Martxelo Otamendiri AEBetan sartzea DEBEKATU diote "soslai (perfil) berezia" duela argudiatuta. Nora helduko gara euskararen Herriak, euskalgintzak eta, orobat, Euskal Herriaren aldeko edozein mugimenduk hainbeste eraso jasanda? Injustizia honen oihartzuna Ipar Ameriketako hedabideetara ere iritsi da eta horren berri eman dute Idahoko KTVB telebista katean.
Baina, nork agindu du mugimendu hau? Zergatik? Zertarako? Beste behin, Euskal Herria (Herrialde legez) albiste da gure zoritxarrerako. Oraingoan, "munduko demokraziarik handienak" eta "estatu guztien eredu" denak agerian utzi du bidegabekeria.
Tristezia, negar egiteko nahia, etsipena, ezintasuna... Lagunok, bai, aitortu beharrean nago. Hitz guzti horiek dira momentu honetan eta gaur, Espainiako selekzioak 2010eko Munduko Kopa irabazi duen honetan, sentitzen ditudan zirrara guztiak. Horiek, eta gehiago, baina denak txarrak. Nork esango zidan niri 22 jokalari aberats, larruzko baloi ziztrin baten atzetik ikusteak hainbeste penatuko ninduenik... Baina bai, ukitu egin nau, eta asko.
Hasiera batean, gogoan dut berdin zitzaidala ondoko herrialdeetako selekzioek zer egiten zuten, baina denbora aurrera joan ahala iritziz aldatu nuen eta, jarrera axolagabe batetik, kontrako jarrera izatera igaro nintzen. Beti ere geure selekzioaren aldeko ideiak sustatuz, aldarrikatuz, oihukatuz,… ikus eta entzun gaitzaten: NAZIO BAT, SELEKZIO BAT!
Nola egon naiteke, bada, selekzio espainiarraren alde? Selekzio horrek berdegunean ordezkatzen duen herrialde faxista, torturatzaile, manipulatzaile eta antieuskaldun (besteak beste) baten alde, nola demontre egon naiteke ba? Neuri behintzat, ezinezkoa egiten zait.
Aldiz, azken iruzkin honen harira, sarri entzun izan dut ez dagoela futbola politikarekin nahastu beharrik… baina zoritxarrez, lagunok, jadanik nahastua ematen digute hedabide, politikari eta gizarte desberdinek.
Eta bai, neurri batean Espainia hunkitua eta geldiarazita egotea ulertu dezaket (hala egongo nintzateke ni neure selekzioak berdina lortuko balu), baina Euskal Herriko txoko guztietatik klaxon-hotsak, turutak eta “¡Campeones!” antzeko oihuak entzuteak edo euren etxean legez maite dituzten ikurrak herri zapaldu bateko gehiengoari muturretik nola aurpegiratzen dizkiguten ikusteak tristatu egiten nau. Makurrarazia sentitzen naiz guztiz, eta baliteke askok trufa egitea neure etsipen hau irakurrita… askok lortuko zuten beraien helburua.
Gainera, amesgaiztoaren hasiera besterik ez da hau… eta euskal abertzaletasunik nahi ez duten “demokrazia” honetan, nazionalismo espainiarra gailendu eta inposatzen da une oro. Kalean, irratian, telebistan,… eta txarrena, euskalduna dela esan baina Espainiako selekzioak irabaztea nahi duen ondoko horren bihotzean. Nekez ulertu dezaket hori.
Asteotan ez da beste gairik egongo. ESPAÑA, ESPAÑA eta ESPAÑA. Baina geuk aurrera jarraitu behar dugu, normaltasunez. Norberaren lanak hor jarraitzen du eta, ogiak prezio berean jarraituko du (edo garestiago akaso), BEZak %18an jarraituko du… baina herrialde bat geldiarazteko ahalmen handiagoa dute praka motzetan jolasten duten hamaika aberatsek, kinka larrian dauden 4 milioi langabek baino. Tamalgarria benetan.
Ohar txiki bat gogorarazi nahiko nizueke, esanez, egunean milaka lagun gosez hiltzen diren herrialde honek albiste izateari utziko diola aurki. Gauetik egunera. Eta, hemendik aurrera, zer?
