2011-10-28

Izarren Distira

BIHAR, 'Izarren Distira' galako Final Handia aurkeztea dagokit.

Hilabete luzeen ondoren eta, eskualdeka hainbat gaztetxo eta nerabe casting-ak egiten ibili ostean, sorpresaz beteriko biharko finalean lehiatuko dira geure inguruko "izarrik onenak". Bakoitzak hoberen egiten dakiena ikusi eta epaimahaikideen balorazioak entzunda, 'Izarren Distira 2011ko' txapeldunak ezagutuko ditugu Durangoko San Agustin Kultur Gunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Geure Herrian etorkizun handia dagoena erakusten duen finala iritsi da...
Animo eta zorterik onena lehiakide guztiei! Bihar arte, lagunok!

2011-10-25

Errautsak



Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatzitako 'Errautsak' antzezlanak azken emanaldiak emango ditu urria eta azaroan.

Data horien artean, berebizikoak dira Bilbon eskaini behar dituztenak, hain zuzen ere, Kale Nagusiko BBK aretoan egin behar zituztelako. Ondo esan dut, egin behar zituztelako.

Ikuskizunetako kartelak eta publizitate guztia eginda zegoenean, banku honek azken orduan bertan behera utzi zituen euren egoitzan egin behar zituzten hiru saioak. Nahiago nuke banketxe honek emandako arrazoiak aipatuko ez banitu. Baina entitate maiteak emandako arrazoiak arrazoi, azkenik, 'Errautsak' umorez betetako antzezlan handiaren Bilboko emanaldiak Deustuko 6. Pabiloian eskaini beharko dituzte urriaren 27, 28 eta 29an, iluntzeko 20:00etan!

Antzerkia bizirik dagoela frogatzen duen lan honetaz gozatzeko aukerarik ez galdu!





'Pabellon Nº 6' delakora, nola iritsi?

2011-10-24

Betikoaz...

Ikusteke utziko ditut 'La Sexta' telebista kate espainiarrak asteon Euskal Herriko gatazkaren inguruan egin dituen saio biak: "Borrando a ETA" eta adierazpen sonatuaren ostean grabatutako "Reiniciando Euskadi"...

Ikusi baino lehen: izenburuak ez zaizkit gustatzen, ona baina aurkezlea ez da nire estilokoa eta gertutasuna erakusten duen arren, objektibotasunaren eskasian morboa besterik bilatzen ez dela jakinda... Beldurra ematen didate kanpotik geure arazoa negozio bihurtzera datozen horien pantomimak.

2011-10-17

'Urte berri on, Amona!'... Ona!


Gaur ikusi dut 'Urte berri on, Amona!' euskarazko film berria.

19:30etako emanaldian 16 pertsona egon gara, 400 eserleku baino gehiagoko aretoan... Tira... Galdakaon, lau jardunalditan filmaren sei emanaldi egon direna pentsatu gura dut... Baina hori ez da arrazoi.
Haatik, honekin geldituko naiz:
Amaierak gehiago nahi izateko gogoekin utzi banau ere eta euskara hutsezko film bat erdaraz azpitituluekin ematea gustatzen ez zaidan arren , GUZTIZ GOMENDAGARRIA den pelikula da, bai horixe!
Kalitatezkoa, entretenigarria, umoretsua, intr
igaduna eta geurea! Esateko erraza dela dakidan arren, pena da euskarazko produktu gehiago ez izatea merkatuan. Horrelako produktuek asko merezi dute.
Hala ere, honekin lotuta, hasieran aipatutako arrazoi horietara buelta gintezke. Euskarazko produktuak kontsumitzera ohituak ez gauden garai honetan, nola eskatuko dugu normaltasun linguistikoa, euskaradunok ez badugu euskara hutsezko produktuetan dirurik inbertitzen? Nork nahi izango du euskarazko produktu bat sortu, gero salduko ez bada?
Hausnarketarako gai sakona... Badakit, ez da unea, agian.
Hori bai, iruzkin honen funtsera bueltatuz, ikusi 'Urte berri on, Amona!' =)

2011-10-06

Beste bat, mesedez!

Duela hilabete batzuk neure babesle berriarekin harremanetan jarri banintzen ere, gaur izan dut hemendik aurrera arropako babesle izango dudana ezagutzeko aukera: Beste Bat.

