2011-05-23
2011ko udal hauteskundeak Galdakaon
2011-05-19
Gonbidapena
74 urte dira Galdakao bonbardatu zutenetik eta oroimen historikoa berreskuratu nahian, herriko hainbat eragile eta norbanakok bideo emanaldia, lekukoen testigantzak eta garai hartako galdakoztarrak omenduko dituen ekitaldia antolatu dute. GAUR, arratsaldeko 19:30ean Torrezabal Kultur Etxean. Sarrera doakoa da.
Aurkezle paregabea eta antolakuntza ezinhobearekin =), giro ederrean geure herrian ZER gertatu zen jakingo dugu eta, geure herritarrek nola bizi izan zuten ezagutuko dugu.
Ez zaitez ezjakintasunean gelditu eta... ANIMA ZAITEZ!!!
2011-05-08
Elkarrizketa EHUn
“ETBk nigan jarri duen konfiantza ikaragarri eskertzen dut”
EHUn Kazetaritza ikasketak alde batera utzi dituen arren gogotsu ari da lanean Jon Gomez Garai gazte galdakoztarra. Oso mutil kaletarra da Jon, jendaurrean aritzea asko gustatzen zaiona eta komunikatuz transmititzea zainetan daramana. EiTB ezaugarri horietaz jabetu zen eta bere lanaren fruitu, otsailetik ETB-1eko IBIL2D programako aurkezlea da.
Andrea Calvo Garcia GaldakaoAste Santuko arratsalde batean elkarrekin geratu ginen. Jonek jator eta adeitsu hartu ninduen Galdakaon eta bere musika bai dantza taldeko txokora eraman ninduen, bertan elkarrizketa egiteko leku erosoago baten bila. Hasieran apur bat lotsati ibili zen, bere hitzetan elkarrizketatua izateko ohitura asko ez duelako, baina ardura guztiak berehala kendu zitzaizkion eta gustura aritu ginen solasean.
Nola ikusten duzu zeure burua?
Nire burua saltsero moduan deskribatuko nuke. Komunikazio alorrean, irratian, prentsan eta telebistan aritzeaz gain, plazarik plaza eta herriz herri ibiltzen den gaztea. Batetik bestera ibiliz, asko ikasten saiatzen naiz, denetan baitago zer ikasi. Hori ez al da ba, saltsero izatea?
Bereziki komunikazio munduan aritzen zara eta, jadanik, esperientzia hartu duzu. Nola hasi zinen eta zein izan da zeure orain arteko ibilbidea?
Ibilaldiarekin hasi nintzen, Galdakaon 2009.urtean ospatu zen edizioarekin batera. Siesta itzela egiten nabilela Ibilaldiko aurkezpen ofiziala egiteko deitu zidaten. Orduko denboran nik ez nuen nire burua horretarako kapaz ikusten baina, neure onerako, baiezkoa eman nuen. Aurkezpen ofiziala egin eta gero Ibilaldiko kultur eta musika batzordean laguntzaile aritu nintzen eta bertatik komunikazio arduradun izatea eskaini zidaten. Lagunak egiteaz gain, komunikabideen munduko kontaktu mordoxka eta esperientzia bikaina eskuratu nituen antolakuntzan. Horren ostean Hamaika Telebistan asteroko saio bat aurkezten ibili nintzen eta aldi berean Betizu Ikuskizunak aurkezteko opatu zidaten. Bertan bi urtez ibili ondoren ETBrekin zuzeneko harremana izan nuen Hondarribin egindako Euskal Herriko V. Pintxo Txapelketa aurkeztu nuenean. 2010-2011ko Gabonetan Olentzeroren Etorrera eta Erregeen Kabalgata aurkeztu nituen zuzenean Izaro Iraeta eta Klaudio Landarekin.
Gaur egun, ETB-1eko IBIL2D saioko aurkezlea naiz.
Aitortu beharra daukat pozik ari naizela lanean. Telebista mundua askok uste dutena baino gogorragoa bada ere, ETBk nigan jarri duen konfiantza ikaragarri eskertzen dut eta horrek (izaten ari garen emaitza onekin) lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkit.
Zertan oinarritzen da IBIL2D?
IBIL2D saioa, hitzak dioen legez, Euskal Herriko ibilbideak proposatzen dituen saioa da. Larunbatero 21:30ean emititzen da ETB-1en eta saio bakoitzean erraz egiteko ibilbide desberdin bat proposatzen dugu. 10-12 kilometroko tarte horretan lau edo bost interes puntu erakusten ditugu eta, noski, puntu konkretu horiek ezin hobeto azalduko dizkiguten inguruko herritar edo pertsonaiak ezagutuko ditut. Azken hauen bitartez delako, hain zuzen, inguru bat gertutik ezagutzeko biderik onena.
Zein asmorekin sortu da IBIL2D saioa?