Amaitzen joateko, esan beharra daukat azken idatzia dela non “La Roja” neure hausnarketen protagonista dena baita neure selekzioari ofizialtasuna aitortzen zaionean, beste selekzio bat legez ikusiko dudala espainiar eta frantsesena ere. Bien bitartean, ez!
Eta nago, "pensamiento único" deritzona hedatze aldera, beste arma kutsakor (eta benetan eraginkor) bat delakoan futbola. Aldiz... nola azaldu hori kutsatua dagoen gizarte bati?
Presio psikologikoari aurre egingo diogu. Baina oraingoan, Espainiak gola sartu digu berriro.
Azken aldian ez dago berririk. Azken aldian mundua geldiarazita dago milaka pertsona, egunero, Afrikan hiltzen diren bitartean. Azken aldian berri bakarra dago hedabideetan: Hegoafrikako Munduko Kopa.
Gainera, inguruko gizarte “plural” honetan solas bakarra erantsi da: ‘La Roja’. Ez dago beste gairik geure ahotan, aldekoak (batez ere) eta kontrakoak, baina Espainiako Futbol Selekzioa beti hizpide.
Eta, neure galdera hurrengoa da: zer egin dezake futbolaz, mundial batek xahutzen duen diru guztiaz, estereotipo horietaz aldendu nahi duen batek eta, zergatik ez, Espainiako selekzioaz ezer jakin nahi ez duen batek? Telebista itzali? Irratia gainezka datorren errekara bota? Ala norberaren logelan giltzapean isolatu ‘mundiala’ amaitu artean, alegia?
Hori gutxi balitz, auzoko herrialdeko selekzioa norgehiagokako faboritoa da eta gaurko taldearen estreinaldi sonatuan (nork ez du jakin?),… GALDU EGIN DU espainiar zaleen gehiengoaren harridurarako, 0-1 Suitzaren aurka.
Zintzotasunez aitortuko dizkizuet, halaber, kontu bi:
Batetik, neu, bai Espainiako baita Frantziako selekzioen kontra nagoela. Herrialde hauen armarrien atzean gordetzen den iragan eta oraina krudelak ezin duelako, niretzat, baloi inozo baten atzetik doan hamaikako batek ezkutatu. Ez horixe.
Ostera, talde onak direla onartzen dut. Argi daukat. [ Talde bezain estatu onak izango balira… ]
Bestetik, kontraesana dirudien arren, puntu inbidiagarri bat ere badute niretzat espainiar selekzioak eta dagozkion jarraitzaileek, gainontzekoek legez. Eurek, beraien Herriaren izenean mundu zabalean, nazioarteko lehiaketetan har dezakete parte. Mundu mailan onartuak izango dira eta herritar guztiek izango dute bat egingo duten zerbait komunean, bederen; beraien selekzioak irabazteko grina.
Neuk berriz, biharko egunean Eurokopa, Munduko Kopa,… edo antzeko batean jolastu nahi izanez gero, inposatu didaten Espainiarekin izan beharko du. Izatekotan. Euskalduna izateagatik selekzio ofizialik ez izatera nago kondenatua eta, mundu zabalean ordezkaririk ez izatera. Hori futbolean, eta bizitzako alor guztietan.
Horregatik, eta Munduan milaka pertsona egunero hiltzen direla ahaztu barik, euskaldunok geure selekzioen alde lanean jarraitu behar dugu, etsi gabe!
Iritsi da ume euskaldunen egun handiena. Hementxe dago Betizu Jaia 2010!!! Urtero bezala, aurten ere gure festa handia ospatuko dugu eta azkeneko urteetan egin dugun bezala, Bilboko Casilda Iturrizar parkean izango da. Hitzordua igandean, ekainaren 13an, izango da eta betiko legez, ondo pasatzeko egitarau zabala eta anitza prestatu dugu.
Pailazoak, txotxongiloak, magoak, ipuin-kontalariak, puzgarriak, gynkhana, abenturazaleentzako rokodromoa, tirolina... Milaka ekintza prestatu ditugu zuek ondo pasatzeko asmoarekin!
