Pausadigital' ekoizpen etxekoek (besarkada bana), 'Gaztea' eta ETB-3rekin batera.

Iaz Gala Nagusia aurkeztu genuen Durangoko 'Plateruena Kafe Antzokian'. Euskal
Herri osoko gazteria bertaratu zen! Aurten, ekitaldia jai-girora edo gazteen gunera eraman nahi izan zuten antolatzaileek. Horregatik, Zornotzako txosnagunean egin zuten 'Lokaleroak Topaketa' arrakastatsua.

Bertan izan nintzen neu ere, eta hementxe duzue aurkeztutako sari banaketa edo, egokiago, gazte guztiei egindako omenaldi xume eta laburra:
 

http://www.eitb.tv/eu/bideoa/1764036020001
(Aurkezpena 34. minututik aurrera ikusgai!)

Eskerrik asko!

2012-08-23

Zezenketak: "¿100% español?"

Komentatzearren. Ez naiz zezenketen alde ezta kontra agertuko:

Baina jakin, zezenketak ez direla espainolak (soilik), nahiz eta "super español" bilakatu dituzten. Euskal Herrian, Franco aurretik ere, zezenketen aldeko kultura sendo eta errotua zegoen. Zezenkari onak izan dira euskal herritarrak. Gainera, adituen arabera, plazarik onenak euskaldunak dira, Bilbo eta Iruñeakoak, bereziki. Zerbaiten seinale.

Berriro diot, zezena eta zezenketak ez dira espainiartasunaren ondare hutsa. Portugal, Italia, Frantzia eta Hego Ameriketan ere badaude. Euskal Herrian ere.


Beste kontu bat animaliei ematen zaien tratu txarra litzateke, hori sustatu beharrekoa denetz eta kulturatzat hartzen jarraitu nahi dugun ala ez. Ados. Baina politizatutako eztabaida bada, espainol/ez-espainol arazoagatik da eta, aurreko arrazoiengatik, agintariak (eta ondorioz herritar asko) erratuta daude polemikaren funtsean.


Jakina dena, interes eta politika ziztrinak mugituta sortzen direla horrelako polemika antzuak, bestela zergatik ez dira hainbat lurraldetan ospetsuak eta arautu bakoak diren bous a la mar eta toro enbolao gisako ikuskizunak debekatzen?


Politikariek ez dutelako horrekin propaganda egiterik.


Horregatik, ezer kritikatu baino lehenago, pentsa dezagun zergatik zentsuratu nahi ditugun zezenketak: kultura espainola baino ez dela uste dugulako ala zezenei tratu konkretu hori ematearen aurka gaudelako?


Kriterio pixka bat, arren, eta ez gaitzatela sentimentalismoarekin limurtu!


 

2012-07-10

'Parot doktrina'

Jasotako lehenengo kasuan, Europako Giza Eskubideen Auzitegia 'Parot doktrinaren' aurka azaldu da.

Hala, Ines del Rio Prada euskal presoari kartzela zigorra luzatzea "irregularra" dela esan du, eta Espainiari hura ahal den azkarren libre uzteko agindu dio, 'Berria' egunkariaren arabera.

Gainontzeko hedabideetan ere, doktrina honen aldeko eta kontrakoak bildu dira.

Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bere poztasun osoa erakutsi nahi izan du komunikatu baten bitartez eta bere koordinatzaileak, Paul Rios algortarrak, hauxe esan du bere 'Facebook' profilaren bitartez: "La Doctrina Parot vulnera principios básicos y así lo ha reconocido el Tribunal de Estrasburgo. Si el Estado respeta y acata la sentencia, como debería ser, tiene que poner en libertad a todas las personas que aún están en prisión por la aplicación de esta Doctrina."

Euskal Herrian, orobat, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakiarekin alde agertu dira alderdi eta erakunde gehientsuenak.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Idoia Mendiak "kasuz kasu" aztertu beharreko erabakia izan beharko litzatekeela esan du eta EAJ-k berriz, "oinarrizko eskubideak betetzeko bidean, Europa 'Parot doktrinaren' aurka azaltzea aurrerapausoa dela" adierazi du.

Aralar alderdiak "oso garrantziskotzat" jo du epaia eta Bilduk "Europako erabakiaren ondoren Espainiako Estatuak gogoeta sakona egin eta espetxe politika aldatu beharko lukeela" adierazi du prentsaurrekoan. Ezker Anitzako Mikel Aranak "erabakia Espainiako Auzitegi Gorenaren aurkako kolpea dela" eta "'Parot doktrinak' helburu politikoa duela" gaineratu du bere erreakzioan.

Herrira mugimenduak ere "garaipen handia" dela onartu du eta "zigorra luzatuta duten preso guztiak askatzeko" eskatu du.

Ageriaren aldeko iritzia agertu ez duen arren, PSE-EEko Jose Antonio Pastorek epaia "Espainiako Justiziak kontu handiz aztertu beharko duela" ohartarazi du. Dena dela ere, "PSEk ebazpena errespetatu egiten duela" argi utzi du.

Nahiz eta Espainian kontrakoak izan ahots gehienak, geure mugetatik kanpo ere bala-bala dabilen berria dugu Doktrina hau... Baina...

Zer da 'Parot doktrina'?
Nondik datorkio bere izena?
Zertarako eta noiz sortu zen?
Erantzun hauek bikain biltzen ditu 'Berria' egunkariak (erreakzio, datu eta agiriz horniturik) eta EiTBko webguneak, besteak beste, ondorengo esteketan:
  




2012-07-09

Agur "betiko" kioskoari

 

Aisialdirako lekua irabazteko asmoz, Galdakaoko Udalak 'Plaza Gorriko' kiosko mitikoa eraistea erabaki du, ematen zaion erabilera eskasa eta babestu beharreko monumentu ezta osagairik ez duela kontuan hartuta.