Euskal Herria hobeto ezagutzeko asmoarekin. Gehiago esango nuke, gainontzeko herrialdeak baztertu edo gaitzetsi gabe noski, eta neurri berean jarriz, baina: askotan harrotasunez esaten dugu atzerrira goazela oporretan eta sarri indarrak galtzen ditugu atzerria ezagutzen geure Herria ezagutu barik. Oinarri horretatik sortu zen IBIL2D.
Eta nola tratatzen zaituzte ETBn?
Ondo. Oso ondo. Egia esan oso gustura nabil. Gainera aurkezle gazteena naiz eta agian, askoren ustetan, ETBn sartu berri den ume kuttuna. Miramonera edo Bilboko egoitzara joan eta berotasun handia ematen didate, kritikak jasotzeaz gain (beharrezkoak dira), asko animatzen diogu elkarri eta horrek ilusioa pizten dizu. Oso harreman polita dago aurkezle eta gainontzeko langileen artean. Nola kexatuko naiz ba?
Orduz kanpo, erromerizale
Lana neketsua dela aitortu du ere, berak ez zuen imajinatuko astero ordu erdi bateko iraupena besterik ez duen saio batek hainbeste lan emango zuenik. Denbora asko behar dute grabazio guztiak egiteko; horri, aurretiko eta atzetik dagoen produkzio lan guztia gehitu behar zaio, noski. 15 langile inguru ari dira programa egiten: gidoilari, produktore, makillatzaile, editore, errealizadore, grafista, teknikari eta abarren artean.
Gainera, oporraldiagatik galdetzerakoan lasaitasuna hartzeko izugarrizko gogoa duela adierazi zuen, nahiz eta udaberria eta uda diren berarentzat lanaldi. Dantza taldearekin eta erromeria taldearekin aritzen da orduan.
Lehen Oxabi erromeria taldea aipatu duzu…
Trikitixa, dultzaina, alboka, xirulak, tronpeta, saxofoia, baxua eta bateriarekin denetariko musika egiten dugu. Geure burua erromeria taldetzat dugun heinean (edo erromerizaletzat), musika dantzagarria egiten dugu, beti ere euskaraz eta giro euskalduna sustatu gurean, nagusiki. Horixe izaten dugu geure helburu nagusia, giro jatorra eta jai-giroa sortzea. Horretan saiatzen gara behintzat! =) Eta horixe izaten dut neure aisialdiko jardun nagusia, ikuskizunaren mundutik irten gabe, baina beste saltsa batzuetan sartzea…
2011-05-02
#Bildu
Twitter-en pil-pilean dagoen gaia da Bilduren ilegalizatzea (ez da gutxiagorako), eta neuk esanguratsuenak iruditu zaizkidan tweet-ak bildu ditut Facebook plataformako ohar honetan. Milaka gehiago daude.
2011-04-26
Agur eta ohore
Euskal kulturak lagun handi bat galdu dau. Mundu mailan eta, batez ere, Euskal Herri osoan geure tradizio eta kulturaren alde lanean ibilitako taldekidea izan dugu Jon bost urtetxo ebazanetik. Orain, 56 urte ebazala joan egin jaku. Baina ez betiko, Herriak eta Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak bere lan, aholku, gomendio eta ikerketa guztiak ondo gordetzen dauzalako, bere bizitzaren ondare.
Beti izango zaitugu gogoan. Eskerrik asko eta hurren arte “Txistu”!
Hileta-elizkizuna bihar izango da, hilak 27, arrastiko 19:00etan Galdakaoko Santa Maria parrokian.
2011-04-25
Aberri Eguna, Arraioa...
Gernika, Baigorri, Bilbo eta Donostian ospatu zen atzo 2011ko Aberri Eguna. Abertzaleon eguna. Eta hauxe duzue Berriak bere webgunean argitaratu duen argazki bilduma.
Argazki bilduma honek atzoko aldarrikatzeko ospakizunen lau tokiak biltzen ditu. Eta horretara joan nahi dut oraingoan: argazki bilduma honek ez lituzke lau herri horiek bildu beharko, herri BAKARREAN egin beharko litzatekeelako, nire ustetan, urteroko abertzaleon hitzordua. EAJ-k Bilbo, Hamaikabat-ek Donostia eta Independentista Sareak Gernika eta Baigorrira joateko deialdiak egin zituzten baina, ez duzue uste alderdikeriak eta hauteskundeak alde batera utzita Euskal Herri osoko abertzale guztiak, egun bakar baterako bada ere (tristea da horrela aitortzea), bildu beharko ginatekeenik?
Pena ematen dit boterea lortzeko grinak, euskaldunok hain komunean dugun gai honetan ere, banatzeko ahalmena izatea. Sentitzen dut baina horretan alderdi guztiek dute erruaren parte. Herritarrok ere badugu erruaren parte, eta hein handi batean gainera. Aipatutzat jo dezagun geure burua eta, esaldi idilikoak diruditen arren, ahalegintxo bat egin dezagun euskaldun guztiak elkartzeko.
Aitzitik, hauxe litzatekeelako etsaiari eman diezaiokegun gozokirik goxoena: euskaldunak elkarri mokoka aritzea.