Errenterian duten egoitza nagusian izan naiz goiz osoan: biltegi, estudio, administrazio eta denboraldiko bilduma osoa gertutik ezagutzen.

Plazerra izan da pertsona jator, euskaldun eta profesionalak ezagutzea, besteak beste, Aintzane bitartekaria, Ione komertziala eta Iñaki zuzendaria. Kalitate ona zentzu guzti-guztietan, merezi duena. Horregatik, jasotako tratuagatik eta eskainitako denagatik: eskerrik asko!
Eta zeuk, gogoratu, ez zaitez bakarrarekin konformatu: eskatu BESTE BAT! =)
Beste Bat markaren Facebook-eko orrialdean.
Egin klik irudian handiago ikusteko.

2011-10-04

Kontxi Belandia (I)



Galdakaon, nork ez du neure ondoan dagoena ezagutzen?

Erdaraz sekula entzungo ez duzun pertsona, euskaraz mundu guztiari egin eta g
eure hizkuntzan egitera denei "behartzen" diena... Bera da geure Amama Kontxi!

Bakoitzaren herrian bera bezalako 10 balira... Geure arazo linguistikoa konponduta legoke!

Lehen denboraldiko azken saioa genuen ETB-1eko 'Arratsaldero' saioan eta despedida legez, euskarazko saio guztietako ikus-entzulerik fidelenarekin joan nintzen nire asteroko hitzordura.
Estitxu, Oihan eta 'Arratsalderoko' lankide guztiek ondo baino hobeto ezagutzen zuten Kontxi, baina beti entzunez. Eta horixe duzue irudi honen azalpena: egunero saiora deitzen zuen amamatxoa aurkeztu nahi nion ekipo guztiari.

Arratsalde ederra pasa genuen batetik bestera! Gora Amama Kontxi!



Geure parte-hartzea ikusi, 3:01:00-tik aurrera.


2011-09-15

Kazetari maltzur horiek

Gaur egungo kazetaritza duinaren adibide garbia: MANIPULAZIOA!

'El Mundo' egunkariko "kazetari" eta bere erredakzioko nagusia izan daitekeenaren arteko solasaldia duzu hau. Zinez merezi duena. Egin kontu!
Lotsagabekeria erreal hau irakurtzeko, egin klik hemen.

2011-09-13

...eta desagertzen utziko dugu?

"Eingo al deu?"

Lagunok, argaldu nahi duzuela eta gimnasioan izen emateko dirurik ez?
Aurreztu nahian zabiltzatela? Baina aldi berean osasuntsu eta itxuroso egon?

Hona hemen aurreztuz, argaltzeko eta gozatzeko biderik egokiena!

"Badakizue, honekin edo harekin, baina egin!" ;-)

"Sexua da argaltzeko modurik dibertigarriena"

4648622-ntima-joven-pareja-durante-el-acto-sexual

Udan denok nahi dugu argaldu, baina gimnasiora joatea zaila egiten da askotan. Horregatik, itxura ona izan nahi badugu eta kiloak galdu nahi baditugu, beste moduren bat bilatu behar da, eta modurik dibertigarriena sexua da zalantzarik gabe.

Sinesteko zaila den arren, 15 minutuko sexu-harreman batean 150 kaloria erretzen ditugu, bikotekidea biluzten 120, eta orgasmo bakoitzarekin 27… baina orgasmoaren itxura egiten bada, 350 kaloria baino gehiago gal daitezke.

Beraz, postura kitzikagarrienen berri emango dizugu, eta gozamenaren gorenera iristeaz gain, kaloriak galduko dituzu postura hauekin. Zer gehiago eska daiteke?

Amazona: Gizonezkoa gora begira etzanda dago, eta emakumea bere gainean esertzen da kukubilka. Gozamenaren gorenera iritsiko zara, eta gainera, ipurmasailak indartuko dituzu.

Fusioa: Gizonezkoa eseri egiten da, eskuak atzean finkatuta dituela, eta emakumea bere gainean esertzen da. Hankak flexionatu, eta eskuak gorputzaren atzean jarri behar dira. Postura honetan, besoak eta aldakak indartzen dira, flexioak egiten direnean bezala.