Hori gutxi balitz, telebistako behirik ospetsuenak: Betizu, Betissuise eta Eme-u ere Casilda Iturrizar parkean egongo dira eta eurekin argazki dotore bat atera, dantzatu eta kantatu nahi baduzu, besteak beste, goizeko 11:00etatik aurrera "Doña Casildan" itxaroten zaituztegu.
Aurten gainera, Betizuk bere lagun handi bat gonbidatu du jaira, Doraemon!!! Aurten, Doraemonek 40 urte betetzen ditu, eta zuokin guztiokin ospatuko du aipatutako parkean.
Eta nola ez, Betizuk urteko ikuskizunaren estreinaldi magikoa egingo du: BETIZU DISKOFESTA. Betizu, Betissuise eta Eme-u kantuan eta dantzan arituko dira jo eta ke, gerria mugitu eta mugitu, primeran pasaz! Igande honetako jai erraldoira gonbidatuta zaude zeure seme-alabekin etortzera. Opariak eta irribarreak denontzat izango ditugu present, eta zeuek, beharrezkoak zarete Betizu Jaia 2010 ikuskizun entretenigarri eta alai honetan. Zuen seme-alabak dira protagonista!
Gogoratu lagun, EKAINAREN 13AN, igandea, BETIZU JAIA Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Galduko duzu?
Atzokoaren inguruko hausnarketa txikitxo bat. Espero dut esaldi hauek inor ez mintzea
Atzo, 2010eko ekainaren 5ean, Galdakon euskal janzkeraz ikusi nituen denak euskaldunak eta euskaltzaleak izan edo bilakatu baziren; Orobat, txapel, gerriko, gona eta burukoekin harro-harro ikusi nituen denak euskaraz aritu baziren (egun batez bada ere!), orduan esan dezaket “Euskal” Jaiak bere xede BAKARRA bete zuela.
Bai, helburu bakarra, ez tabernari batek 3000€ko kutxa egin izana… negozio ederra denori bihotza ukitzen gaituen gai baten kontura!
(eta ixilduko naiz... luzaroan jarraituko nukeelako... baina ez, ez da ez unea ezta lekua ere, parkatuko nauzue)
Hori bai, onartu beharra dago bestalde, jendetza bildu zela geure herrian eta giro festazalea bermatua egon zela. Gaitz erdi!
“Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz, hortara goaz…”, zenbat aldiz entzun eta abestu izan ditugu horrelako kanta herrikoiak non hitzek aldarrikapen kutsua duten, askotan seguru asko. Zenbatean esan ohi dugu “euskarak egiten gaitu euskaldun”…, beste anitz bider apika, baina gutariko zenbatek egiten ditu hitz horiek denak errealitate?Hots, zenbatek eramaten ditu hitz xehe hauek eguneroko praktikara? Zenbatek erabiltzen dute euskara gure nortasunaren adierazle?
Gaztelaniaz badago atsotitz zahar bat zeinek hurrengo hau esaten duen: “hitzak haizeak daramatza”, eta bertara jo nahi dut oraingoan, aipatutako esaldiok oinarritzat harturik, euskaldun izatearen sen eta harrotasun horretara.
Hizkuntzak ez dira ezer dagozkien hiztunik gabe. Hiztunak nortasunik gabe geratuko lirateke euren iragan kulturaletik, naziotasunetik baita familia tradiziotik at geldituz gero. Zoritxarrez, asko dira beren nortasun aberatsa galdu duten hizkuntzak, onartu nahi izan ez dituzten botere tamalgarriaren eraginez zapalduta. Arrisku berean daude munduan zehar egun hitz egiten diren hainbat hizkuntza minoritario edo txiki ere. Horietako bat, geurea dugun euskara.
Gauzak horrela eta egoera honen jakitun garelarik, ezer gutxi egiten ari garelakoan nago gure sustraiek bizirik dirau ditzaten. Horregatik eta horretarako, nire ikuspuntu apaletik funtsezkoak diren irizpide eta jokabide urri batzuk eman beharko banitu, honako hauek aipatuko nituzke:
Lehenik eta behin, eta Euskal Herrian erdaldun asko dagoela kontuan izanda, gure etorkizun euskalduna bermatzea ezinbestekoa da. Horri bide emateko, euskaldunok euskaraz aritu behar gara, euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi behar gara, alegia.