Bada, are gehiago, espainiarrak alde batetik eta frantsesak bestetik kapazak dira euren artean adostasun batera iristen geure kontra egiteko eta geu, "lau katu" izanda, ez gara geurearen alde elkartzeko kapazak izango ala?! Arraioa…
2011-04-20
Kritika Berrian
Horrek lanean jarraitzeko indarrak ematen ditu… MILA ESKER!
Honaxe aipatutako kritika:
'IBIL2D'
Jokin Labaien
Hamaika Telebistako gonbidatu bati entzun nion nola Korrikak erakutsi digun, berriz ere, Euskal Herria ez dela berdea soilik. Baduela gorritik, horixkatik zein basamortutik. Badakigula, bai. Ahaztu egiten zaigu, ordea, maizegi. Telebistan, Euskal Herria lau haizetara eder hark gogorarazi zigun, garai batean. Egun, Ibil2d saioak hartu du lekukoa gure herri askotarikoa eta koloretsua ezagut dezagun.
Zazpi saio izan dira orain arte. Urduñatik Ebroren sorlekura, Arantzazu inguruetara, Baztango txokoetara, Arabako Errioxara, Lapurdiko kostara, Debatik Zumaiara eta Santurtzitik Bilbora joan da Jon Gomez.
Gure txokoak erakustea helburu duen saio horrek ez du antz handirik Euskal Herria lau haizetara zenarekin. Begien bistakoa da xumeagoa dela, baliabide gutxiagorekin egina. Noski, ohiz kanpokoa hura baitzen. Helikopteroz filmatutako irudiek handitasuna ematen zieten emanaldiei, mira ezin hobea. Ziur asko, errepikaezina ere bada. Oraingoak, baina, badu bere indargunea. Gertukoa da, eta horrek oso erakargarri egiten du haren sinpletasuna. Ibilbide bat aurkeztu, eta inguruetako herritarrekin gauzatzen dute; haiek ematen dituzte xehetasunak. Erakargarria egiten zait lanerako modu hori. Izan zen, aspaldi ez dela, hainbat pertsona ezagunek beren txoko maiteak erakusten zituzten saioa ere. Formatu horretan, lehentasuna aurpegi ezagunari ematen zaio, hala nahi gabe ere. Helburua hainbat leku berezi erakustea bada, egokiagoa da herritarrak hartzea bidelagun. Haiek ezagutzen dituzte inork baino hobeto. Ez dute turismo bulegoetan banatzen dituzten eskuorrietako zurruntasun eta zuzentasunik; beraz, sinesgarritasun handiagoa dute.
Saioaren beste indarguneetako bat aniztasuna da. Bisitatzen ditugun lekuen muina ez dago eskuorri horietan ageri diren lekuetan bakarrik. Lekuez gain, pertsonak, kultura, ohiturak, kirolak, historia, hizkuntza eta gehiago ezagutzea komeni da. Lekuan lekukoa. Bestela, gure inguruaren ezagutza edertasun bisualera mugatzen dugu. Eta horrek, izatekotan, bidaiatzeko aitzakia izan behar luke. Eta horiek ere, herritarrek emanak dira ETB1eko saioan.
Guk ere hala bidaiatzen dugulako. Oinez, hitzez eta begiek lagunduta, gozatzeko eta ezagutzeko. Bestela, argazkiak ikustea nahikoa litzatzeke.
Idatzia jatorrizko helbidean irakurtzeko, egin klik hemen!
2011-04-13
17. Korrika Galdakaon!
Motorrak berotzen joateko, egunean zehar hainbat ekintza antolatu dute Galdakaoko geure Korrikako lagunek, besteak beste, goizeko Korrika Txikia eta arratsaldeko buruhandiak, txistorrada, txokolatada, kale musikariak...
Gauean aldiz, bi urterik behin euskaldun eta euskaltzaleok gogotsu eta irrikaz jasotzen dugun Korrika pasako da Galdakaotik gaueko 21:30 aldera.
Denon gozamenerako, Aperribaitik sartu, herriari buelta izugarria eman eta Juan Bautista Uriartetik behera Zugutzun amaituko da galdakoztarroi dagokigun aurtengo ibilbidea, Basaurin jarraitzeko.
Hortxe amaituko da Galdakaoko euskalakariok geure herrian Korrikaz gozatzeko izango dugun tartea. Baina ilusioa eta poza ez da hor amaituko, ezta gutxiagorako ere!
Gaueko txandan KORRIKAren aldeko kontzertuak eskainiko dira eta, nola ez, herriko talde bi izango gara hurreratzen direnen gorputzak (are gehiago) alaitzen.
LOREBELTZ eta OXABI erromeria taldeen eskutik jai giroa izango da Galdakaon nagusi, gaueko 22:30etik aurrera, Kurtzeako Plazan.
Hori gutxi balitz, bertan Korrikaren aldeko TXOSNA ere jarriko dute AEK-ko kideek.
Ez da plan txarra ezta?
Gora Galdakao euskalduna!
Gora Euskal Herri euskalduna!