Menperatua: Gizonezkoa sabaira begira etzaten da, eta emakumezkoa bere gainean esertzen da, bizkarrez, gizonezkoen hanketara begira. Horrela, besoak lurrean jarriz, emakumeak besoak indartzen ditu.


(EiTB-ko "Eingo al deu?" blogetik hartua)


2011-09-07

Geure Herria ezagutuz...

Apirilaren 2rako airean izan genuen IBIL2D saioko 5. atala eta, 5 hilabeteren ondoren, Baztan aldera itzuli gara asteburu pasa; lanaldian egindakoak gogora ekarri, telebistarako elkarrizketatu nituenekin topo egin eta bailarako beste hainbat herri ezagutzera.

Konpainia onean eginez gero, erabat gomendagarria hedaduraz Euskal Herriko haranik zabalena denari bisita egitea! Egonaldi bikaina! ;-)


Almandoz, Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraioz, Berroeta, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Gorostapolo, Irurita eta Ziga herrietan barrena ibili gara.

2011-07-27

Agur Folklore Bizian 2011!

Urtero legez, aurtengoan ere Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldekook nazioarteko Folklore Bizian jaialdia antolatu dugu Bizkaiko hainbat herritan. Amaitu berri dugun 2011ko edizio honetan Mexikoko Zacatecas eta Kalmukia errepublikako Tulpan taldeak izan ditugu geurean.


Geure taldekide guztien laguntza eta borondate onarekin eramaten dugu aurrera jaialdia, geuk kudeatzen ditugu talde guztiak geure artean txandakatuz eta geuk egiten ditugu zerbitzari, garbitzaile, orientatzaile eta, orokorrean, anfitrioi lan guztiak; nola ez, datozen atzerritar guztiek geure berri izan eta ahalik eta hoberen egon daitezen Euskal Herriko egonaldian.

Baina asteatako lan handia bada ere, urtero talde hobeagoak, jatorragoak izateak eta saio guztietan jende gehiago ikusteak indarrak ematen dizkigu lanean jarraitzeko eta geure kulturaren berri ematen dugun moduan, beste kultura batzuk geurera ekartzen jarraitzeko.

Aurtengo taldeei erreparatuz gero, talde bikainak eta arrakasta handikoak izan badira ere, Errusiar Federazioaren hegoaldean dagoen Kalmukia errepublikakoek jaialdiko azken emanaldian, Arrigorriagako kiroldegira bertaratutako danoi eskaini ziguten opari hau erakutsi gura dizuet ondorengo bideoan: Mikel Laboaren "Txoria Txori" kantua, kalmukiar erara.

Jaso zuten txalo zaparrada izan zen euren arrakastaren seinale.


Eskerrik asko eta hurren arte!



2011-07-09

Zurdori



Neure animorik beroena etxeko danei, gaur moduko egun gogorretan hartu ditzazun behar besteko indar guztiak, zeure aitak izandako indar eta espiritu eder guztien lekuko izan zaitezela zeu hemendik aurrera; mundu honetan zeure aitak izan dezakeen testigantza eta lekukorik onena baitzara zeu, June.

Zeure aita, Iñaki Oleaga izan da, bederen, herri honek izan duen gizonik konprometituena.
Herriarentzat bizi izan den galdakoztarrak dena eman die bere herritarrei. Herritik eta herriarentzat lan egin duen elkarte, talde edota norbanako orori laguntzeko beti prest egon den euskalduna. Herriko jaietan hezi batzuk behar genituela? Hortxe zegoen bera, 20 minututan gura besteko heziak zenituen zeuk eskatutako lekuan. Baina horrekin nahikorik ez eta kamioi baten beharrean zeundela? Oleaga deitu eta hurrengo eguneko goizeko 08:00etan deika zenuen bera, kamioia prest zegoela esateko.

Horrek gogora ekarri nahi izan ditudan pasadizo bi baino ez dira izan baina, zenbat elkarteri lagundu eta erraztu dizkio lan eginezin asko? Herria eraikitzeko bidean pieza ezinbestekoa zen “Zurdo”.

Zenbatezinak dira Galdakaon izan dituen merituak baina, Iñaki askoz gehiago zen. Langilea eta hitzeko gizona ez ezik, umoretsu eta adoretsutzat ere genuen bere burua. Bere ekinean, ezina egina bihurtzen zuen euskaltzalea. Tipo apala bezain herritar bikaina.