Bestetik, hizkuntzalari askoren hitzetan “hizkuntza, nolabait esateko, ADNa da, herri baten kode genetikoa. Kultura baten mamia, egitura bera…” eta horixe bera galdu ez dadin, ditugun arma bakarrez baliatu behar dugu ADN horren galera ekiditeko helburuarekin.
Beraz, “gure ordezkari” politikoek ez dutenez euskararen sustapena lehentasun edota apeta gisa, herritarrok bete beharko dugu lan hori, gure lana ere den hori, noski. Eta hor dago gakoa, ez dugu lan hori egiten. Herri honen politikariek beste arlo batzuetatik jotzen dute harreman arrotzak sendotuz, euskararen erabilera bultzatuz baina beti espainolez edo frantsesez adieraziz… Hori ez da bidea.
Ondorioz, azpijokoak alde batera utzita, agintariek izan behar dute aitzindari eta herritarren eredu bederen. Hala ez izatekotan, eta beraien sinesgarritasuna argi eta garbi gaitzestuz, zertarako daude hemen? Patrikak diruz betetzeko soilik?
Amaitzeko, ez litzaidake Euskal Herriaren gizarte eta politika egoera ez dela makala esatea azpimarratu gabe amaitu nahi. Orain, norberaren hausnarketa garaia da eta bakoitzak jakingo du zer egin, baina nik behintzat Euskal Herria euskaldun ikusi nahi dut.
---·--- Berriaren web atarian irakur daitekeen berria irakurtzeko, klikatu hemen. Blog honetako Hamaikako orrialdera joateko berriz, egin klik hemen, eta telebista-kateko web gune ofiziala bisitatzeko, hemen.
Elkarrizketa: Oskar Arantzabal (ekonomialaria) Edu Lartzanguren
"Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira, Euskal Herria bezala" Joseba Egibarren hitzen oihartzuna itzali ez den honetan, krisiak estatu txikiei irekitzen dizkien aukerez mintzatu zen Donostian Oskar Arantzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1967) ekonomialaria. Arantzabal aditu eibartarrak Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta hamabi urtez aritu da esportazioan lanean. "Las oportunidades soberanistas de los pequeños estados en tiempos de crisis" hitzaldia eman zuen orain gutxi Tomasene Kultur Etxean (Altza, Donostia).
Estatu baten tamaina ideala bost milioi biztanle ingurukoa dela esan duzu lehen ere. Zergatik?
Massachusettseko Teknologia Institutuak 2003. urtean argitaratu zuen The size of nations [Nazioen tamaina] liburuan, ekonomia aldetik estatu baten tamaina ideala zein litzatekeen aztertu zuten Alberto Alesinak eta Enrique Espolaorek. Ikusten da Danimarka, Norvegia eta horiek bost milioi inguru dauzkatela. AEBetako estatuek kopuru hori daukate gutxi gorabehera, baita Alemaniako Land bakoitzak ere. Giza garapenaren indizean puntan daudenak 5-6 milioi biztanle ingurukoak dira. Kenichi Omae japoniarrak dio estatu idealak merkatu aldetik gutxienez milioi bat biztanle kontsumitzaile izan beharko lituzkeela, eta gehienez, hamar. Marka bat garatzeko, bost milioi oso kopuru egokia dela gaineratzen du. Ez da kasualitatea azken urteotan Eskoziak eta Kataluniak, kopuru horretan dabiltzanak biak, independentzia eskaera zabaltzen hasi izana. Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira.
Orain arte kontrakoa esan digute, hau da, zenbat eta handiagoa orduan eta hobeto ekonomia aldetik. Zer aldatu da?
Globalizazioa. II. Mundu Gerra amaitu zenean, 70 estatu zeuden munduan, eta gaur 200 daude. Hirukoiztu egin da kopurua, eta hori izango da joera. The Economist aldizkariak ere iragarria du datozen 20 urteetan estatu gehiago sortuko direla. Estatu txikiak irekiagoak dira esportazio eta inportaziorako, eta askoz gehiago irabazten dute mugak zabaltzean. Handiek eredu autarkikoak dituzte normalean, garai batean inperio izan zirelako, Espainia eta Erresuma Batua kasu. Garai batean, eskalako ekonomiak oso garrantzitsuak ziren, zerga biltzeko eta erosle potentzial gehiago izateko. Hizkuntza eta kultura aniztasuna traba zen orduan. Baina mugak lausotzen direnean, eredu horrek ez du zentzurik izango.