Horregatik diot herri honek gizon Handia galdu duena. Gizon Handia bere alor guztietan. Gizon aparta.

Jadanik ez dugu udal-brigadako arduraduna bere 4x4 ibilgailu zuriarekin joan-etorrian ikusiko. Ez ditugu bere poteo ezinbestekoak gertutik jarraituko, baina berak egindako lan guztiaz gozatzen jarraituko dugu geuk. Hori baita Oleaga jaunari egin diezaiokegun omenaldirik handiena. Eta bestela, norbaitek aurkitu dezala Galdakaon bere inguruan txarto esaka zebilen norbait! Bere langileetatik hasi eta herriko edozein ezagunetan amaituta, mundu guztiak izan ditu bere inguruko berba ederrak. Baina ez gaur, ez atzo: beti.

Bera izan da iluntasuneko argi izpi. Eta izaten jarraituko duenez, gogoratuko dugu beti.

Denak zeu lakoak balira, “Zurdo”, herri honek beste zentzu bat izango luke seguru!

Denon berotasunarekin, zeure alabak jarraituko du zeuk egindako bidea.

Eskerrik asko eta hurren arte Iñaki.


2011-07-08

Hara!


Asteazkeneko argazki hau jaso dut, Facebook-eko mezu baten bitartez, ezagutzen ez dudan pertsona batek bidalita.

Boiseko (Idaho) Oinkari Basque Dancers taldearen saioa aurkezten nabil.

Eskerrik asko argazkilari eta bidaltzaileari! =)

Culturilla general

Arabako Foru Aldundian EBk izan du giltza:

EAJri bozkatu (jeltzaleek Aldundia gobernatu zezaten) edo euren hautagaiei bozkatu.

Bada, EAJ eta EBren arteko ika-mika bategatik, bigarren alderdi honek (barne-bilera batean) botoa bere hautagaitzari ematea ebatzi zuen, jakinda ere hori eginda PP izango litzatekeela Aldundian jaun eta jabe. Eta horrelaxe gertatu da: alderdi popularrak berreskuratu du Arabako Foru Aldundia. ALA BA!


2011-07-05

Eskubide urratua

BBK-n erreklamazio-orri bat jartzetik itzuli naiz gaur eguerdian etxera.

Galdakaotik mandatu batzuk egiten nabilela banketxera joan behar izan dut eta, orain gutxi arte bertako langile denak euskaldunak ziren herriko banku-entitateko egoitza nagusian, asteotan erdaldunak baino ez ditut aurkitu leihatilan. Bulegoko zuzendariarengana jo dut segidan (euskalduna da) eta argi helarazi diot neure kezka: gero eta euskaldunagoa den herri batean* ez dela onargarria euskaraz ez dakiten langileak jendaurrean jartzea. Atzeraka goaz ala?!

Neure kexaren xedea ez zen BBK-ren kontra egitea, euskararen alde egitea baizik.

Hori gutxi balitz, bitxia izan da egoera: hiru leihatiletan egon garen bezeroak euskaraz joan gara, baina langile gazteen erantzunen ondoren gaztelaniara jo dute neure ondoko bezero biek. Eta, noski, ez dute kexarik adierazi. Normala da. Euskaradunak eroso bihurtu gara. Euskaradunak lar adeitsuak gara.
Erakunde publikoetan ere, gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen edo behartzen bagaituzte ere, geuk ez dugu inongo trabarik jartzen eta eurek nahitaez inposatutako hizkuntzan mintzatzen gara une oro.


Horregatik, noski, zalantza barik lehenengo hitza beti euskaraz egitea proposatzen dizuet eta, behar izanez gero, dagokion tokiko erreklamazio-orria bete dezazuen. Ez izan lotsarik. Erraza da. Ez dizue denbora askorik kenduko eta euskaraz bizitzeko lanean, aurrerapauso handia izan daiteke gutariko bakoitzak egin dezakeen euskararen aldeko defentsa oro.
Geuk zaintzen ez badugu, nork zainduko baitu euskara?

Geure eskubidea da eta geure hizkuntzak eskertuko du.


* Galdakoztarron %62 euskaldunak edo ia-euskaldunak gara (30.000 biztanleko herrian) , EUSTATen 2006ko datuen arabera.
Urtero kopuru horrek gora egiten du.