Zergatik sortu du, orduan, halako ika-mika Joseba Egibarrek joan den astean eginiko adierazpenak? Standard & Poor's agentziak Espainiari baino puntuazio hobea ematen diote Hego Euskal Herriari, zergak biltzeko ahalmena dugulako eta horrek maniobratzeko tarte txiki bat ematen digulako. Eskozian eta Katalunian ez dute halakorik, eta eskatzen ari dira. Gure ekonomiaren egitura ere desberdina da: hemen industriak pisu handia du; Espainian, turismoak eta eraikuntzak. Gure ekonomia askoz errealagoa da. Egibarrek esan zuenak zentzua du: Espainian Kataluniako cavari boikot egin ziotenean, %6 jaitsi ziren salmentak, eta esportazio gehiago egiten hasi ziren. Deustuko Unibertsitatean ere ikerketak egin dituzte, eta azkeneko urteotan gure produkzioaren ehuneko gero eta handiago bat joaten da Espainiatik kanpo. Horrek aukera handiagoa ematen digu geure buruaren jabe izateko.
Abertzaletasun esportatzailearen falta sumatzen duzu?
Psikologiak eragin handia du esportazioan. Japoniak eta Alemaniak gerra galdu zutenean, esportatzea herrigintza gisa ikusi zuten, aberriari izen ona emateko bidea, eta horretan sartu ziren buru-belarri. Hemen, berriz, kolonia gara oraindik ekonomikoki, eta horrek pisu handia du psikologikoki. Halakorik ez da gertatzen Eskozian. Egibarrek esandakoa entzunda, Confebaskekoak dardarka hasten dira, Kataluniako Enpresaburuen Zirkulua gauza bera jendeari powerpointekin esplikatzen dabilen bitartean.
Espainia zer da gaur guretzat?
Espainiako merkatua saturatuta dago, eta, gainera, kobratzeko arazoak daude. Brasil, Txina, India eta Errusia gehiago esplotatu beharko genituzke. Arazoa da gure enpresak txiki samarrak direla esportatzeko. Klusterrak bultzatu beharko genituzke, horretarako. Espainia kostua bihurtu da guretzat. Neurriak hartu behar dira berandu baino lehen.
Galdakaoko blogean argitaratu duten berriak sorpresaz harrapatu nau. Sorpresa atsegina, zalantza barik. Agian, egindako lana ezagutzera ematea esker oneko imintzio bat da. Esfortzuak zerbait balio duelakoaren seinale, akaso.
Ondorengo blogean, nahiz eta idatzien gehiengoa espainolez argitaratzen duten, herritarrek bidalitako berriak bildu eta sare sozialen bitartez zaleei helarazten dizkiete berri nagusiak, herritarrak inguruko kontuen harira egon daitezen. Gainera, arrakastadun orrialdea dela esatera ere ausartuko nintzateke, parte-hartzailea eta jarraitzaile asko dituena.
Erduzie Galdakaoko euskara elkarteak antolatutako tailerra maiatzaren 15, 22 eta 29an burutuko da, zapatuz, goizeko 10'00etatik 13'30era.
Prezioa
TELPek 100€/pertsonako prezioa du baina Erduzie elkarteak antolatzen duenez, zilegi ikusten du galdakoztar euskaldun eta euskaltzaleei musutruk eskaintzea, hau da, debalde eman gura du tailer hau. Hori bai, asistentzia eskatzen da, 20 lagunentzako lekua baino ez dagoelako. Esandakoa beraz, Galdakaon, 100€ko tailerra DOAN !!!
Animatu eta handitu zeure euskara eremua, baita zeure jarrera ere. Ez izan lehen hitza euskaraz emateko lotsarik. Euskaraz bizitzeko eskubidea daukagulako. Zatoz Torrezabal Kultur Etxean egingo den TELP tailerrera!!! Ez zara damutuko, ez duzu ezer galtzeko eta, bai aldiz, asko irabazteko! Zeuk eta zeure herriak asko eskertuko du!